Enkarterri Museoak orain 500 urteko Arechabala-Chavarri familiaren ondare dokumentala berreskuratu dau

Bizkaie! 2023-12-14 10:19   Kulturea

Familiaren artxibo horretako 127 pieza dokumentalen 1.596 orrialde eskaneau eta bere webgunera igon ditu.



Enkarterri Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak, jatorriz Gordexolakoa dan Arechabala-Chavarri familiaren XVI. mendetik XIX. mendera bitarteko antxinako bilduma dokumentala berreskuratu dabe. Enkarterriko familia historiko horren bibliografia-moltsoa museoaren webgunean, Dokumentu-funtsa atalean, doban konsultau daitekezan 127 dokumentuk osotzen dabe. Danetara, eskuz idatzitako 1.596 orrialde eskaneau dira.

Urte batzuetatik hona, Batzar Nagusiak eta Enkarterri Museoa, Enkarterriko ondare-elementu propioak bilatzea, eskuratzea, zaharbarritzea eta horreen balioa nabarmentzea barrubatzen dauen ondarea berreskuratzeko programea dabiz gauzatzen. Alde horretatik, besteak beste, horma-pinturak, eskulturak, tailak edo pieza etnografikoak berreskuratu dira. Oraingoan, Manuel Nicolás de Arechabala y Chavarri, Arechabala-Chavarri familiaren oinordekoaren artxibo personala jasoten daben pergaminoz koadernautako hiru liburuki handi batzen dituan eta aspaldi berreskuratutako dokumentu-bildumea da. Historian zehar Gordexolako haraneko familia garrantzitsuenetakoa izan da.

Artxiboan, beste dokumentu batzuen artean, ordainketa-gutunak, testamentuak, erroldak, ezkontza-kontratuak, eskriturak, salmentak, kaparetasun-informazinoak, ordainagiriak, maileguak eta bestelakoak dagoz eta, batez be, Gordexolari buruzkoa dan arren, Gueñes edo Balmaseda lako beste leku batzuei buruzko informazinoa be emoten dau. Familiaren artxibo horri esker, ondare elementu bat edo Enkarterriko historiaren parte bat berreskuratzeaz gan, Antxinako Erregimena edo Aro Modernoa deritxan epealdian zehar, hau da, 1500etik 1850era bitarte inguruko garaian, Bizkaiko komunidade baten bizimodua edo egunerokotasuna be ezagutu ahal izango dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu