Iker Alvarez: 'Gure koloreak eta txistua erabilteko modu barriak jorratzen segidutea da asmoa'

Koldo Isusi Zuazo 2024-01-15 07:55   Barriketan

Harribitxi duo musikalean Iker Álvarez González eta Aitor Urquiza Cirauqui musikariak dabiz, eskaintza eta ikusmira artistikoa sorkuntza barriko musika tradizionala (konposizino propioen bitartez) eta errepertorio tradizionalaren obra handien interpretazinoa buztartuz, pieza musikalak dueto formatuan modu berezi eta dinamikoan moldatuz.

Proiektuaren ardatz nagusia txistua da, bere familiako eta beste tradizio eta kulturetako musika tresnen laguntzaz.

Izakera multi instrumentaleko proiektu honetan txistuaren soinua tanbolin, bonbete, ttun-ttun edo salterio, pandero, shruti box indiarra, glockenspiel, gitarra, mandolina eta ezohikoak diran beste hainbat musika tresna erabilten ditue.

Deiadar. Harribitxiren lehenengo estudioko diskoa (LP), 2022ko abuztuan Tio Pete estudioan grabau eben eta 2022ko zemendiaren 25ean argitaratu.

Harribitxiko Iker Alvarez Gonzalez (Bilbo, 1988) Magisteritza musikalean diplomatua da Euskal Herriko unibertsidadean, Goi Mailako musikari tituduluna (txistu) eta Ikasketa Amaierako Sariduna Nafarroako Goi Mailako Musika Konserbatorioan. Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakaskuntzarako irakasleen prestakuntza Masterduna (VIU).

Bigarren Hezkuntzako musikako irakaskuntza eta hainbat musika eskolatan txistu irakasle lanak egiten ditu (Bilbao Musika, Gernikako Segundo Olaeta Musika Eskola, Aguraingo Zortziko Musika eskola eta Berrizko Udal txistu ikastaroak) buztartzen ditu txistulari eta musikari profesionalaren jardunagaz.

Txistulari eta gitarrista be ibilten da Garilak 26 taldean eta musika tradizionala, rock eta pop estiloak jorratzen dituen proiektu musikal askotan parte hartzen dau jotzaile zein konpositore lanetan.

Aitor Urquiza Cirauqui (Burlata, 1987), barriz, Goi Mailako musikari tituduluna eta Ikasketa Amaierako Sariduna da Nafarroako Goi Mailako Musika Konserbatorioan txistuko eta konposizioko espezialidadeetan. Horrezaz gan, Interpretazino eta Ikerketa Musikaleko Masterduna (VIU) be bada.

Gaur egun txistu irakasle lanetan dabil Iruñako Pablo Sarasate Konserbatorio Profesionalean. Iruñako Txistularien Alardeko eta ‘1521’ ikuskizunaren zuzendaria (Euskal Herriko Txistulari Elkartea Nafarroak sortu eta produzidutako disziplina anitzeko ikuskizuna) izateaz gain, Suakai taldea, Hego haizeak txistulari taldea, Garaikideak ensemble, Oberena dantza taldea, Amaiur dantza taldea, Basakaitz dantza taldea, Karrikadanza eta Iruñako Erraldoi eta Buruhandien konparsako kidea da.

Horrezaz gan, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kolaboratzailea izan da txistulari bakarlari lez Urtzi Iraizoz konpositorearen Euri obrearen estreinaldian. Aiko Taldea eta Danserie ensemble-aren kolaboratzailea ere da.

1.- 2020. urtean, biok batu, beharrari ekin eta pare bat urte aurrerago etorri da Deiadar. Zelako prozesua bizi izan dozue?

Hasieran Aitor eta biok errepertorio tradizionaleko hainbat obrei bueltaxu bat emoteko gogoz batu ginan eta moldaketa eta proba batzuk egin ondoren, nahikoa gustora geratu ginan. Gure estiloari eutsiz beti gustau izan jaku geurea nabarmentzea baina musika tradizionalaren erroa eta berezitasunak ahaztu barik. 

2.- Zelan ezagutu zinien Aitor eta zu, bata Burlatakoa, bestea bilbotarra?

Nafarroako Goi Mailako Konserbatorioan ezagutu ginan. Ni hor nengoan ikasten eta Aitor ikasketak amaitzen egoan, konposizino karrerea be egin eban eta biok txistulariak garela gogoan izanda, giro horretan ezagutu eta esperientziak eta amesak konpartiduten hasi ginan. 

3.- Txistua dozue ardatz eta onak zarie musika tresna horregaz baina zuzenean orkestrea be izaten dozue lagun... Zein da zuon eredua?

Hor zehar txistua, jantzea eta pianoa buztartzen dituenak badagozan arren, gure asmoa da txistua ardatz hartuta, instrumentalak sortzea, musika tradizionala, errepertorio tradizionalaren obra handien interpretazinoa geureagaz buztartuz, pieza musikalak dueto formatuan modu berezi eta dinamikoan moldatu eta eskaintzea, txistuaren falta edo bakotasunak zein balioak aztertu eta txistuaren eta beste musika tresna batzuen arteko gaitsunak buztartzen hasi ginan, shruti box indiarragaz, akordeoi diatonikoaren eta trikiaren aurreko tresnea edo eta berehala jaubetu ginan oso egokia zala tanbolina erabili beharrean shruti boxa erabiltea, nota grabeak eta holakoak eskaintzeko entzuleei. Bateria, musugitarrea eta panderetak be sano egokiak dira txistuagaz batera erabilteko; eta ez doguz ahaztuko, besteak beste, bonbetea, ttun-ttuna, salterio, musugitarrea, panderoa, shruti box indiarra, glockenspiel, gitarrea, hassoinua, bonbetea edo salterio lako tresnak. 

4.- Eta gizon-orkestra legez be agertzen zarie oholtzan...

Bai. Jenteak ondo hartzen ditu holako ikuskizunak, erakargarria da musikariak tramankulu askogaz oholtzan ikustea eta persona batek hiruzpalau musika tresna erabiltea aldi berean; gure proposamen artistikoaren parte berezia da eta barregarria izan daitekeen arren, musika tresna eta soinuen arteko buztarketea ona da eta publikoak eskertzen dau beti.

5.- 2022an estudioko lehenengo diskoa kaleratu zenduenetik (Deiadar) urtebete joan da. Larrabetzuko Domekak Hori Bai Gaztetxean, Getxoko Neguko Bidaian zikloan zein Durango Hiri Txistu Kontzertuan be jo izan dozue. Hemendik aurrera non eskainiko dozuez kontzertuak?

Datak zehazten gabiz baina badakigu jakin, Lemoan izango garela eta Beasainen. Baina kontua da gurea lako musikearen zabalkunderako eta kordinazinorako ez dagoala management eta holakorik eta, beraz, geu gabiz bide hori edegiten.

6.- Txistulari eta gitarrista be ibilten zara Garilak 26 taldean eta musika tradizionala, jantza plaza, rock eta pop estiloak jorratzen dituen proiektu musikal askotan parte hartzen dozu jotzaile zein konpositore lanetan...

Arlo horreetan sartu eta barrutik eragitea ezinbestekoa da. Musikea da gure pasinoa eta arnasbidea da arlo bat baino gehiagotan ibiltea, musturra sartu eta aurrera egitea. Garilak 26 taldean ibiltea be ederra izan da eta gogoratu aurtengo birea, taldearen azkena izango dala. 2024an kontzertu batzuk egingo ditue baina 11 urteko ibilbidearen ostean, agurra dator: Hamaika urteren ostean, gelditzeko unea heldu da, arnasa hartzeko eta barrura begiratzeko unea. Garilak 26 eratzen dogun familia guztiak, aurtengo kontzertu bakotxa azkena izango balitz bezela bizi eta espero dogu zuek be holan bizi, gozau eta sentidutea.

7.- Zure curriculum musikala amaiera jakinik bakoa da, Magisteritza musikalean diplomatua EHU-n, Goi Mailako musikari tituduluna (txistu) eta Ikasketa Amaierako Sariduna Nafarroako Goi Mailako Musika Konserbatorioan. Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakaskuntzarako irakasleen prestakuntza Masterduna zaitugu...

Bai. Eta gauza gehiago be nabarmendu geinkez, ikuskizunak eta bestelakoak; musikearen munduan gauza asko dagoz ikasi eta jorratzeko eta bide horretan ez dago amaierarik.   

8.- Musikaren Koloreak, Txistu y Órgano, más que una tradición, 1521(Euskal Herriko Txistulari Elkartea Nafarroak sortu eta produzidutako disziplina anitzeko ikuskizuna), Pau eta Donibane Lohitzuneko txistu eta organo kontzertuak, Gaur: Txistuaren etorkizuna irudikatzen (sortzaile, zuzendari eta txistulari lanetan) eta Hiru ikuskizunetan be parte hartze zuzena izan dozu. Pare bat nabarmentzearren, Musikaren Koloreak eta Hiru. Zein da zure faboritoa?

Gurasoei seme-alaben artean zein daben gogokoen galdetzea lakoa da hori [Barreka]. Ikuskizun danatatik ikasi dot eta bat nabarmentzea gatx egiten jat. Bizkaitarra nazen arren, Nafarroan nabil ikasten eta hango giroan oso pozik nabil, han sortutako proiektuetan eta. Besoak zabalik hartu nabe eta aukera horreek ezin dira alperrik galdu.

Ganerakoan, Hiru obrearen harian, nire parte-hartzea ez zan izan handiegia. 

9.- Aitor Urkiza be ez da edozein: Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kolaboratzailea izan da txistulari bakarlari bezala Urtzi Iraizoz konpositorearen Euri obraren estreinaldian...

Bai, Nafarroan oso ezaguna eta estimadua da, indar handiko txistulari bikaina.

Goi Mailako musikari tituduluna eta Ikasketa Amaierako Sariduna da Nafarroako Goi Mailako Musika Konserbatorioan txistuko eta konposizioko espezialidadeetan. Horrezaz gan, Interpretazino eta Ikerketa Musikaleko Masterduna be bada. Eta txistulari bakarlari legez Urtzi Iraizoz konpositorearen Euri obrearen estreinaldian be parte hartu eban.

10.-  Deiadar diskoa plazan dago 2022ko zemendian plazaratutakoa. Zeintzuk dira helburuak?

Deiadar diskoa ezagutzera emotea, gure zirkuitoa edegiten jarraitzea eta gure koloreak eta txistua erabilteko modu barriak jorratzen segidutea. 

Horrezaz gan, idea batzuk badoguz buruan bueltaka eta aurrerago jakingo dogu gauzatzen dira ala ez. Kontua da ze musikea baino zeozer gehiago eskaintzea gustetan jakula eta Deiadar (Deiadar Mendiak) disko honetako kantu bakotxak bere istorioa dakar. 

11.- Kantu bakotxa ilustrazino bereziagaz dakarzue. Nor da ilustratzailea?

Inge Borg da ilustratzailea, gure obrak bikain ezagutzen dituana, musikaria be bada eta lan bikaina egin dau. Nafarroako konserbatorioan ezagutu genduan eta kapaz izan da modu grafikoan adierazotekok kantu bakotxaren esentzia. Gurea musika instrumentala danez, berbearen laguntzinorik ez daukagu eta irudia oso garrantsitsua da lanak horniduteko.

12.- Harribitxia izenburua be deigarria da. Nondi nora okurridu jatzue?

Zehatz eta mimoz pentsautakoa da. Gure nortasuna dago izenburuan: Harria, musika tradizionalaren pisua eta indarra adierazoteko; bi berbea be agiri da, bi garelako taldean; eta bitxia, gurea lana bitxia dalako... [Barreka].

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu