Ibilbide eta Sare Historikoen Ondarearen inguruko topaketak egingo ditue

Bizkaie! 2024-01-10 08:28   Kulturea

2024ko Ondarearen Europako Jardunaldien barruan.

Bizkaiko Foru Aldundiak topaketa ugari atondu ditu, Ondareari buruzko Europako Jardunaldiegaz alkarlanean. Daborduko, hitzaldi-ziklo bat egingo dabe urte hasieran.

Urtarrilean eta zezeilean izango dira berbaldiok eta bertaratzeko gonbita egiten deutse alkarte, kultura eta gizarte-taldeei eta Bizkaiko kultura-ondarean interesa daben persona guztiei. Ondareari buruzko jardunaldien edizino honetan, urterlo lez urrian egingo dana, Europako Konseiluak proponidutako gaiari helduko deutse: Ibilbide eta bideen eta sare zein loturen ondarea.

Programautako topaketetan, aukerea emongo dabe toki historikoak lotzen dituen bide, ibilbide eta bidezidorretan zehar ibilteko. Ondare-adierazpide ugari egingo dira, bai eta erlijino-eraikinak, eraikin zibilak eta industrialak, posta-etxeak, torreak, gotorlekuak eta geure inguruko bestelako elementu asko; horreek guztiak tokien eta komunikazino-bideen arteko komunikazino eta alkarrizketa-prozesuaren testigantzea emongo dabe.

Lehenengo hitzaldia gaur, urtarrilaren 10ean, izango da Bilboko Ondare Aretoan (streaming bidez be eskainiko da, Bizkaia Youtube kanalaren bitartez).

Atonketa-erakundeen sareagazko topaketeak prestatze-lanei hasierea emongo deutse; lanok urrian amaituko dira, kultura-programea hastean. Edizino bakotxean ehun jarduera baino gehiago izaten dira, herritar guztiei zuzenduak.

Hitzaldi zikloa

Lehen topaketea urtarrilaren 10ean izango da. 9:30ean hasiko da jardunaldia; bertan, 2023ko balantzearen barri emongo da, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuko buru dan Alberto Santanak edizino barriaren gaia aurkeztuko dau: Ibilbide eta Sare Historikoen Ondarea. Topaketea Ondare Aretoan izango da (María Díaz de Haro, 11, Bilbo).

2024ko urtarrileko eta zezeileko eguaztenetan, barriz, historialarien gidaritzapeko hitzaldien ziklo bat egingo da; persona horreek, nork bere ezagutza eta ikerketa-eremuetatik, ikuspegi ezbardinak aurkeztuko ditue esparru-gaiari buruz.

Urtarrilaren 24ko arratsaldeko 18:30ean, Aingeru Zabala Uriarte historialariaren txandea izango da eta Los puertos, espacios intermodales entre las comunicaciones terrestres y marítimas gaiari buruz egingo dau berba.

Urtarrilaren 31n, ordu berean, Amaia Basterretxea historialariak La memoria de los caminos aurkeztuko dau.

Zezeilaren 7an, Diego Gárate Kantabriako historiaurreko nazinoarteko ikerketen Institutuko arkeologo ikertzaileak Imágenes en movimiento: el Arte Rupestre como red de comunicación de las sociedades paleolíticas en la cornisa cantábrica izenburuko hitzaldia emongo dau. Horren ostean, zezeilaren 14an, Felícitas Lorenzo historialariak La ruta de W. Humboldt tras la identidad y el acervo vascos: cultura, lengua y leyes gaiari buruzko hitzaldia eskainiko dau.

Paisaje cultural y arquitectura marítima de Bizkaia. Interpretación de las rutas costeras a la luz de la navegación liburuaren barri, Xabier Armendariz historialarialariak emongo dau, eta, azkenik, Amaia Apraiz artearen historialariak itxiko dau Los caminos en la configuración del paisaje hitzaldiagaz.

Hitzaldi guztiak Ondare Aretoan egingo dira (María Díaz de Haro, 11, Bilbo). Jardunaldi guztiak 18:30ean izango dira baina lehenengoa 12:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu