Loraldiak 10. urteurrena ospatu dau
2023-12-21 10:18 KultureaMarka barria aurkeztu dabe.
Loraldia 2014an jaio zan Bilbon eta, beraz, 2024an 10 urte beteko ditu. Loraldia Festibala izan zan lehen ekimena 2015eko udabarrian eta datorren martian 10. edizinoa etorriko da.
Hamarkada honetan Loraldia hazi da, lan-lerro asko jorratu ditu eta bilakaera nabarmena izan dau. Egun, 7 lan-lerro edo arlotan dabil beharrean, lau kidek osotzen dabe taldea eta urte osoan zehar Euskal Herri osora zuzendutako hamaika egitasmo ditu martxan.
Orain 10 urteko inspirazino iturria, Anton Abbadiak XIX. mendean sustatutako Lore Jokoak, bizirik dirau eta indartsuago. Helburuetan be sendo, gaur egungo euskal kulturearen transmisinoan eragitea eta euskerazko kultur industria indartzea eta sustatzea.
Hamar urte honeetan Loraldiak euskeraz sortzen dan kultureari eta gizarteari egin deutson ekarpena gainbegiratzea Loraldiaren komunidadeagaz batera eta jai giroan izan da jaiaren helburua. Baina datozen egitasmoen barri emoteko aukerea be izan da.
Euskaraz sortzen dan gaur egungo kultur eskaintzea ospatzea eta horretan lan egitearen gogoa berrestea izan da helburua eta horregaitik jairako hautatutako lemea, Bil gaitezen, ameslariok!. Euskal kulturearen sortzaile, eragile, sustatzaile, profesional eta konsumitzaileak batu gura izan ditu Loraldiak. Jaira gonbidau ditue hamar urte honeetan parte hartu izan daben sortzaileak, laguntza eta babesa eskaini daben babesleak eta erakundeak, hedabideak eta Lorazainak, Loraldiaren zale eta jarraitzaileen komunidadea.
Hamar urteotako ibilbidea gogoratzeko bideo bat sortu dabe, Loraldiaren egungo egitasmoen barri emon eta Loraldiak hemendik aurrera izango dauen iruditegi barria aurkeztu eta X. Loraldiaren zertzelada nagusiak eskaini dira. Jarduerotan izan dira Miren Amuriza eta Oihana Bartrak eskainitako bertso saio musikatua, Josune Mendizabal eta Ane Gebararen umorea, Malentxo Zeberio kantuan, euskal sagardaoa probetako aukerea Mikel Garaizabalen gidaritzapean eta Harrobia Dantza Bertikalaren erakusketea. Gainera, Loraldia Sormen Digitala bekearen lehenengo edizinoko irabazlearen avatar digitalak parte hartu izan dau Ainhoa Artetxe aurkezleagaz batera; eta, bestetik, musikeak eta ikusentzunezkoek aparteko garrantzia izan dabe: Alphax BideoJockeyk pieza berezi batzuk eskaini ditu eta Borja Mimoloco DJk euskal musikearen zenbait erreferenteen lanak hautatu, osogai elektronikoakaz buztartu eta musika zerrenda berezia eskaini dau.
2024ko Loraldia Festibalaren 10. edizinoaren zertzelada nagusiak aurkezteko aitzakia be izan da, 2024ko martiaren 1etik 23ra izango da eta ohikoa dan bezela, Bilboko dozenatik gora espazio eta gune askotara helduko da. Sortzaileen artean, besteak beste, Miren Narbaiza, Lorea Agirre, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Jon Maia, Irantzu Lekue, Leire Bilbao, Nerea Arrien, Toti Martinez de Lezea, Gorka Hermosa, Garikoitz Mendizabal, Jon Sarasua, Basabi, Alaia Martin, Katixa Agirre, Oihana Iguaran, Neomak eta Harrobia Dantza Bertikala: 110etik gora jarduera.
Aurten, barrikuntzea izango da loraldiafestibala.eus webgunea, festibaleko ekintzak eskuragarriago izateko.
Sarreren salmentea Lorazainentzat
Hamargarren Loraldia aukeratu da Loraldia Festibalaren 10. edizinoko Lorazainei zuzendutako sarreren salmenteari hasierea emoteko. Lorazainek lehentasuna eta baldintza bereziak ditue sarrerak erosteko: Prezio bereziak, eskaintzak eta Lorazain Eguna. Martxan dago salmenta prozesua.
Marka barria
Hamar urteak mugarri dira Loraldirako eta horregaitik marka barria, Loraldiaren aniztasuna erakusten dauena sdakargu, egun, zazpi dira Loraldiak lantzen dituan arloak: Festibala, Produkzinoak, Eskolea, Gaztea, Plazarik plaza, Digitala eta Lorazainak. Loraldiaren marka nagusiaren aterkipean, zazpi horreek identidade eta marka propio bat dabe eta horreen barruan beste hamaika egitasmo batzen dira, besteak beste, Sormenola, Udako Ola, Bidea Bidean Bide...
Iruditegiaren uniberso horretan Loraldia markearen identifikagarria dan etxundako A horri eutsi jako, diseinua garbitu eta sinplifikau egin da eta tipografiak aldatu, horreek diseinuetan jokoak egiteko elementu identifikagarriak bilakatuz. Aldi berean, koloreakaz be bagabiz, lan-lerro bakotxak kolore propioa izan daian. Helburua, freskotasuna, modernotasuna transmitidutea eta oso moldagarriak izatea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!