Bosteko 23: 'Kaosetik kosmosera: Unibertsoko paisaiak' Leioan
2023-12-15 08:32 KultureaLeioa izango da Bosteko 23 erakusketa ibiltarien azken geldialdia.
Irailetik urtarrilera Kaosetik kosmosera: Unibertsoko paisaiak zikloak Arrigorriaga, Basauri, Getxo, Amorebieta eta Leioa bisitau ditu. Eta azken txanpan, urtarrilaren 6ra arte, Iñigo Sarriugarte komisario dauela, María Alonso Páez, Gorka Gondra eta Víctor Arrizabalagaren lanak ikusgai egongo dira Kultur Leioako erakusketa gelan. Bosteko 23 erakusketa ibiltariaren programazinoa Arrigorriaga, Basauri, Getxo, Amorebieta-Etxano eta Leioako udalen lan koordinatuari esker egin ahal izan da, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker.
Antxinako Greziatik, kaos berbea, erakusketaren izenburuaren hasieran dagoana (Kaosetik kosmosera: Unibertsoko paisaiak), unibersoaren jatorrizko egoeran egoan desordenagaz lotzen da eta, beraz, kosmosa sortu aurretik egoan hutsuneagaz; bertan, materiaren eszenaratzeak artikulazino abstraktu eta informala eban. Hortik abiatuta, unibersoaren beraren antolamendua konfigurau eben askotariko egiturak eta izar-konposizinoak sortu ziran, kosmosa finkatzeko. Hasieran hutsunea zan nagusi baina unibersoaren bilakaerea hasierako nahasmenetik urrunduz joan zan ordenera bideratzeko, hau da, kaosetik kosmoserako igarobidea sortu zan eta hor elementu bakotxak bere lekua eskuratu eban, kausaren eta efektuaren legeari lotutako arrazoi baten menpean.
Aitatu Kaos hori María Alonso Páezen pinturan (Getxo, 1959) sinbolizauta agertzen da eta, era berean, entropiagaz lotzen dau naturan dagoan desordena eta nahasmen-mailea aztertzean, bai eta termodinamikearen bigarren printzipioagaz be, sistema bati datxekion nahasmenduan oinarrituta. Jatorrizko kaos horretatik abiatuta, unibersoak orekarantz jo dau eta faktore horreek sinbolizetan ditue Gorka Gondraren lan abstraktu geometrikoek (Mungia, 1978) eta Víctor Arrizabalagaren pieza organikoagoek (Mañaria, 1957), unibersoan gordean dagozan sosegua eta egonkortasuna kokatzea ahalbidetzen daben proposamenen bidez.
Caos-cosmos printzipio biak bereizi ezinak dira; hori dala eta, kontzeptu-premisa horren menpean batzen dira hiru artisten proposamenak. Binomio alterno horren bidez adierazotako unibersoaren indarrek izar-formak sortzea eragiten dabe eta, aldi berean, suntsitzea, eta energiaren sakabanaketea eta horren ondoriozko irudikapen informal eta kaotikoa sortzen da. Hori, barriro be, pintore getxotarraren paisaje sideralek bermatzen dabe, izan be, beste kaos batean desintegretan diran sistema ordenatuak dira. Unibersoaren eregite eta suntsitze-ziklo hori bera maila sinbolikoan jasoten da erakusketa-lagin honetan, kaosetik ordenara eboluzionetan da, barriro be orden barik geratzeko eta espazioaren ziklo hori eten barik berrabiarazoteko.
Eremu astronomikoetan, orientazino guztietan bideratutako gas jario galaktikoak kaotikoak izaten dira hasieran; horregaitik, María Alonso Páezen margolanak prozesu hori bera erakusten dau eta, aldi berean, forma oro sortzen dauen magma bezela azaltzen da, sistema bat domeinu mueta konplexuago baterantz bultzatzen dauen berbaurrea sortuz. Kaosak aukerea emoten dau ordena kosmiko berera igaroteko eta hori modu adierazgarrian bultzatzen dabe Gorka Gondra eta Víctor Arrizabalagaren proposamenek. Autore horreen estetikea konformazino abstraktu batean oinarritzen da, aldaera geometriko eta organikoetan, hau da, berau osotzen daben sekzinoen arteko egitura-sistemak dituan lengoaian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!