Miloe bat euro bideratuko dau BFA-k lurraldean euskerea sustatzeko

Bizkaie! 2023-12-14 12:27   Euskerea berbagai

Dirulaguntzen helburua da gizarte-eremu guztietan euskerea sustatzeko ekimenak bultzatzea.

Leixuri Arrizabalag. | Ikusi handiago | Argazki originala

Diruz lagundutako jarduerak, besteak beste, ume eta gazteentzako aisialdiko programak, eduki digitalak eta kirolak edo euskerea lan-ingurunean sartzeko proiektuak dira. Etorkinei zuzendutako ekimenak be babestuko dira, hizkuntzara hurreratzeko eta familia eta gizarte-eremuan hizkuntzearen erabilerea indartzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2024an euskerearen erabilerea sustatu, zabaldu eta normalizetako irabazi-asmorik bako erakundeek jasoteko dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia ezartzen dituan Foru Dekretua onartu dau.

BFA-k badaki gizartea euskerearen garapenerako ingurune nagusia dala eta helburu horretara bideratutako programak jorratzen dituenak laguntzea da asmoa.

Dirulaguntzak euskera esparru informaletan sustatzen daben programetara bideratuko dira, besteak beste, ume eta gazteentzako aisialdiko jardueretara, eduki digitaletara eta kiroletara. Era berean, lan-inguruneetan euskerearen erabilerea sustatzen daben ekimenak babestuko dira, bai eta etorkinak hizkuntzara hurreratzea bideratzen daben eta hareen hizkuntza-gaitasuna sustatzen daben programak be.

Horrezaz gan, diruz laguntzeko modukotzat joko dira euskerearen transmisinoa sendotzen daben programak, gizarte-hartu-emonetan euskerearen erabilerea bultzatzen dabenak eta tokiko hizkuntza-ondarea gizartean erabilteko batzen, babesten eta berreskuratzen laguntzen dabenak.

Kontuak kontu, ekimen honek oso argi jasoten dau Bizkaiko Foru Aldundiak euskerea errotzeko eta gizartearen esparru guztietan erabilerea indartzeko dauen konpromisoa, holan lurraldean euskerearen bizitasuna eta presentzia sustatuz.

Laguntza horreetarako eskabideak 2024ko urtarrilaren 15etik 2024ko zezeilaren 12ko 13:30era arte aurkeztu ahal izango dira Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez (www.ebizkaia.eus).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu