Nicolás de Lekuonaren funts dokumentala Bilbon

Bizkaie! 2023-12-18 07:50   Kulturea

Museoa aitzindaria izan da artistearen lana onartzen, hiru erakusketa gogoangarri egin baititu.

Bilboko Arte Ederren Museoak ezagutzera emongo ditu Nicolás de Lekuona (Ordizia, Gipuzkoa, 1913-Fruiz, Bizkaia, 1937) margolari, argazkilari eta diseinatzailearen hainbat objektu personal, inprimidutako materialak, ohar-koadernoak eta marrazkiei buruzko oharrak, kartoi gaineko orio-pintura bi eta gutun autografoak. Funts dokumental garrantzitsu hori 2019an heldu zan museora, artistearen familiaren dohaintzeari esker eta, orain, ikusgai egongo da, neurri batean, museoak 2019an (16 argazki eta 2 fotomuntaketa) eta 2022an (10 arkitektura eta diseinu-marrazki) erositako lanen bilduma bategaz batera. Gainera, Lekuonaren pintura-ekoizpenaren mihise enblematiko bi ditu: Pintura (c. 1936) eta Beatriz Lekuonaren erretratua (1935), 1981ean eta 1982an erosiak, hurranez hurran.

Era berean, Museoa aitzindaria izan da artistearen lana onartzen, hiru erakusketa gogoangarri egin baititu, 1979an, 1982an eta 1983an. Horreetako bi gai honetan aditu nagusia dan Adelina Moya historialariak komisariau zituan. Erakusketa txiki honek Lekuonaren interesak eta idea artistikoak azaltzen ditu, nortasun urduri eta esperimentala izan baitzeban eta, Gerra Zibilaren ondorioz goiz hil bazan ere, enblematikoa izan baitzan Espainiako abangoardiaren barruan. Funtsean jasota dagoz familiagaz izandako posta-truke pribatua, ohar eta marrazki-koadernoak, aitameak, ohar literarioak eta artistikoak dituan koadernoak, Kodak argazki-kamera bi eta beste objektu personal batzuk (margolari-paletea, pipak eta ikasle-txartela).

Objekturik berezienen artean, Lekuonak berak egindako zortzi maskara nabarmentzen dira, haren koadro eta argazki batzuetan irudikatuta agertzen diranak. Museoari egindako Lekuona funtsaren dohaintzeak jarraipena emoten deutso bildumako datu-baseak aberasteko lanari, Euskal Herriko artista, kritikari eta historialarien eta arteagaz lotutako espazioen artxibo eta corpus dokumentalak sartuz, aztertuz eta digitalizatuz. Horreeen adibide barrienak dira Sol Paneraren artxiboko dohaintzak, Bilboko Aritza galeriarenak, 2023koak, eta Xabier Sáenz de Gorbea irakasle, historialari eta arte-kritikariarenak, 2020koak. Maskarak Madrilen Arte Ederren Zirkuluan izandako prestakuntzako urteetan, inauterietako jantza baterako eginak, papel kolatuan eta gouachean. Maskara horreek eta beste batzuk artistearen margolan, marrazki eta argazki batzuetan agertzen dira, identidadea ezkutatzeko elementu surreal legez. Buztinezko maskara bat be badago, Lekuonak 1935eko argazki batean erabili eta museoak 2019an erosi ebana. Gutunak Dohaintzan, Nicolás de Lekuonak María Nazabal amari eta Eugenio Lekuona osabeari bialdutako bederatzi gutun be badagoz.

Dohaintzearen aurkezpenean izan dira Javier Novo, Ikerketa eta Zaharbarritze saileko koordinadorea; Miriam Alzuri, Arte Moderno eta Garaikidearen konserbatzailea; eta Menchu Lekuona eta Pedro María Lekuona, artistearen ilobak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu