‘Aroa' eta ‘Euskerearen Gogoetagunea’

Bizkaie! 2023-12-22 08:59   Euskerea berbagai

Euskerea indarbarritzeko arnas luzeko egitasmoak.


Andres Urrutia, Mireia Zarate eta Bingen Zupiria.

Hizkuntza-politikea barritzen izenburuko jardunaldiaren harian, Sabino Arana Fundazinoak eta Euskaltzaindiak egitasmo esanguratsu bi aurkeztu ditue Bilbon: Aroa euskerea indarbarritzeko eta euskaldunok ahaldunduteko marko estrategikoa eta, bestetik, Euskerearen Gogoetagunea. Jardunaldiaren sarreran berba egin dabe Mireia Zarate Sabino Arana Fundazinoaren presidenteak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Mireia Zaratek ondoetorria egin deutse parte-hartzaileei, Andres Urrutiak aurkeztutako proiektu bien garrantzia azpimarratu eta Bingen Zupiriak ondokoa nabarmendu dau: Azken urteotan euskerearen lurralde guztietako erakundeen artean izandako alkarlana, Euskaltzaindiari aitamen berezia eginez, Akademiaren estatusari eta erakunde honen aurreko lankidetzeari dauen balio guztia emoten ahalegindu baikara. Bide batez, Jaurlaritzeak azken urteotan euskerearen sustapenean eginiko ahalegin garrantzitsuenak aletu ditu sailburuak: Indarrean ditugu eta lantzen gabiz euskerearen normalizazinorako estrategikoak izan daitekezan zenbait arlo. Horreen artean, gitxi batzuk nabarmendu ditu, tartean, euskerea eta kirola lantzeko plana, Gaitu (digitalizazinoa, hizkuntza teknologia edo adimen artifiziala lantzeko bide-orria), helduen alfabetatzean eginiko ahaleginak, euskaltegien baliabideak modernizetako eta irakasleen lan-baldintzak hobetzeko ahalegina, Euskaraldia (Topaguneagaz batera) edo euskerazko hedabideei funtzionamenduan eta finantziazinoan laguntzeko baliabideak bideratu izana.

Hamabigarren legegintzaldia amaitu aurretik, Eusko Jaurlaritzeak onartuko dituan hiru proposamen nagusi be aitatu ditu Zupiriak. Lehenengoa, euskal sektore publikoan euskerearen erabilerea normalizetako Dekretua (1997koa ordezkatuko dauena). Bigarrena, jardunaldian aurkeztutako Aroa marko estrategikoa. Eta horreekaz batera gaur Eusko Legebiltzarrak onartuko dauen Euskal Hezkuntzearen Legea, 1993an onartu ziran lege eta plangintzak ordezkatzera datorrena: Euskal hezkuntzea osotasunean hartuko dau lehenengoz eta arlo guztietan igarriko da bere eragina, baita hizkuntza arloan be, esan dau sailburuak. Lege barria sistema arautzera datorrela nabarmendu dau. Azkenik, 1982an onartutako Euskerearen Legea izan dau gogoan Zupiriak, lege horretan oinarritu baitira euskal hezkuntzan eta euskal administrazinoetan euskerearen irakaskuntzea eta erabilerea sustatzeko behar ziran legezko zutabe eta tresnak.

Aroa eta Euskerearen Gogoetagunea

Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Iñaki Martinez de Luna euskaltzain urgazle eta Aroa-ren zuzendariak azaldu ditue marko estrategikoaren nondik norakoak. Aroa garagarrilean aurkeztu eban Eusko Jaurlaritzeak Gasteizen eta hamarkada baterako euskerearen marko estrategikoa izango danaren zantzuak emon zituen. Jaurlaritzearen Euskerearen Aholku Batzordearen eskutik dator Aroa eta Euskera Sustatzeko Ekintza Planaren (ESEP) ondorengo egitasmoa litzateke. Euskerearen Gogoetagunea, barriz, 2022ko zemendian aurkeztu eban Euskaltzaindiak eta euskerearen etorkizun-ikuspegia landu eta arnas luzeko estrategiak eta adostasunak marrazteko asmoa dau.

Aroa gobernantza barriaren bidetik landu dogu eta urte bi inguru hartu dauen prozesuan hainbat eragilek hartu dabe parte, besteak beste, herri ekimenekoek, erakunde publikoetakoek eta gaiaren inguruko adituek, adierazo dau Dobaranek sarreran. Aroa Euskerearen Aholku Batzordearen eskutik jaio zala gogoratu dau sailburuordeak eta esan dau partaidetzan oinarrituta dagoala: Partaidetzea askotarikoa izan da, jarrera proaktiboa ikusi dogu eta ekarpen mamitsuak eta barritzaileak egin dira. Euskerea Sustatzeko Ekintza Planaren (ESEP) Batzorde-atalak adostutako dokumentua urtarrilaren 8an aurkeztuko dala aurreratu dau Dobaranek eta autortu dau esfortzu berezia egin beharko dala ondoren dokumentua zabaltzeko eta ezagutarazoteko: Ezin da izan bakarrik erakundeen artean adostutako dokumentu bat, ahalegin berezia egin behar dogu gizarteari azaltzeko, mankomunidade eta udaletxe guztietara hurreratuz, marko barria azaldu eta berau ezartzerakoan etorriko diran arazoak eta eragozpenak alkarregaz gainditzeko, helburu nagusia euskerearentzat esparru eta espazio barriak irabaztea baita, gizartearen beraren mandatua beteteko.

Ekimenaren helburuak azaldu ditu ondoren Iñaki Martinez de Luna euskaltzain urgazleak: Aroa marko estrategikoaren bitartez hainbat dinamika indartu nahi da, adibidez, ikasteko aukera gehiago eta errazagoak bultzatu; eguneroko hartu-emonetan ekosistema euskaldunagoa sortu, batez be gazteentzat; ingurune digitalean eta teknologia barrietan euskereak leku eta aukera handiagoak izan; lan munduan erabilteko aukerak ugaritu; eta konsumoan eskaintza gehiago eduki eta konsumitzaileak aktibau.

Kontuak kontu, Aroak zazpi ardatz estrategiko eta hamalau erronka jasoten ditu eta horreek jorratzeko 31 lan arlo eta 85 ekimen ezarri dira. Ondokoak dira ezarritako ardatz estrategikoak, hemendik 2034ra arte lortu nahi dan ikuspegia garatzeko erabiliko diranak: Gobernantzea; Jarrerak/Motibazinoak; Ezagutza/Gaitasuna; Erabilerea/Alkarreragina; Barrikuntzea; Ikerketa/Sistematizazinoa; Komunikazinoa/Zabalkundea. Ardatz estrategiko horreetatik abiatuz, erakunde bakotxak landuko dau zein lan arlo zehatz jorratuko dauen, azpimarratu dau Martinez de Lunak.

Jon Sarasua euskaltzain urgazlearen txandea izan da gero. Hasmentan, Sarasuak Euskerearen Gogoetagunearen ardatzak eta gogo-nahiak azaldu ditu: XXI. mendeak galdegai barriak ekarri deutsoz euskerearen bideari eta une honetan norabide-krisi baten zantzuak bizi ditu. Abagune honetan, euskerearen inguruko eretxi argitaratuek dibergentzia handia agertzen dau egoereari buruzko balorazinoan, analisi eta planteamenduetan. Egoera honen erdian, elementu baten faltea igarten da: etorkizun-ikuspegia, hain zuzen be; eta horretara norabidetutako arnas luzeko estrategia nagusien marrazkia. Neurri batean, horretara dator egitasmo hau, arnas luzeko estrategiak marraztera, etorkizun-ikuspegiari eutsiz.

Holan, etorkizuneko asmoen barri emon dau irakasle eta ikerlariak: Hizkuntza komunidadearen diagnostikorik finenak eta pentsabiderik onenak arrago batera batu nahi izan ditu guneak, ikuspegi asko alkarrizketan jarteko moduko sinisgarritasunez. Diagnosien garaian dago Euskerearen Gogoetagunea eta, ondoren, erakunde publiko, gizarte-erakunde eta gainerako eragileei jagoke hareek politikak erabagitea, nabarmendu dau Sarasuak, emoitzak gizartearen eskura jarriko dirala aginduz.

Praktikotasun horri eutsiz, Euskerearen Gogoetaguneak emon ditu lehen emoitzak. Proiektua aurkeztu zanetik ponentzia orokor bi aztertu dira: Jon Sarasuak berak landutako Euskerearen bizibarritze prozesuaren etorkizun ikuspegia eta Euskerearen egoerearen diagnostikoaren sintesia, Olatz Altuna eta Jon Aizpuruaren eskutik. Aurten, barriz, hiru ponentzia sektorial aurkeztu eta aztertu dira Euskaltzaindiaren Gasteizko ordezkaritzan, hain zuze be, hedabideei, administrazinoari eta helduen euskalduntzeari jagokezanak.

Mahai-inguru batek emon deutso azkena jardunaldiari. Parte-hartzaileak: Idurre Eskisabel Euskalgintzearen Kontseiluko idazkari nagusia, Iñaki Martinez de Luna Aroa egitasmoaren zuzendaria, Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko burua, Iñaki Arruti Lasarte Oriako Euskera zerbitzuburuak eta Gonzalo Larruzea Didaktika eta Eskola Antolakuntzako doktorea. Gotzon Hermosilla Berria egunkariko kazetariak gidatu dau mahai-ingurua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu