23. Korrikaren kantea kalean da 'Harro Herri' izenburupean
2023-12-12 13:47 Euskerea berbagaiMaite Arroitajauregi (Mursego) musikariaren gidaritzapean sorturiko kantea aurkeztu dabe.
Ane Elordi Korrikako arduradunak eta Arroitajauregik berak Eibarko Juan Bautista Gisasola musika-eskolan izan dira. Horrezaz gan, bideoklipa plazaratzeko be erabili dabe agerraldia.
Mursegok egindako lanen artean ezbardina egin jakola adierazo dau, gitxi izaten baitira enkarguz egindako lanak: Horrek geure buruari muga batzuk jartera eroan gintuan, baina holako kantuakaz egoten diran inertzia edo ohiturak kolokan jartera: Korrika egiteko ez dagoala modu bakar bat, ez dagoela kantu bakar bat, bideak badituala gorabeherak eta bihurguneak.
Horrezaz gan, nabarmendu behar da persona askok osotutako lantalde batek sortu dauela kantua, izan be, 6-7 zati ditu; kantuaren barruan 3 kantu ezbardin eta minisinfonia moduko zeozer ezustean. Kantu barritzailea danik ezin ukatu: Atea zabaldu deutsegu azelerandoei, disonantziei, kaos modukoei, keinuei... Eta hainbat kantariren artean abestua egon arren, apenas inor ez nabarmentzeari, masa bat irudikatzeari, adierazo dau Arroitajauregik.
Pop-barrokoa prozesu luzea izan dan arren, gozau egin dabela gaineratu dau musikariak: Letrak erabiliz ekin geuntsan eta behin hazurdurea eta melodia nagusia argi genituala hasi ginan konponketak proponiduten eta jolasten, askotariko ideak botaten eta eztabaidatzen, ados egon garen arte % 100ean. Berrehunka pista zirriborratu eta milaka aldiz entzun eta gero, emoitzea pop-barroko kantu bat izan da. Harrereari jagokonez, kontuan izan dabe holako abesti bat publiko zabalari zuzenduta dagoala eta bardin balio behar dauela umeek abestu eta jantzan egiteko, lagunarteko jairako, zein errepidean danok bat eginda oihukatzeko.
Bideoklipa, Ane Elordi Alburquerquek azaldu legez, bideoa Amaia Badiola Elgezabalek egin dau eta, eta, batez be, aurreko edizinoetako artxiboko irudiz osotuta dago: 23 edizinok eta 43 urtek askotarako emoten dabe, besteak beste, ikusteko zer nabarmenak diran Korrikan mueta guztietako bilakaerak: Gizartea, aldarrikapenak, estetikea, komuniketako erak, baita gauza horreek guztiak jasoteko teknikak be. Gogoan hartu, denporearen aurrera-egite horrek euskerearen erresistentzia be irudikatzen dau. Egileak esaten eutsonari jarraituz, Bideoklipa batzuetan da nostalgikoa, beste batzuetan polita eta punkia be izan daiteke.
Ikusi hemen 23. Korrikaren abestia eta bideoklipa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!