BBK eta Olaso Dorrea Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan sartu dira

Bizkaie! 2024-01-02 10:17   Kulturea

Museoen Aholku Batzordeak egin dauen urteko azken bileran BBK Fundazinoa eta Olaso Dorrea Fundazinoa Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan sartzea onartu eban. Erregistro horrek museoen inbentario ofiziala ezartzea dau helburu eta bertan erregistratzea ezinbesteko baldintza da Euskadiko museo edo Euskadiko bilduma gisa onarpen formala jasotzeko, baita izen horreek erabili ahal izateko be. Erregistro horretan aurrerantzean BBK Fundazinoa eta Olaso Dorrea Fundazinoa be egongo dira.

BBK Fundazinoaren bildumeak XIX eta XX mendeko artelanak ditu gehienbat: pinturea, eskulturea, marrazkiak eta argazkiak. Guztira, %50 argazkiak dira, %20 lan grafikoak, %17 pintura, %7 marrazkiak eta %4 eskultura. Ganontzeko %2a beste objetu tipologia batzuri jagoke. Halanda ze, artista ezagun askoren lanek betetzen dabe BBK Fundazinoaren bildumea, besteak beste:

  • XIX-XX mendeen artean Ramón eta Valentin de Zubiaurre, Manuel Losada, José María Ucelay, Ángel Larroque, Francisco Iturrino, Alberto Arrue eta Darío de Regoyos-en artelanak dagoz.
  • XX. mendeko euskal artisten artean azpimarratzekoak dira Agustín Ibarrola, Néstor Basterretxea eta Eduardo Chillidaren lanak.
  • XX. mendeko artista espainiar nabarmenen lanak be baditu BBK Fundazinoak, esaterako, Antoni Tapies, Antonio Saura, Bonifacio Alfonso, Manolo Valdés eta Miquel Barceló.
  • Emakume artista garaikideak be badagoz bildumean, hala nola, Mari Puri Herrero, Isabel Baquedano, Erika Barahona, Nahia del Castillo eta Dora Salazar.

BBK Fundazinoaren bildumea da Museoen eta Bildumen Erregistroan sartzen dan lehen bilduma pribatua da.

Bergarako Olaso Dorrea Fundazinoaren bilduma be sartukoko da Euskadiko Museoen eta Bildumen Erregistroan. Olaso dorrea XVI. mendean eraiki eben eta bertan jaio eta bizi izan ziran, besteak beste, Migel Jose Olaso, Telesforo Monzon Zurbano eta Telesforo Monzon Ortiz Urruela. Guztiek pisu nabarmena izan eben Bergara, Gipuzkoa eta Euskal Herriko politikan eta kulturean. Telesforo Monzon eta bere emaztearen etxebizitza izan zan eraikina XX. mendearen amaierean eta beraiek berreskurau eben frankismoak konfiskautako altzari eta artelanak.

Olaso Dorrea Fundazinoa 1982. urtean sortu zan eta gaur egun, guztira, 272 funts ditu inbentariatuta: 102 artelan eta altzari, 107 funts etnografiko eta antropologiko, 15 historiko eta 48 fotografiko, hau da, funts dokumentalak, fotografikoak, literarioak eta artistikoak dira katalogatutakoak. Dorrea bisitatzeko aukerea dau, aurrez eskauta hemen.

Euskadiko Museoen eta Bildumen Erregistroa

Gaur egun 52 museo dagoz Euskadiko Museoen eta Bildumen Erregistroan, tartean, Bilboko Arte Ederren Museoa, Guggenheim Bilbao Museoa, Cristóbal Balenciaga Museoa, Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa, Makina Erramintaren Museoa, Gernikako Bakearen Museoa edota Zarauzko Arte eta Historia Museoa.

Euskadiko Museoen eta Bildumen Erregistroan sartzea ezinbestekoa izango da, 2007ko Museoen Legearen arabera, museoetako instalazinoek eta bildumen erakusketek Euskadiko Museo edo Euskadiko Bilduma onarpena lor deien. Lege horrek, ganera, erakusketetarako instalazinoek onarpen horreek lortzeko zer nolako baldintzak bete beharko dituen finkatu eben. Euskadiko Museoen eta Bildumen Erregistroa, Euskadin zenbat museo instalazino doguzen eta horreetako bakotxaren ezaugarriak zein diran jakiteko tresna be bada. Horrek, Euskal Autonomia Erkidegoko museoen eta bildumen politika orokor bat diseinau eta garatzea be ahalbidetzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu