EDA Drinks & Wine Campusa diseinetako lehiaketea jarri dabe martxan
2024-01-04 10:01 KultureaBasque Culinary Center-ek egoitza bi egingo ditu Gasteizen eta Guardian.
EDA Drinks & Wine Campusa egiteko diseinu arkitektonikoko lehiaketea aurkeztu dau Basque Culinary Center-ek, Gasteizko eta Guardiako eraikinak egiteko soluzinoak emoten dituan proposamen onenak hautatzeko, beti be jasangarritasunaren, funtzionaltasunaren, teknologiaren, ingurumenaren eta estetikearen ikuspegietatik.
Nazinoarteko arkitektura-lehiaketea jarri dabe martxan eta helburua da proposamen arkitektoniko bakar bat hautatzea, egoitza biak ikuspegi eta kontzeptu berean barrubatuko dituana, proiektuaren ikuspuntuagaz bat etorriko dana eta lurraldean erreferente izango diran espazioak ekarriko dituana.
Arkitektura-proiektuek talentua, ekintzailetzea, ikerketea eta barrikuntzea erakarriko dituen espazio edegi eta bereziak sortu beharko ditue. Jasangarritasuna izango da eraikinek bete beharreko balio eta erispide nagusietako bat. Ganera, uri eta landa-paisaian modu organikoan eta, batez be, zuzeneko ingurunean parte hartuz integrau beharko dabe.
EDA Drinks & Wine Campusen egoitzak, ikerketa aurreraturako toki izateaz gan, barrikuntzearen eta jasangarritasunaren ikono be izango dira. Guardiako egoitzea Ardaoaren Etxetik gertu dagoan gune batean kokatuko da, 4.000 m2-ko lursail batean. Eraikin barriak 2.500 m2 izango ditu. EDAren Gasteizko egoitzeak, barriz, 8.610 m2 izango ditu, eta Lakua auzoan egongo da, autobus-geltokiaren ondoan (Eusko Jarlaritza parean).
Mundu guztiko arkitektura-estudioek eta diseinu-ekipoek hartu leikie parte lehiaketean. Bikaintasun akademikoa, barrikuntzea eta jasangarritasunaren aurreko konpromisoa bateratuko dituan abangoardiako espazio bat sortzen laguntzeko aukerea izango da.
Faseak
Lehiaketea, urtarrilaren 3an edegi da, Euskadiko kontratatzailearen profilean eta Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratzeagaz batera. Prozesuaren amaierarako, EDAren nortasun arkitektonikoari formea emango deutsen 3 estudio finalista hautatuko dira. Lehenengo fasean, merituak ebaluauko dira; arkitektura-estudioek hilebete inguruko epea izango dabe erreferentziak aurkezteko.
Lehiaketako epaimahaia epe hori itxi eta hurrengo egun bietan eratuko da, eta ondoko kide honeek beteko dabe: Basque Culinary Center ordezkaritzapeko presidente bat, EDAren izenean, idazkari nagusi bat, arkitekto independente bi eta erakunde parte-hartzaile bakotxeko ordezkari tekniko bat (Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Guardiako Udala eta Gasteizko Udala).
Hiru estudio finalistek hilebete bi izango ditue proposamenak aurkezteko. Izengoitia erabili beharko dabe, hautaketa-prozesuan inpartzialtasuna bermatzeko eta egilearen trazabilidadea ebitetako. 2024ko martian iragarriko da estudio eta proposamen irabazlea.
Lehiaketari buruzko xehetasun gehigarriak, eskakizunak, baldintza-orriak eta data garrantzitsuak herritarren eskura dagoz Kontratazino Publikoa Euskadin plataforman.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!