Sabino Arana Fundazinoa eta Euskaltzaindia erakundeek jardunaldi bi atondu ditue
2023-12-12 12:40 Euskerea berbagaiEuskerak justiziaren adiministrazinoan dauen egoerearen eta euskerea indarbarritzeko marko estrategikoaren inguruan.
Sabino Arana Fundazinoak eta Euskaltzaindiak jardunaldi bi atondu ditue datorren astean. Bata astelehenean izango da, abenduaren 18an; eta bestea eguenean, hain zuzen be, abenduaren 21ean. Biak, Sabino Arana Fundazinoaren egoitzan izango dira (Moraza plaza, z/g – Bilbo).
Asteleheneko jardunaldian, 09:30etatik aurrera, hizkuntza-zuzenbidearen bilakaera aztertuko da batik bat, halanda ze, euskerearen ikuspegitik hizkuntza-zuzenbideak dauen egoeraz eta garrantziaz jardungo dabe hizlariek. Aitor Esteban Kongresuko diputaduak Espainiako Erresumako hizkuntza-erregelamendua aztertuko dau. Horren ostean, Jaime Tapia magistraduak Euskera eta Justizia EAEn. Gogoeta berbaldia emongo dau. Bestetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak Euskerearen Akademiak bideratu dauen Hizkuntza-zuzenbidea proiektuaren sorrerea adierazoko dau. Hizkuntza-eskubideen kontzeptuari buruz ibiliko da Gotzon Lobera legelari eta euskaltzain urgazlea, eta, azkenik, ELEBIDEk eginiko ibilbidea eta etorkizuneko erronkak aitatuko ditu Joseba Lozanok. Lozano, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazinoetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria da.
Eguenean, bestelako kontuez berba egingo da Sabino Arana Fundazinoaren egoitzean, goizeko 9:30etatik aurrera. Hain zuzen be, Aroa euskera indarbarritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa eta Euskerearen Gogoetagunea egitasmoa aurkeztuko dira. Aroa garagarrilean aurkeztu eben Gasteizen, eta hamarkada baterako euskerearen marko estrategikoa izango danaren zantzuak emon ebezen agerpenean. Jaurlaritzaren Euskeraren Aholku Batzordearen eskutik dator Aroa, eta Euskera Sustatzeko Ekintza Planaren (ESEP) ondorengo egitasmoa da. Euskararen Gogoetagunea, barriz, 2022ko zemendian aurkeztu eben Euskaltzaindiak, eta euskeraren etorkizun-ikuspegia landu eta arnas luzeko estrategiak eta adostasunak marrazteko helburua dau.
Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Iñaki Martinez de Luna euskaltzain urgazle eta Aroaren zuzendariak adierazoko ditue marko estrategikoaren nondik-norakoak, eta Jon Sarasua euskaltzain urgazleak aletuko ditu Euskerearen Gogoetagunearen ardatzak eta orain arte aurkeztutako ponentziak. Jardunaldia mahai-inguru batek itxiko dau, eta berton parte hartuko dabe Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Konseiluko idazkari nagusiak, Iñaki Martinez de Lunak, Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak eta Gonzalo Larruzea Didaktika eta Eskola Antolakuntzako doktoreak. Gotzon Hermosilla Berria egunkariko kazetariak gidatuko dau berbaldia.
Abenduak 18ko programazinoa
Abenduak 21eko programazinoa
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!