Zelan preparau biziraupen-botikina abentura baterako?
2024-01-02 09:21 Ibilian-ibilianErantzuna emoteko, Kepa Lizarraga Sainzegaz egin dogu berba.
Kanpora edota atzerrira joakeran, abentura barri bati aurre egitean, beroan, hotzean (edozein baldintzetan), askotan zalantzak izaten doguz. Zer eroan beharko neuke? Pisuak garrantzia dau, beraz, ahalik eta gitxien izan behar da, baina danetarik eroan behar da, bestela, zer egin han edozer jazota be? Danok izaten doguz galdera horreek buruan erronka bati aurre egitean, beraz, horreei erantzuna emoteko, Kepa Lizarraga Sainz alkarrizketatu dogu. Kirol medikuntzan espezializautako medikua eta Bizkaiko Diputazinoko kirol mediku bezela ibili da urte askoan, mota guztietako kirolariakaz batera.
Kepak emon deuskun aholku eta jarribideakaz hasiko gara, ahalik eta ondoen egituratzen informazino guztia:
- Lehenik eta behin, abenturara noiz joango garen pentsau behar dogu, baita urteko zein garaitan eta bakarrik edo taldeagaz izango dan be. Azkenik, taldean izan eskero, jente horrek dituan berezitasunak be kontuan hartu beharko doguz.
- Pentsau beharreko bigarren gauzea: Ez da gauza bera Islandia edo Groenlandia joatea, klima hotzetara, edo Marokoko atlasera edo zonalde tropikal batera joatea.
- Lizarragaren eretxiz, hirugarren pausua, kanpo-osasun ministerioagaz hartu-emonetan jartea da: Urtean zehar, geure helburu dan toki horrek dituan berezitasunen barri izateko. Informazino guztiaren barri emoten dabe, besteak beste, zonalde horretan sukar horia edota dengea dagoan, baina, esaterako, zemenditik aurrera, akaso, ez dago moskitorik. Beraz, orientazino horrek laguntzinoa emoten deusku.
Garaian garaiko aurreikuspenak be dezente aldatzen dira, izan be, ez da gauza bera udan edo neguan, edota eurite edo edurte garaian joatea. Keparen eretxiz, garrantzitsua da botikina txikia eta arina izatea, eta taldeko inork antibiotiko horreei alergiarik ez izatea. Danontzat baliogarria izan daitekeen botikina izatea, hain zuzen be.
Ganera, botikineko gauzen informazinoa izatea garrantzitsua da; zertarako erabilten diran jakitea eta zelan erabilten diran, besteak beste, zauri, pikadura, inflamazino eta zaintiratua lako kasuei tratamendua emoteko.
Bestalde, lehen aitatu dogun bezela, abenturea zein mailatan dan ikusi behar dogu. Hau jakitea, ezinbestekoa da aurreikuspen arrakastatsua izateko. Itsasoaren mailan, mareak sortu leikezan egoerak kontuan hartzea ezinbestekoa da eta altuago, barriz, bestelako gorabehera batzu hartu beharko doguz kontuan.
Kepak espedizino alpinistiko askotan hartu dau parte, esaterako, Himalaian, Karakorumen eta Atlasean egon da. Horren inguruan, aklimatazinoari buruzko aholku ugari eskaini deuskuz: Alde batetik, personak ez gara beti bardinak eta behin ondo aklimatau arren, horrek ez dau ziurtatzen hurrengoan ondo aklimatauko zarenik, eta alderantziz. Horri aurre egiteko, inguruko mendi altuetan gorputza ohitzea aktibidade gomendagarria da. Horrezaz gan, kamera hipoxiko batean lo egitea edo kamera barruan kirola egitea be gomendatzen dau. Aukera onak, geure altuerako oporrak gozetako eta ez sufriduteko.
Azkenik, mundu mailan egindako ikerketek egiaztau dabenez, ondokoa gomendatzen deusku Kepak: Oso astiro ibiltzea eta 2500/3000 metrotik gora ez pasetea gaua aurrekotik baino 500 metro baino gehiagora, beti be, orografiak eskaintzen deuskuzan aukerak kontuan izanda, jakina. Batez be, astiro eta poliki-poliki ibiltea, egiaztauta baitago sasoi makalagoa eta lodiera handiagoa dabenek hobeto aklimatetan zirala, errendimendu altuko atletak baino, motelago ibilten diralako. Beraz, sasoia, edadea eta gauza horrek alde batera itxita, poliki-poliki aurrera egin, gorputzari entzunez, ondo aklimatau eta desidratazinoa ahaztu barik gabe. Segidu amesten eta disfrutetan, baita egun honeetan be!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!