‘Zerrenda’ da urteko berbea
2023-12-15 11:13 Euskerea berbagaiEuskaltzaindiarentzat eta UZEIrentzat.
Hamarkada bat baino gehiago joan da Euskaltzaindiak Gazako zerrenda formea arautu ebanetik baina aurten ezohiko protagonismoa izan dau toponimo horrek, izan be, urritik Palestinatik albiste larriak heltzen jakuz. Hedabideen bidez jarraitu ahal izan diran giza eskubideen urraketek zeresan handia emon dabe nazinoartean eta hizkuntza guztietan, baita euskeraz be.
Aurten Gazako zerrenda formea komunikabideetan hainbeste erabili izanak, zeharka bada be, bide emon dau euskerazko zerrenda berbeak lursail luze eta estua adierea be badauela gogoratzeko.
Beharbada, gaur egun zerrenda berbea aitatu eta edonori burura etorten jakon lehen adierea ez da hori, hiztegi arauemoilean jasota dagoan beste hau baino: bata bestearen ondoren kokatutako gauzakiez eta bereziki bata bestearen azpian ezarririko izenez, osotutako multzoa. Esate baterako, gai-zerrendea, itxaron-zerrendea eta zerrendaburu berbak oso ohikoak ditugu eguneroko berbakeran.
Horregaz batera, zerrenda berbeak badau zati luze eta meharra adierea be. Adibidez, marrazkilariek egunkarietan eta aldizkarietan argitaratzen dituen formatu luzeko marrazkiei be zerrenda esaten jake.
Kontuak kontu, Lursail luze eta estua adierako lekukotasun ugari dagoz jasota Euskaltzaindiaren hiztegi historiko deskriptiboa dan Orotariko Euskal Hiztegian, euskereak bere-bereak baititu, adibidez, lur-zerrendea eta pareko esamoldeak (gauzen edo izenen segida bategaz zerikusirik ez dabenak). Ez da, beraz, adiera barria, inondik inora.
Baina, inguruko hizkuntzetan Gazako zerrenda esamoldeak dituan ordainakaz ez bezela, euskerazko moldeak bide emon dau zerrenda berbearen adiera hori ezagunagoa izan daiten. Horregaitik, euskeratik begiratuta, aurten erabilera nabarmena edo bereizgarria izan daben berben artean, zerrenda hautatu dabe Euskaltzaindiak eta UZEIk urteko berba.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!