Zabalik da 2024ko Urruzuno Literatura Lehiaketan lanak aurkezteko epea
2024-01-08 07:48 KultureaZezeilaren 29ra arte egongo da zabalik epea, prosan nahiz poesian, euskaraz idatziriko lanak aurkezteko.
Hezkuntza Sailak gaur edegi dau 2023-2024 ikasturteko Urruzuno Literatura Lehiaketara lanak aurkezteko epea. Prosan zein poesian, zezeilaren 29ra arte aurkeztu ahal izango
dira lanak. Orain ia lau hamarkada martxan jarri ebenlehiaketa hau, euskal ikasleen artean literaturarako zaletasuna sustatzeko asmoz eta gazteek euskera beren gogoeta, bizipen eta sentimenduak adierazoteko tresna legez lantzeko helburuari eusteko.
Ordutik, Urruzuno literatura lehiaketa erreferentziazko sariketea da euskal kultura arloan eta bertan irabazle izandako hainbat neska-mutil dagoeneko ez hain gazteren obrak ezagunak dira egungo euskal literaturan, bertsolaritzan, kazetaritzan nahiz kultura-sormenagaz loturiko beste zenbait esparrutan.
Parte hartu nahi daben ikasleek kontuan izan beharreko oinarriak honako honeek dira:
- Literatura lanak aurkezteko epea zabalik, 2024ko urtarrilaren 8tik otsailaren 29ra arte.
- Bi kategoria bereizten dira, ikasleen ikasmailearen arabera:
o B kategoria, DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleentzat.
o A kategoria, Batxilergoko 1. eta 2. mailetakoentzat eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan dabizenentzart
- Literatura lanek originalak izan behar dabe eta lehiaketa honetan izena emoteko epea zarratu arte bestelako literatura saririk irabazi bakoak. Lanak euskeraz sortuak izango dira, bakarkakoak, poesiaz zein prosaz idatziak. Gaia librea izango da.
Lehiaketearen oinarriak eta parte hartzeko orria argitaratuta dagoz Hezkuntza Sailaren webgunean, hemen.
20 lan saritu
Epaimahaiak 20 lan onenak aukeratu eta sarituko ditu aurkeztutako guztien artetik: 10 lan kategoria bakotxeko (bost prosa-lan eta 5 poesia-lan). Hezkuntza Sailak liburu bat argitaratuko du saritutako lan danakaz Sagastiberri sailean. Liburu hori Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztietara bialduko da.
Idazlanik onenak aukeratzeko, ondoko erispideak izango ditu kontuan epaimahaiak:
✓ Irudimena eta sormena.
✓ Testuaren ezaugarri literarioak.
✓ Testuaren arintasuna eta koherentzia/kohesinoa.
✓ Hizkuntzaren erabilera zuzena eta aberastasuna.
Epaimahaia bost euskal idazlek eta Hezkuntza Saileko teknikari batek osotuko dabe.
Literatura egonaldia
Lan sarituen egileek, bost eguneko literatura-egonaldian parte hartzeko aukerea izango dabe, 2024ko udan. Egonaldi horretan, literatura tailerrak eta idazketeagaz nahiz literatura-sormenagaz zerikusia daben lanketak egiteaz gan, hainbat euskal artista eta idazle gertu-gertutik ezagutuko ditue, baita Euskal Herriko zenbait leku be. Gazteek euskal idazle bat laguntzaile izango dabe egonaldi horretan.
Horrezaz gan, ikastetxeentzat be bada saririk. Ikastetxeen eta irakasleen ahalegina autortu eta eskertu nahian, lan kopururik handiena aurkeztu daben 5 ikastetxeak be saritu egingo dira. Hezkuntza Sailaren Idazleak Ikastetxeetan programako bina saio egiteko aukerea izango dabe saritutako ikastetxeek.
Ia lau hamarkadako ibilbidea
Hezkuntza Sailak lehen aldiz 1986an atondu eban Urruzuno literatura lehiaketea 39. ediziora heldu da aurten. Hasiera-hasieratik, ikasleen artean euskeraz idazteko zaletasuna indartzea izan dau helburu ekimenak. Prosan nahiz poesian, belaunaldi gazteenek euskeraz sortutako literatura lanak zabaldu ditu lehiaketeak urtez urte. Baina helburu hau ez da asmo hutsean gelditu, eta azken hamarkadetako jardunak soberan frogatu dau lehiaketeak bere helburu ondo bete dauela. Irabazle horreetako asko euskal kultur munduan ezagunak dira gaur egun, bai literaturan, kazetaritzan, bertsolaritzan edo gidoigintzan, beste zenbait arloren artean. Dagoeneko 600dik gora dira ekimen honek saritu dituan urruzunotarrak eta zerrenda horretan izenak ugarituz doaz, urtez urte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!