2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da laugarren Euskaraldia
2023-12-14 13:01 Euskerea berbagaiAtontzaileek hizkuntza ohituretan eragiten jarraitu nahi dabe.
Maiatzean hasiko dan edizinoaren inguruko zehetasunak emoteko batu dira, gaur, Donostiako Tabakaleran, Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak: Irati Iciar, Euskaltzaleen Topaguneko burua; Javier Arakama, Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari kudeatzailea; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea.
Edizinotik edizinora ariketearen alde teknikoak aztertu, moldatu eta egokitu izan ditue atontzaileek, urtetik urtera ariketea eraginkorragoa izan daiten, hain zuen be, hausnarketa horreetatik etorri da, orain, Euskaraldia egiteko sasoi aldaketa. Laugarren edizinoa 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da.
Eraginkortasunean sakontzeko aldatu dabe ariketea udabarrira, izan be, urte sasoi horretan kaleetan jente gehiago ibilten da eta bizitasun sozial handiagoa izaten da kalean: Euskaraldia ariketa soziala da eta jentearen arteko interakzinoa beharrezkoa da eta eguraldiak eta aldarteak laguntzen dau horretan, azaldu dau Urkijok.
Garai aldaketeak txapearen erabileran eta ikusgarritasunean eragitea lortu nahi dabe atontzaileek laugarren edizinoan.
Gainera, 2025ean eginda, Korrikagaz urtez urte txandakatzen joango da ariketea. Ekintza erraldoi bi horreei esker euskerearen gaia Euskal Herri osoko kaleetara zabaltzea lortu baita.
Laugarren edizinoa, hortaz, maiatzaren 15etik 25era izango da, 11 egunetan: Uste dogu, 11 egun izateak ariketa modu eraginkorragoan egitea ahalbideratuko dauela, sakonago egiteko aukerea emongo dau. Asteburu bi hartuko ditu eta horrek herrietan mobimentua sortzeko aukerea emongo dau, dino Urkijok.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren esanetan, Euskaraldiaren helburu nagusia hiztunen hizkuntza-ohituretan eragitea da. Beraz, Euskaraldia eraginkorra izango bada, konpromiso zehatzak hartuko dituen herritarren partaidetza zabala behar dau. Euskaraldiak bere helburuak bete daizan, herriz-herriko eta auzoz-auzoko dinamizazino eta aktibazino sozial zabala eskatzen ditu. Sailburuak esan duenez, Euskaraldiak adostasun handia batzen dau, eta hori da dauen indargunerik nagusienetako bat. Esparru askotan ikuspegi ugari izan leikiezan personak edo erakundeak batzen dira Euskaraldian. Bateratasun horrek indar biderkatzailea dau eta euskarearengandik urrun dagoan asko erakarteko balio dau; horrek be egiten dau eraginkor ariketea, indar metaketea, gitxinaka aurrera pausoak emotea, hizkuntza-ohiturak danen laguntzeagaz aldatzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!