2023. urtea laburbatzeko 23 berba hautatu ditu UZEI erakundeak

Bizkaie! 2023-12-20 11:36   Euskerea berbagai

Perraka, zaintza, beef, segregatu, fentanilo, paxmina eta oldarraldi judizial esamoldeak dagoz zerrendan.

Hedabideetan eta sare sozialetan zeresana emon daben gaiez berba egiteko aurten erabili ditugun 23 berba batu ditu UZEI-k, 2023. urtearen errepasoa eginez. Berba horreetako batzuk euskerara heldu barriak dira: Shakira abeslariak Gerard Piqué bikotekide ohiari eskainitako beefa.

Aldiz, zerrendako berba bat XVII. mendeko testu batetik jaso da, izan be, Oihenarten hiru poema ezezagun topau dira aurten eta horreei esker ikasi dogu Zuberoako artzainek alkarri botaten eutsiezan zirto gogorren tradizinoan gizonak andreari perraka esaten eutsela (‘piltzarra edo andre zarpaila’).

Urtero legez, oihartzun handia izan daben barriketaldiek itxi daben arrastoaren adierazle dira zerrendako berba asko: onespen (baietz da baietz legeari buruzko albisteetan erabilitakoa), zaintza (Euskal Herriko Mobimentu Feministak deitutako greba orokor feministeak nabarmendutakoa), segregatu (hezkuntza-legeari buruzko eztabaidetan erabilitakoa) edo fentanilo (AEBn substantzia horren konsumoa albiste izan baita).

Beste berba batzuk aakaso apur bat konturatu barik pasautako esamoldeak dira. Adibidez, Espainiako presidentegaien arteko eztabaidetako batean, Feijóok Sanchez hautagaiagaz erabili eban eztabaida-teknikari Gishen lauhazka esaten jakola ikasi dogu aurten. Biharamunean, euskerazko Wikipediak jaso eban terminoa.

Abenduan, Espainiako erreginaren koinatu ohiak sare sozialetan argitaratutako argazki baten harian, agirian geratu zan oraindino hiztegietan jaso bako paxmina berbearen beharra.

Kontuak kontu, 23 berbaz osotutako zerrendea uzei.eus helbidean konsultau daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu