'Euskerea justiziaren administrazinoan' jardunaldia Bilbon
2023-12-19 07:45 Euskerea berbagaiHizkuntza-zuzenbidearen bilakaerea aztertu dabe zenbait adituk Sabino Arana Fundazinoaren egoitzan.
Aitor Estebanek Espainiako Kongresuan onartutako azken legearen ondorioak azaldu ditu; Jaime Tapia magistratuak Euskal Autonomia Erkidegoan Justizia-administrazinoan euskereak bizi dituan eragozpenak aztertu ditu; Andres Urrutia euskaltzainburuak Euskerearen Akademiak bideratu dauen Hizkuntza-zuzenbidea proiektuaren sorrerea eta helburuak agertu ditu; Gotzon Lobera legelariak Hizkuntza- eskubideen kontzeptuaren bilakaerea aztertu dau; azkenik, Joseba Lozano Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazinoetan Hizkuntza Normalizetako zuzendaria ELEBIDE Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuari buruz egin dau berba.
Sabino Arana Fundazinoak eta Euskaltzaindiak jardunaldi mamitsua atondu dabe eta bertan, hizkuntza-zuzenbidearen bilakaerea aztertu da batik bat, hau da, euskerearen ikuspegitik hizkuntza-zuzenbideak dauen egoeraz eta garrantziaz jardun dabe hizlariek. Miren Azkarate euskaltzain osoak eta Sabino Arana Fundazinoaren Patronatuko kideak aurkeztu ditu hizlariak, banan-banan, eta Andres Urrutiak esan dau komenidu dala zuzenbidearen bidez garatutako legeak aurrera eroatea, baina interpretazino gaurkotua
emonez.
Aitor Esteban Kongresuko diputaduak Espainiako Erresumako hizkuntza-erregelamendua aztertu dau, betiere Kongresuari eta Senaduari jagokenez. Gogoratu dau 2022ko bagilean PSOEk Kongresuko araudia aldatzearen kontra egin ebala, Kongresuan Estaduko hizkuntza koofizialen erabilerea sartzeko aldaketearen kontra. Eta orain behartuta bada be, onartu dabe, gaineratu dau. Aldaketa horren bultzatzaileak katalanak izan dirala autortu dau Estebanek, batez be, Esquerra Republicana. 2010ean, Espainiako Senaduan emondako aldaketea be aitatu dau: Araudi horren arabera, Senaduan hizkuntza koofizialak erabili daitekez. Noiz? Mahaiburu barriak bere lehen interbentzinoa egiten dauenean, hori bai, gaztelaniaz gero esango dauena esateko izan behar dau; mozinoetan be erabili daiteke; eta herritarrek edo erakundeek papel bat aurkezten dabenean; idazki horreek Senaduko itzulpen-zerbitzuak itzultzen ditu gero. Oraingo eskaera hau –Kongresuan jazotakoa– Junts per Catalunya-k aurkeztu eban esan dau Estebanek, PSOEren gobernuaren borondatea probetako. Guk lagundu egin geuntsen –onartu dau–, baina katalanek moldatu eben testua. Guk gero kezkatzen gaituen beste gauza batzuk erantsi genduzan. Oraingo egoerea be argitu nahi izan dau EAJren diputaduak: Kongresuko Osoko bilkuretan edozein gai edo prozeduratan erabili daiteke hizkuntza koofizialak. Senaduan, ostera, mozinoetarako edo Autonomia Erkidegoetako mahaietan baino ez.
Jaime Tapia magistratuak Euskera eta Justizia EAEn. Gogoeta izeneko berbaldia emon dau. Tapiak esan dauenez, etorkizunari begira baikorra naz, gizarteak aldaketak eskatzen ditualako eta eragile juridikoen euskerearen aldeko jokereak be hori adierazoten deustalako. Horri gehitzen badeutsagu botere publikoek aldaketak egitearen aldeko borondate sendoa erakutsi dabela, aurrera egingo dogula uste dot. Baina onartu dau azken 25 urteotan Justizian aldaketa gitxi izan dirala. Zergaitik? Bere ustez, zenbait arazo politikoren erruz, botere judizialen aginteen, Espainiako Gobernuaren eta Parlamentuaren borondate ezaren erruz. Salbuespen bakarra Eusko Jaurlaritzea izan dala nabarmendu dau. EAEko Justiziaren administrazioan gaur egun euskerearen egoerea be azaldu dau Tapiak: Prozeduren arloan, oso gitxitan erabilten da euskerea”, baina esan dau funtzionarioen artean euskerearen ezagutzak eta erabilereak gora egin dauela nabarmen eta horrek ahalbidetu dauela herritarren eta funtzionarioen arteko ahozko eta idatzizko hartu-emonak euskeraz izatea. Horretan EAEko Justizia Administrazinoan Hizkuntzea Normalizetako 2011- 2020 arteko planak badau zerikusirik, funtzionarioen hizkuntza gaitasunak gora egin baitau.
Andres Urrutia euskaltzainburuak Euskerearen Akademiak bideratutako Hizkuntza-zuzenbidea proiektuaren sorrerea azaldu dau bere berbaldiaren sarreran, zergaitiak eta helburuak. Helburuen artean bat nabarmendu dau Urrutiak, hain zuzen, hizkuntzei buruz eta beren-beregi euskereari buruz maila juridiko ezbardinetan emondako araubideak euskeraz batzea eta gizarteari eskaintzea. Ondoren, jurilinguistika diziplina barriaren nondik norakoak jorratu ditu, batez be horrek euskerea lako hizkuntza gitxituentzat zer ekarri leiken gogoeta egokiak egiteko. Hitz batez, hizkuntzaren eta zuzenbidearen arteko loturak eta guruzbideak plazaratzeko abagunea profitatu du euskaltzainburuak, euskerearen errealidadetik abiatuta beti be.
Hizkuntza-eskubideen kontzeptuari buruz egin dau berba Gotzon Lobera legelari eta euskaltzain urgazleak. Hizkuntza-eskubideak XX. gizaldiaren lehenengo erdialdean ingurumari eleaniztunetarako arautu zan eta helburu-eskubide lez kontzeptualizau; denporagarrenean, erkidego elebakarrek be euren biztanleentzat arautzen ditue hizkuntza-eskubideak erkidego horreetako herritarrentzat be tresna-eskubide lez be arautuz, azaldu dau Loberak. Laburbatuz, hizkuntza-eskubideak kontzeptuaren eta hareeen hartzaileen ikuspegietatik aldatu dirala esan dau legelari bizkaitarrak.
Azkenik, ELEBIDE, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak eginiko ibilbidea eta etorkizuneko erronkak agertu ditu Joseba Lozano Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazinoetan Hizkuntzea Normalizetako zuzendariak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!