Guggenheim Bilbao Museoak 2024ko programazino artistikoa aurkeztu dau
2024-01-12 13:01 KultureaZezeilaren 9an hasiko da, Giovanni Anselmo-ri eskainitako atzerabegirako bategaz.
Gaur barikua, urtarrilak 12, Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusia Juan Ignacio Vidartek eta Museoko arte-arduradunek (Lucía Agirre, Marta Blàvia, Manuel Cirauqui eta Lekha Hileman Waitoller) Museoak 2024. urterako prestau dituan hamar erakusketen kakoak adierazo ditue.
Programazino artistikoa, zezeilaren 9an hasiko da, joan dan abenduan hildako Giovanni Anselmo sortzaile italiarrari eskainitako atzerabegirako bategaz, eta zezeilaren 16an jarraituko dau Guggenheim Bildumako Pop arteari buruzko erakusketa bikainaz (babeslea: BBK). Zezeilaren 22tik aurrera, barriz, Film & Video aretoak Herbehereetako Metahaven kolektiboaren Kaosaren teoria ikus-entzunezko poema hartuko dau, eta, martian, Museoak June Cresporen eskulturak aurkeztuko ditu.
Bagilaren 7tik aurrera Martha Jungwirth artista austriarrari eskainitako erakuskete egongo da ikusgai, eta 20tik aurrera, baita Anthony McCallen obra filmikoa be. Udako eskaintza Yoshitomo Nara japoniarraren lanari buruzko atzerabegirako interesgarri bategaz amaituko da bagilaren 28tik aurrera (babeslea: BBVA Fundazinoa).
Udagoienean, urriaren 18an hain zuzen be, Hilma af Klint artista suediarraren arte berezia batzen dauen erakusketea aurkeztuko da (babeslea: Iberdrola), eta zemendian Paul Pfeifferren txandea izango da artistak ikuskizunari, pertenentziari eta identidadeari buruzko nozinoen inguruan egiten dauen lan zorrotza aztergai hartuko dauen erakustaldiagaz.
Urte guztian zehar, ganera, publikoak Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak ikusteko aukera izango dau (babeslea: BBK). Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduman oinarritutako erakusketa horrek batzen dauen lan-sorta Bigarren Mundu Gerraz geroztik artearen historian izandako une garrantzitsuenen erakusgarri da.
Ikusi programazino osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!