Artium Museoak 2024ko erakusketak aurkeztu ditu
2023-12-28 09:43 KultureaNestor Basterretxea eta Eduardo Chillida artisten jaiotzearen mendeurrena gogoratuko dau erakusketa banagaz.
Artium Museoak edonor denok inor ez. Arte-hezkuntzaren instituzionalizazio-prozesuak Euskal Herrian, 1978-1991 erakusketea aurkeztuko dau 2024ko zezeilaren 2an. Erakusketeak Bilboko Arte Ederren Goi Eskola Fakultade bihurtu eta 1978an Euskal Herriko Unibersidadean (UPV/EHU) sartu zan momentua nabarmentzen dau, baita eredu akademikoek gitxiago baldintzatutako irakaskuntza-modu bat eskatzen eben ikasleen eskaerak be. Erakusketeak beste euskal artista batzuen aldarrikapenak jasoten ditu, inplikazino zuzenagoa eskatuz, hasieran eskolan eta ondoren unibersidade publikoan.
Aitatu erakusketeak Mikel Onandia, Sergio Rubira eta Leire Vergara ditu komisario eta museoan 2022an aurkeztutako Pentsatzeko leku bat. Arte-eskola eta praktika esperimentalak Euskal Herrian (1957-1979) erakusketa proiektuaren jarraipena da.
Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak proiektu barri bi jarriko ditu martxan apirilaren 26an. Alde batetik, Vista parcial aurkeztuko dau, Ibon Aranberriren (Itziar-Deba, Gipuzkoa, 1969) erakusketa bat, 90eko hamarkadatik gaur egunera arteko lanen bildumea. Pieza gehienek etsipenaren aurreko etenbako ardurea nabarmentzen dabe, gizarte-aintzatespena galduz joan diran eta, neurri batean, unean uneko behar sozial, ekonomiko eta politikoek eraldatutako lekuetan (naturguneak edo gizakiak eraikitakoak izan) egindako ekintza politikoen bidez. Beatriz Herráez eta Manuel Borja-Villel dira Vista parcial-en komisarioak. Erakuskeeta Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía (MNCARS)-egaz alkarlanean atondu da. MNCARSekoaren ondoren erakusketeak beste aurkezpen bat izango dau Artium Museoan, euskal artistearen lan esanguratsuen bilduma barri bategaz. Madrilen 2024ko martxora arte dago ikusgai.
Apirilaren 26an bertan, Artium Museoak Patricia Dauderren (Bartzelona, 1973) UNFORM aurkeztuko dau, eskulturak, marrazkiak, instalazinoak eta filmak batzen dituan erakusketea. Artistak denporearen joanari buruz dauen arretea egiaztatzen dau erakusketeak, metaketearen eta ezabaketearen bidez. Askotan topautako objektuak erabiliz, Dauderren lanak etxeko espazioetan itxitako istorio potentzialak ekarten ditu gogora, Bartzelonako uri-garapen sarritan basatiak berehala sakabanatuak. Catalina Lozano izango da UNFORMen komisarioa.
2024an, XX. mendeko euskal artista esanguratsu biren jaiotzearen mendeurrena ospatuko da: Néstor Basterretxea (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) eta Eduardo Chillida (Donostia, 1924 – 2002). Artium Museoan artista bi horreei eskainitako erakusketa bana egingo dira.
Néstor Basterretxea polifazetikoaren kasuan, zinematografiaren arloan itxitako ondarea aztertuko dau museoak maiatzaren 10etik aurrera, familiak artistearen artxiboaren dohaintzea egin ondoren. Esplorazino hori film ezagunetan oinarrituko da, esate baterako Operación H film esperimentalean, baita amaitu barik geratu ziran edo inoiz gauzatu ez ziran proiektuetan be, horreei buruzko dokumentazino zabala geratu baita. Erakusketea maiatzean edegiko da, artistea jaio zen hilebetean. Proiektuaren parte legez, museoaren Dokumentazino Zentroak garatutako 5.000 dokumentu baino gehiagoren katalogazinoa aurkeztuko dau. Proiektuaren zuzendaria Elena Roseras da, Artium Museoko Dokumentazino Zentroko arduraduna.
Eduardo Chillidari eskainitako erakusketeak, Chillida. Erabilera aplikatuak, artistearen dimensino biko formen eta ikonoen ilustratzaile eta sortzaile-alderdia aurkeztuko dau zemendiaren 15ean, bai bere erakusketen esparruan, bai erakunde publiko eta pribatuek egindako enkarguetan be. Erakusketeak Chillidaren silueten uniberso zabala arakatuko dau eta diseinu grafikoagaz, kartelismoagaz, ehungintzeagaz, zeramikeagaz edo bitxigintzeagaz eta produktu eratorriaren nozino objektiboagaz eta identidade korporatiboa deitutakoagaz dituen hartu-emonak azpimarratuz. Peio Aguirre da erakusketearen komisarioa.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!