Lutxo Egia Farolin eta Jasone Akizu Zaranbolas izango dira
2024-01-11 07:59 KultureaBilboko Aratusteetako personaia txireneak iragarri ditu Bilboko Jai Batzorde Mistoak.
Lutxo Egia idazlea eta Jasone Akizu izango dira, hurranez hurran, aurtengo Farolin eta Zaranbolas. Bilbok konparsen eskutik Aratusteak berreskuratu zituala 45 urte beteko dira aurten eta 40 urte personaia botxero horreek sortu zirala.
Farolin bilbotarra da, Bilbon bertan jaioa izan ez arren, bere jardun profesional edo publikoagaitik harrotzen dana eta gainera beti haizez beterik dabilena mundu guztiari esaten bera Botxokoa dala. Semper Plus Ultra (Beti harago) izan leiteke Farolinen goiburu nagusia.
Lutxo Egia del Rio, Farolín, Santanderren 1969an sortutako bilbotarra dogu, soziologoa ikasketaz, idazlea eta performerra ofizioz. Zazpikaleetako BIRA espazioko kultura koordinazinoan dabil baina nobelak, ipuinak eta antzezlanak idatzi eta argitaratu izan ditu. Gaur egun, antzezlan bi ditu martxan: Identitarteak (Galder Perez eta Ane Zabala antzezten dabena) eta Hamalau (Mikel Martinezen eskutik). Mozorrozalea izanik, inoiz ispilu aurrean jarri eta Oxtul Aige alter ego trabestitua bueltau deutso kristalak, egiazko identidadea zein zan ez genekiala.
Zaranbolas Bilboko persona bat da, ezerk ozpindu edo bizitza aldarazoko ez deutsona. Ondo bizitea gustetan jakona, Carpe Diem / Gozau ahal dozun bitartean da bere bizimodua ondoen adierazoten dauen goiburua.
Jasone Akizu Perez, Zaranbolas, Ondarroan jaio zan 1967an. Txistularia dogu bera eta txistu irakasle moduan dabil BilbaoMusika Eskolan. Azken urteotan Euskal Herriko txistularien Alkarteko lantaldeko kide izan da, lehenik Bizkaiko ordezkari eta gaur egun alkarteko idazkaria dogu. Umore onean egoten eta une bakotxaz gozetan saiatzen dan personea.
Farolinen eta Zarambolasen epaiketea 1984an sortu zan jai-ekimen baten ekitaldi nagusia da. Ekimen horren helburua da Bilboko Aratusteetan inauteri tradizional eta landatarren elementu adierazgarrienetako bat ezartzea, urtero gaiztoak kondenau egiten baitziran. Gure urian, gaiari kutsu txirenea emotea erabagi zan, ona-gaiztoa ekuazinoa ebitau eta tonu umoretsuan sari baten alde eginez, bilbotarren nortasun arketipikoaren dualtasunaz burletako.
Tradizinoagaz jarraituz, aurten epaiketea barikuan egingo da, zezeilaren 9an, arratsaldeko 19:30ean, Plaza Barriko karpan. Epaiketearen ostean, 20:30etik aurrera Plaza Barrian, pertsonaia bien eskarnio publikoa egingo da, aratusteetako koplatxoen doinuakaz batera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!