Julen Gabiria: 'Literaturea eta komikia artea dira'.
2023-12-18 07:56 BarriketanJulen Gabiria itzultzaile galdakoztarrak egin ditu Joe Saccoren Palestine liburuaren euskerazko lanak. Astiberri argitaletxeak plazaratu dau lana eta itzulpen prozesuaren gorabeherak, burukomin eta momentu gozoak kontetako eskatu deutsagu. Gustora emon deuskuz eskatu deutsaguzan azalpenak.
Palestine, Joe Saccoren lehenengo kazetaritza-lan handia da eta azken urteotan argitaratutako obra politiko eta historikorik onenetakoa (American Book saria irabazi eban 1996. urtean). Nobela grafiko hau kazetaritza barriaren oinordeko zuzena da eta komiki-kazetaritza deitutako korrontearen oinarrizko lana, dokumentu etnografiko aparta, sasoi haretako kronika garratza eta denporan gehiegi luzatzen dagoan gatazka bati buruzko ikuspegi ezin personalagoa izateaz gan, liburu baliogarria eta esanguratsua Ekialde Ertainak geopolitika garaikidean jokatzen dauen eta garai haretan jokatzen eban rola ulertzeko.
1.- Palestine obra honi esker, komikia baliabide dokumental bihurtzeko oinarriak finkatu ziran...
Bai. Komikiaren beste bide bat da, kazetaritza ikutuko lana eta, esangura horretan, Palestina hau aitzindaritzat joten da. Baina badakizu komikiaren alderdi didaktikoa edota komikia oinarri hartuta ume eta nerabeen irakurketa ohiturak suspertzea be ezin ahaztu.
2.- Itzulpen lanak noiz egin zenduzan? Egungo gerra krudela ezagutzera emoteko be balio izan dau komikiak baina zer falta da? Benetako astokeriak, indarkeria, bake prozesu faltsuak, palestinarrei lurrak kentzea, hilketak...
Maiatzean hasi nintzan, maiatzetik udara arte, abuztura bitartean itzultzen ibili nintzan eta irailean eta urrian lana atontzen, zuzentzen eta egokitzen ibili gara, prozesua luzea da, hasierako lanak aldatu egiten dira askotan baina sano aberasgarria da.
Kontuan izan, beharrean hasi aurretik, Astiberrik argitaratzeko eskubideak erosi behar ditu eta ez da erraza izaten ze obra handia da hau eta filtroak, galbahe lana be egiten da eta argitaratzaileak ondo aukeratzen dau nork zer egin leiken, eskubidea nori emon eta nori ez. Hizkuntzearen kontua be zehaztu behar izaten da, nik ingelesa izan dot oinarri.
Ganerakoan, ohikoa galderea da arteak balioko ete dauen egoera larriak eta konpontzeko eta ez dago botika magikorik, Joe Saccori be esaten deutsie ia zertarako balio izan dauen Palestinara joateak eta kontua da ze komikiak edo beste edozein artek ez dabela egoera gogor horreek aldatuko baina nik beti esaten dot azkurea eragitea nahikoa dala, lehenengo txipriztin horreek emoitza serioagoak ekarri leikiezalako.
3.- Bigarren kapituluan, 'Gogora nazazu' txatalean, binetak ahaztu eta prosa edo berba lauz be idatzi dozu...
Komikietan ez da normala izaten baina bigarren kapituluko Gogora nazazu txatal handia prosaz idatzita dago eta norberak be horri eutsi behar deutso. Baina danok ezagutzen dogu ohiko komikia berbak txertatzeko koadro, errrotulu eta enparauakaz.
4.- Binetatan testua sartu behar izateak, mugatu egin zaitu?
Komikietako binetatan koadroak egoten dira, txikiagoak eta handiagoak eta hortxe sartu behar izaten da itzulpena; norberaren lana mugatzea lar esatea izan daiteke baina egia da batzuetan zuhur jokatu behar izaten dozula berba bat ala beste bat, egitura luzeagoa edo laburragoa sartzeko eta gogoan izan, normalean word formatoa erabilten dogula eta gero sartu behar izaten dala koadroetan baina hori baino lehen egin behar da maketazinoa eta lan hori ez da erraza izaten, normalean aldaketak eta zuzenketak egin behar diralako.
5.- Komikia berridazten, itzultzen gozau egin dozu? Zein izan da beharrik gogorrena?
Gozau, gozau ez, akaso, jakin badakizulako epeak eta errespetau egin behar dirala baina holako lanak gozamena dira, narratzaile sentiduten zara eta hor bai, istorioan sartuta disfrutau egiten dozu.
Beharrik gogorrena, barriz, hasierea izan zan, personaje nagusiaren larruan sartzea ze egoera baltz horren gainetik grazioso edo xelebre agertzen zan gero jarrerea aldatzen badau be.
5.- Palestine Maus obreagaz konparau izan dabe adituek. Ingelesezko komiki liburu edo eleberri grafiko autobiografikoa da, Art Spiegelman suediar/estatubatuarrak egindakoa, besteak beste, Pulitzer Saria irabazi ebana. Itzulpena zeuk egin zenduan burukomin asko tarteko izan zenduzala. Zelako prozesua izan zan?
Prozesua lasaiagoa izan zan, disfrutetako aukerea eskaini eustana. Baina istorioa oso gogorra da eta euskera barria edo sortu behar izan neban ingeles berbakera bat baino gehiago egozalako tartean, burukomina baino gozamena izan da.
6.- Ingeles bersino bat baino gehiago, berbakera bereziak eta horreek guztiak gogoan hartu barik, irakurleek gogor jo eben Astiberri argitaletxearen kontra...
Anekdota hutsa. Jatorrizko lanean ingeles ona, arautua edo dago eta berbaera bereziak be bai eta horreek euskeraz emon behar nituan nahitaez eta zeregin horretan oso gustora ibili nintzan. Batzuk ez eben aitu holako jarrerarik edo gauzea zelakoa zan jakin barik berehala etorri ziran kritikak baina holakoakaz itsututea ez da bape ona.
7.- Zelan definiduko zeunke komikia?
Literaturea, artea da komikia, testua eta irudiak erabilten dituana. Eta gauza bat esango deutsut, igaz Maus obrea Euskadiko Literatura sarietan itzulpengintza arloan finalista izan zan eta holakoetan tribu berezi horretakoa ez banaz be, harro nago egindakoaz.
8.- Gure artean be badagoz komikigileak, besteak beste, Udabarririk ankerrena (Unai Iturriaga, Alex Sanvi) eta Artxipelagoa . Ezagutzen dozuz?
Bai. Joseba Larratxe, Iturriaga, Sanvi eta ezagutzen ditut, gehienbat komikiaren munduan nabilenetik.
8.- Komikiak, eleberriak, testu adimistratiboak zein bestelakoetan, zeinetan zabiz gustorago?
Literaturan nabil gustora. Orain nabil itzultzen Ander Izagirreren Vuelta al pais de Elkano, oraintsu gaztelaniazko saiakerako Euskadi literatura saria irabazi dauena. Testuaren aldetik, zehatzagoa, exijenteagoa da baina holakoakaz disfrutetan dot.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!