Rocandio tailerra, Untzueta Jauregixa eta Sagartegieta jauregia 3Dn kartografiau dira

Bizkaie! 2024-01-11 11:24   Kulturea

Eibarko Udala eta EgoIbarra alkarregaz dabiz lanean herriko ondasun higiezinak jagon eta zabaldu guran.

Sagartegieta jauregiaren armarria. Argazkia: Cuadrante. | Ikusi handiago | Argazki originala

Badira zenbait urte Eibarko Udaleko EgoIbarra —Eibarko ondare materialaren eta ez-materialaren konserbazinoa eta zabalkundea jagoten ahalegintzen dan Batzordea—, informazio geografikoko sistema bati lotutako datu-base bat garatzen dabilela, udalerrian balio historiko-artistikoa daben eraikinen inguruko ahozko informazinoa, idatzizkoa eta grafikoa batu eta hori guztia herritarren eskura jarteko hemen

Kasu askotan ez dagoanez ondare-balioagaitik katalogautako edo katalogau daitekezan eraikinen kartografia orokor eguneraturik, eraikinak eskaneetan dabiz, helburu bi honeek betetearren: Alde batetik, Eibarko eraikin interesgarrien kartografia eguneratua izatea, gerora zaharbarritze edo birgaitze-proiektuak garatu ahal izateko; eta, bestetik, eraikinek gaur egun daben egoerea erregistrau eta dokumentetea, herritar guztiek modu birtualean ikusi deiezan. Udalak herriaren ondare historikoa ezagutarazo eta balioa emoteko dauen asmoaren barruan sartzen dira lan horreek.

2023an egin dira 3Dko kartografia birtualeko lanak, hain zuzen be, Eibarrek dauen erlijino-eraikin nagusia, San Andres eleizea jaso baita. Lan hori laster argitaratuko da, modu birtualean bisitetako. Apurka-apurka osotu nahi da udalerrian balio historiko-artistikoa daben beste eraikin batzuen kartografia birtuala, ondare higiezina zabaldu eta konserbetako asmoz. Konserbazino-egoereagaitik edota uri-garapenerako eta uri-berroneratzeko urigintza-proiektuakaitik desagertu daitekezan ondasunetan. Eraikin horreek lehenetsi dira hiru dimensinoko erregistroak egiteko orduan.

Abenduan, kartografia digitala egiten esperientzia egiaztatua dauen Cuadrante enpreseak hiru eraikin honeek eskaneau zituan: Sagartegieta jauregia, estilo barrokoko eraikin zibila, XVIII. mendean eregia. Eraikin horren egungo egoera aurri-mehatxukoa da eta (1980-11-29ko EAO) A mailako babes bereziko erregimenagaz kalifikauta dago; Txontako Industrias Rocandio SL, XX. mendearen lehen erdiko industria-eraikina, gaur egun konserbazino-egoera txarrean egon eta erabilerarik ez badau be, herriaren industria-jarduera eta historia bikain islatzen dituan tailerra izateaz gan, inguru haretako urigintza-esparru osoa berroneratzeko asmoz botateko asmoa dagoalako. Eta, azkenik, Untzueta jauregia, estilo barrokoko eta jauregi-jatorriko eraikina, XVII. mendekoa, gaur egun irakaskuntza-erabilerakoa, La Salle ikastetxearen egoitzea baita. Ondasun kalifikatua (1964-02-29ko BOE), A mailako babes bereziko erregimenagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu