Chillidaren 100. urtemugea ospatuko dabe

Bizkaie! 2024-01-03 09:49   Kulturea

Urtarrilaren 10ean izango da, Victoria Eugenia Antzokian.

Eduardo Chillida geure artistarik ezagunen eta internazionaletako bat jaio zanetik lehen mendeurrena beteko da urtarrilaren 10ean. Eduardo Chillida - Pilar Belzunce Fundazinoak preparautako Eduardo Chillida 100 urte jardueren egitarauaren barruan, ekitaldi berezia atonduko da Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Anne Igarteburuk eta Mikel Chillida artistearen biloba eta Chillida Lekuko zuzendariak aurkeztuta, sarrerea, antzokiaren webgunean aurretiaz erreserbauta, doban izango da edukierea bete arte.

Eduardo Chillida 100 urte. Topaleku izenpean, mendeurrena ospatzeko inaugurazino ekitaldia 18:30ean hasiko da. Gitxi gorabehera ordu bi iraungo dau eta mota guztietako ikuskizunak eskainiko dira: Iratxe Ansaren (2020ko Jantza Sari Nazionala) eta Igor Bacovichen Metamorphosis Dance konpainiak diseinautako jantza-ikuskizuna; Musikene - Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiaren interpretazino musikalak; eta Landarbaso Abesbatzaren emonaldia (Iñaki Tolaretxipi zuzendariak aukerautako konposizinoakaz).

Eszenatokian ez dira Eduardo Chillidaren berbak faltako, alkarrizketak eta artistearen irudi sortaz, okasinorako sortutako eszenografian proiektauko diranak. Susana Chillida (Eduardo Chillidaren alabea, Hezkuntzan Doktorea, zinemagile dokumentala eta idazlea), Ricardo Pinilla (filosofia irakaslea Comillasko Pontifize Unibersidadean) eta Ana Maria Rabe (filosofia irakaslea Medellingo Antioquíako Unibersidadean) Chillidaren berbei ahotsa jarri eta berbaldian hartuko dabe parte, eskultorearen bizitzea eta obrea euren gogoeten bidez gogoratzeko.

Eduardo Chillida - Pilar Belzunce Fundazinoa da ekitaldiaren atontzailea eta Kultur Ministerioa, Eusko Jaurlaritzea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Hernaniko Udala eta Donostia Kultura ditu lankide.

Eduardo Chillida 100 urte. Topaleku

Mendeurrenak balioa emon nahi deutso artistearen obra publikoari, urietako (Donostia, Madril, Valladolid, Palma Mallorcakoa, Bartzelona, Berlin, Frankfurt, Helsinki, Dallas edota Washington) espazio publikoa jentearentzako topaleku bihurtu daben 45 eskulturatan islatuta, Chillida leku-sortzaile bat izan zala agirian itxiz.

Eduardo Chillida - Pilar Belzunce Fundazinoa ora hamarkada bi sortu zan, eskultorearen obrearen ezagutzan sakontzeko eta haren obrea ikertu eta ezagutzera emoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu