X. Zurrumurruen kontrako estrategia egin dabe

Bizkaie! 2023-12-27 10:07   Kulturea

Bide horretan, ia 500 laguntzaile batu dira estrategiara.

Bilboko Udalak Zurrumurruen kontrako estrategiaren 10. urteurrena egin eban Zabalguneko atarian, abenduaren 16an (zapatua), 50 lagun baino gehiago alkartu zituan ekitaldian. Eragile askok parte hartu eben, eta, bertan, sakon aztertu ziran estrategiaren ibilbidea eta epe luzerako helburuak. Estrategiak hamar urte daramatza jatorri atzerritarreko bilbotarren kontrako aurreiritziak eta zurrumurruak hausten eta kulturarteko klabe horretan bizikidetza baketsua sustatzen.

Bide horretan, ia 500 laguntzaile batu dira estrategiara, norbanakoak zein alkarteen ordezkariak, eta askotariko ekintzak atondu dira: 50 prestakuntza-ekintza baino gehiago, 200 sensibilizazino-ekintza... Halanda ze, bilbotarrek, Udaleko Immigrazino Konseiluaren alkarteegaz lankidetzan, aktiboki eta borondatez parte hartzen dabe proiektuan, zurrumurruen aurkako eragile bezela.

Estrategiaren hasieratik, Udalak material didaktiko eta informatibo ugari sortu ditu, esaterako, zurrumurruen aurkako argumentarioa, agenteentzako gida bat eta helduentzako quizz motako joko bat. Ekitaldian, Bilboko Udalak duela 10 urte sortutako sarearen ibilbidea ospatu eban. Hain zuzen be, sare horren bidez, giza eskubideen arloko erakunde garrantzitsuen errekonozimentuak jaso ditu Udalak, hala nola, Europako Konseiluarena, Eurocities-ena, Gazteria Institutuarena eta Oberaxe-rena (Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Behatokia).

Kontxi Claver Bardintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazinoko zinegotziak emon eutson hasierea jardunaldiari, eta ondoko hau adierazo eban gizartea eraldatzeko ekintzaz, ilusinoz, aniztasunaz, borondatez, asmoz eta interesez betetako aldi batean gagoz. Bilbo aurreiritzirik, estereotiporik eta zurrumurrurik gabeko uri bihurtu nahi dogu, guztion arteko bizikidetzaren aldeko apustua egiten dauen uri, eta, horretarako, eredu lez hartu nahi dogu kulturarteko eredua.

Ondoren, Maya Amrane (Biltzen), Andrea Ruiz (Begirune) eta Fontso Cantera (Ellacuría Fundazinoa) alkartu ziran berbaldi bat emonez, eta alderdi ugari aztertu ziran, esaterako, zurrumurruen aurkako estrategiaren helburuak, kultura-aniztasuna kudeatzeko ereduak eta herritarren parte-hartzea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu