XXIII. Korrikaren ibilbidea ezagutzera emon dabe
2024-01-11 12:31 Euskerea berbagaiIrunen hasi eta Baionan amaituko da aurtengo Korrika.
Aurtengo edizinoan, euskerearen aldeko ekimen erraldoiak Irundik urrtengo dau martiaren 14an eta, hamaika egunez Euskal Herri osoa igaro ostean, Baionan amaituko da, martiaren 24an. Ibilbidearen xehetasunak Korrika aplikazinoan adierazo dira, eta bertan zein webgunean konsultau daiteke nondik pasauko dan 2.700 kilometroko lasterketea. Kilometroak erreserbetako aukerea, barriz, zezeilaren 1ean zabalduko da.
Betiko lez, aurreko Korrika amaitu zan herrialde berean hasiko da: Irunen, hain zuzen be. Beraz, gipuzkoan emongo deutso hasierea, arratsaldeko 16:00retan. Lehenengo egunean, Gipuzkoa eta Lapurdi artean ibiliko dira, eta azken lurralde horretan arratsaldeko 17:00ak aldean sartuz, Hendaiatik. Hola, Lapurdin emongo dau lehenengo eguna, gau eta egun, Nafarroa Beherean sartu arte, Donostitik. Gau berean, Zuberoara joango dira eta, bertako uriburua zeharkatu ondoren, barriro bueltauko da Nafarroa Behera.
Martiaren 15ean, barikuan, Nafarroara egingo dau salto Korrikak Azkarate herritik, eta bertan emongo dau astegoien osoa. Bortzirietatik hasita, Pirinioak izango ditu helburu eta handik hegoaldera egingo dau, Iruñera arratsaldeko 17:15etan heltzeko. Horren ostean, Erriberako norabidea hartuko dau; gero, iparralderantz egin eta, Lodosa zein Lizarra atzean itxita, Arabako lurretan sartuko da Mendialdetik.
Martiaren 18an, beraz, Araba aldez alde zeharkauko dau, eta Gasteizera arratsaldeko 19:30ean ailegatuko da. Holan, gaueko 22:00etan, Arabako uriburuko alde zaharraren txandea izango da Korrikari harrera egin eta jarraipena emoteko. Ondoren, Lautadara joan dira, goizeko 2:00etan bere herriburura, Agurainera, helduz. Martiaren 19ko egunsentiagaz batera itxiko dau Korrikak Araba, Nafarroako Sakanan sartzeko, Ziorditik; Altsasu, Bakaiku, Etxarri Aranatz eta Irurtzun herrietatik pasauta. Horreen ostean, Gipuzkoan sartuko dira.
Leitzatik eta Goizuetatik pasauta, Hernanira sartuko dira korrikalariak 20:20 aldera. Hortaz, aurreikuspenek kale egin ezean, martiaren 20ko eguaztena izango da lasterketea Gipuzkoako kostaldean. Gaueko 00:00ak aldera helduko dira itsasertzera, Oriora hain zuzen be. Ondoren, Zarautz eta Zumaiara jarraitzeko asmoz.
Tipi-tapa! atsedenik hartu gabe, Debagoiena izango da hurrengo helmugea, handik Debabarrenera jarraitzeko: Bergara, Elgeta, Eibar, Elgoibar... Goiz osoa Gipuzkoan emon eta gero, Mutrikuk esango deutso agur egun eta lurralde horreetan, 14:11n.
Bizkaiko kostaldetik pasau ostean, Ondarroa, Lekeitio, Elantxobe... Gernikan 23:04an agertuko dira. Horren ostean, barriro be itsasalderuntz egingo dabe, eguenean (Martiak 21), Bermeora helduz, gitxi gora behera gaueko 01:31an. Egun berean, Bilbora helduko dira arratsaleko 17:00etan. Ondoren, Ezkerraldea zeharkatuko dabe.
Hurrengo eguna be, martiak 22, Bizkaian emongo dau Korrikak, nahiz eta une batez Araban sartuko dan, Artziniega eta Aiaraldea bisitetako. Otxandio izango da Bizkaiko azken herria, dagoeneko, martiak 23, zapatuan, 00:12an. Asteburua helduta, iparralderantz joko dau beste behin, Goierritik igarota, azkenik, Donostiara heltzeko 19:22an.
Korrikaren azken orduak Gipuzkoatik Lapurdirako bidean izango dira, Nafarroara sartu-urtena eginez: Oiartzun, Lesaka, Bera, Sara, Senpere, Biarritz, Angelu... Domekan, Baionarat helduko dira, eguerdian, 12:30ak aldera. Bertan, mezua irakurriko dabe, eta amaierako jai handia 13:30etik aurrera izango da.
Korrika aplikazinoa
Aurtengo nobedadeen artean, Korrika app-a da aitagarriena; aurreko edizinotik hona, guztiz itxuraldatuta dator, izan be, atal barri asko ditu, besteak beste, Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazinoaren barruan eroateko aukerea eskaintzen dau, eskuko telefonoan bertan. Horrezaz gan, astero Korrika Laguntzaileen artean egiten diran zozketak (eta, jakina, irabazleak) erakutsiko dira.
Aplikazinoak, ekimena zuzenean jarraitzeko aukerea be emongo dau: Furgonetearen geolokalizazinoaren bidez, korrikalariek jakingo dabe Korrika aurrerapenez ala atzerapenez datorren.
Amaitzeko, aplikazinoak aukerea emoten dau ekitaldiaren inguruko jakinarazpen eta jakingarri garrantzitsuenen barri jasoteko: IOS eta Android bersinoetarakio dago eskuragarri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!