Europako hizkuntza gitxituetako telebista eta irratien audientziak aztertu ditue

Bizkaie! 2023-12-22 10:34   Kulturea

Iñaki Zabaleta UPV/EHUko katedradunaren zuzendaritzapean dabilen HEKA ikerketa-taldeak egin dau lana.

IƱaki Zabaleta Urkiola eta Tania Arriaga Azkarate. Erretratua: Ibai Biritxinaga | Ikusi handiago | Argazki originala

Iñaki Zabaleta UPV/EHUko katedradunaren zuzendaritzapean diharduen HEKA ikerketa-taldeak (European Minority Language Media and Journalism) Europako zazpi hizkuntza gitxitutan egiten diran telebista eta irratien audientziak aztertu eta konparetako azterlan bat egin dau. Zazpi hizkuntza horreek euskerea, katalana, galizierea, irlanderea, galesa, Eskoziako gaelikoa eta frisierea dira. Audientzien azterketea asmo handiko ikerlan baten lehen atala da. Geroago, beste kontu batzuk aztertuko ditue, besteak beste, egokitasun estrukturalaren indizea audientzia garatzeko, edo sare sozialetan eta Interneten irrati zein telebista horreek lortzen dituen emoitzak.

Azterlan horretan ikusten da korrelazino bat dabela telebistako ikusleriaren shareak eta komunidadean dagozan hizkuntzen arteko ulergarritasun linguistikoak, baita hizkuntza gitxituaren ehunekoak eta hiztun-kopuruak be. Hori jazoten danean, hizkuntza gitxitua darabilten hedabideen inpaktua handiagoa da bestela baino. Era berean, korrelazino hori hizkuntza gitxituaren ehunekoagaz eta hiztun kopuruagaz be ikusi da. Esangura horretan, share eta rating kontzeptuak bereizi behar dira. Sharea neurtzen danean, piztuta dagozan telebistak hartzen dira kontuan. Ratinga neurtzen danean, barriz, telebista edo irrati guztiak kontuan hartzen dira, piztuta edo amatauta egonda be.

Aztertutako zazpi telebisten batez besteko sharea % 6,6 izan da Europa mailan. Katalunia, Galizia eta Frisiako telebistek % 10etik % 15era bitarteko sharea dabe egunero. Euskadi, Irlanda eta Galesekoek % 1etik % 3ra arteko sharea lortzen dabe. Katalunia, Galizia eta Frisiako telebistek ulergarritasun-maila handia dabe hiztun gehieneko hizkuntzeagaz (gaztelania eta nederlandera) baina, Euskadin, Irlandan eta Galesen, hizkuntzen arteko ulergarritasun linguistikoa oso txikia da, edo ez dago holakorik (gaztelaniagaz eta ingelesagaz).

Hiztun gehieneko hizkuntzan egiten dan telebista jeneralisteagaz konparauta, TVE1ek baino share handiagoa dau Katalunian eta Galizian bertako hizkuntzan egiten dan telebista publikoak (Katalunian, % 7,1 handiagoa eta Galizian, % 1,6 handiagoa). Euskal, frisiar, irlandar eta galestar telebistetan, ostera, sharea txikiagoa da hiztun gehieneko hizkuntzan egiten dan telebistarena baino. Dana dala, euskal telebistea hurreratzen da gehien hiztun gehieneko hizkuntzan egiten dan telebistaren kopuruetara (TVE1ena baino % 6,6 txikiagoa besterik ez). Konparazinoa egiten danean, datu hori oso garrantzitsua da, zerbitzu publikoaren izakerea indartu egiten dalako, gainerako telebisten aldea askoz handiagoa baita: Irlandan, % 16,9; Galesen, % 22,5; eta Frisian, % 36,1.

Europan, zazpi telebisten batezbestekoa hartuta, ikusleriaren % 53,3 emakumeak dira, eta % 46,7, gizonak. Alde hori ezin da nabarmentzat hartu.

Ikerlanean, irratien entzuleria be aztertu da. Datua eskuragarri daben lau irratien eguneroko reacha (egunean metatutako entzuleak) % 7,1 da baina multzo bi bereize daitekez: 1) Eguneroko reacha % 6 eta % 10 artekoa da hiru irratitan (Frisiakoan, % 9,6; Kataluniakoan, % 7,9; eta Galiziakoan, % 6,3); eta 2) Eguneroko reacha % 5aren bueltan dabil. Kasu honetan, % 4,6ko reach handi samarra lortzen dau euskerazko Euskadi Irratiak, ulergarritasun linguistikoaren faktore estruktural txikia dauenak, izan be, Galiziako irratitik gertu dago. Segurutik, komunidadean euskal irrati horrek dauen sustraitzeak eta lotureak moteldu egiten dabe ulergarritasun linguistikoaren faktore estrukturala.

Bestalde, sei irratien (Eskoziakoa alde batera itxita, oso minoritarioa baita) asteroko reacha, Europa mailan, % 9,9 da. Kataluniako, Galiziako eta Frisiako irratiek % 11tik % 17ra bitarteko asteroko reacha lortzen dabe. Irlanda eta Galeseko irratien asteroko reacha oso neurritsua da: % 2 eta % 6 artekoa. Euskal irratiak, barriz, % 9,6 inguruko reach nabarmena lortzen dau astero, Galiziako irratiaren ehunekotik gertu eta entzuleria-ehunekorik handieneko irratien multzoan sartzetik gertu.

Zenbait ondorio ETB1 eta Euskadi Irratiari buruz

Kontuan izanik ulergarritasun linguistikoaren faktoreak telebistako ikusleriaren tamainan eragina dauela, ETB1ek share ona lortzen dau, hiztun gehieneko hizkuntzeagazko oso ulergarritasun linguistiko txikia daben hizkuntzetako telebisten artean. Irlandako eta Galeseko telebisten aldean, ETB1en sharearen ehunekoa Irlandako telebistearena baino % 13,6 handiagoa da eta galesezko telebistearena baino % 54,5 handiagoa. Hiztun gehieneko hizkuntzan egiten dan telebisteagaz konparauta, ETB1 da share alderik txikiena dauen telebistea. ETB1en sharea TVE1en sharea baino % 6,6 txikiagoa da, besterik ez.

Etorkizunari begira kritikoa dan 14-34 edade tartean, ETB1en ehunekoa Europako batezbestekoa (% 11,8) baino % 3,5 handiagoa da. Emoitza horrek esan nahi dau aztertutako beste irrati batzuk baino gertuago dagoala gazteakandik edo erakargarriagoa dala gazteentzat.

Euskadi Irratiari jagokonez, asteroko reacha % 9,6 da, gitxi-gorabehera, Katalunia, Galizia eta Frisiako irratien % 11-17tik gertu eta Irlanda zein Galeseko irratiena baino askoz handiagoa. Ulergarritasun linguistikoaren faktoreak eragina dau irratiaren entzuleriaren kopuruan. Euskadi Irratiaren asteroko reacha RNE1ena baino zeozertxu handiagoa da (% 1 handiagoa). Frisiako irratiaren emoitzea antzekoa da. Baina azpimarratu behar da emoitza hori garrantzitsuagoa eta positiboagoa dala Euskadi Irratiaren kasuan, haren ulergarritasun linguistikoaren faktore estrukturala txiki-txikia dalako, Frisian ez bezela. Euskadi Irratiak ez dau emaitza ona lortzen gazteenen tartean (% 14,1, Europako batezbestekoa % 17,3 izanik), edade horretako entzuleek Gaztea sintonizetan dabe-eta, batez be. Antzeko zeozer gertatzen da kataluniar eta galiziar irratiakaz.

Ikerlanaren zuzendari Iñaki Zabaletak honela aztertu ditu emoitzak: Audientziei buruzko azterlan hau aitzindaria da konparazino lanean eta erreferentzia bat finkatu dau Europa mailan. EITBri jagokonez, ETB1en ikusleria mailea ona dala esan daiteke, Irlanda, Gales eta Eskoziako antzeko telebisten aldean. Eta Euskadi Irratiaren entzuleria mailea hobea da. Etorkizunari begira telebistarako kritikoa dan 14-34 edade tartean, ETB1en ehunekoa % 3,5 handiagoa da hizkuntza gitxituetan egiten diran telebisten Europako batezbestekoa (% 11,8) baino. Horrek esan nahi dau aztertu diran gainerako telebistak baino gertuago dagoala gazteakandik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu