Guggenheim Museoak aurreikusitakoa baino % 40 bisitari gehiago hartu ditu 2023an

Bizkaie! 2023-12-12 08:29   Kulturea

Guggenheim Bilbao Museoararen Fundazinoko Patronatuaren bilerea egin dabe.

Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazinoaren Patronatuak bilerea egin dau. Iñigo Urkullu Lehendakariaz gan, ondoko honeek izan dira bileran: Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazinoaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua; Leixuri Arrizabalaga, Euskera, Kultura eta Kirol saileko Foru Diputadua; Juan Mª Aburto, Bilboko Alkatea; Fundazinoaren gobernu-organo gorena osotzen daben enpresen eta erakundeetako ordezkariak; Richard Armstrong, Solomon R. Guggenheim Fundazinoaren izenean; eta Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusia.

Bilereari hasierea emoteko, urteko jarduerearen balantzea aztertu dabe; gaur arte, urtea amaitzeko hiru asteren faltan, Museoak 1.271.792 bisitari hartu ditu, aldi horretarako aurreikusitakoa baino % 40 gehiago, eta 2022an data berean metatutako kopurua baino % 2 gehiago. Bisitarien arloan aurreko jardunaldikoa baino handiagoa izan da, eta aurtongo maiatza, garagarrila, abuztua eta iraila Museoak inoiz izan dituan hilebeterik jentetsuenak izan dira. 2023an atzerriko bisitarien ehunekoa berreskuratuz joan da eta 2022an data berean pilotutakoa baino 11 puntu handiagoa izan da aisialdi eta bidaia-jokera barriei esker. Bestetik, artearen eta kulturearen inguruan osotutako Community komunidadeak, aurreko urtean baino ia 73.000 kide gehiago batu ditu 2023an: Guztira, 265.000 kide ditu eta horietatik 23.739 Museoaren Lagunak dira.

Museoak bere operazinoetan lortutako diru-sarreren bilakaera positiboari esker (sarrerak, Denda-Liburudendako salmentak eta babesletzak), % 78,6ko autofinantziazino-mailea lortu dau eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntzak 3.800.000 euro inguru murriztu ahal izan dira. Erakunde publikoek artelanak erosteko erabiliko dabe zenbateko hori.

Bileran 2024ko ekitaldirako aurrekontua onartu da, 1.040.000 bisitariko aurreikuspena oinarri hartuta landua. Lehen aldia da Museoak miloe bat bisitaritik gorako helburua jarten deutsona bere buruari. Aurrekontu operatiboa 33.818.615 eurokoa da, 2023koa baino % 3,5 handiagoa. Museoaren edegiera ordutegia 10:00etatik 19:00retara izango da; bagilaren 17tik irailaren 16ra bitartean, bai eta Aste Santuan be, martiaren 25etik apirilaren 7ra, ordubete gehiagoz egongo da edegita, hau da, 10:00etatik 20:00etara, astelehenetik domekara.

2024ko erakusketen egutegia be onartu dabe batzarrean. Urteko erakusketak zezeilean hasiko dira Giovanni Anselmo sortzaile italiarrari eskainitako atzerabegirako bategaz. Ondoren, Pop arteari buruzko erakustaldi bat etorriko da, Guggenheim Bildumako lanekaz osotua; Kudeaketa Akordinoaren berrespenean ezarritakoa betez Guggenheim Fundazinoaren funtsik esanguratsuenetan oinarrituta urte birik behin atontzen diran erakusketetako bat izango da. Zezeilean, baita be, Herbehereetako Metahaven kolektiboaren Kaosaren teoria izeneko ikus-entzunezko poemea egongo da ikusgai Film & Video aretoan. Martian, Museoak June Cresporen praktika eskultorikoa aurkeztuko dau erakusketa-aretorako berariaz sortutako instalazino batean. Horreezaz gan, bagiletik aurrera ikusgai izango dira Martha Jungwirth artista austriarraren lengoaia abstraktua eta Anthony McCall sortzailearen obra filmikoa, baita Yoshitomo Nara japoniarraren lanari buruzko atzerabegirako bat be. Udagoienean, Hilma af Klint artista suediarraren corpus bereziak izango dira Museoko bigarren pisuan.

Bestetik, Museoak datorren 2024–2025 aldirako Plan Estrategikoa onartu dabe. Plan barriak erakundearen etorkizunerako arlo nagusiak zehazten ditu eta oinarrizko hamabi helburu formulau ditue horretarako, tartean alor askori lotutako jasangarritasuna (finantzak, arlo soziala eta ingurumena), erakusketa-programazinoaren bikaintasuna, bai eta erakundearen jardueraren gidari izango diran AEII (Aniztasuna, Ekidadea, Irisgarritasun eta Inklusinoa) printzipioak be.

Batzorde Betearazlearen presidentea

Patronatu-bileraren aurretik Batzorde Betearazlea be batu da eta Ahaldun Nagusia izentau dabe organoaren Presidente.

Erakusketak

2023an zehar, Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao soziedadeek artelan ugari erostea onartu dau. Horreetako bat, Lynette Yiadom-Boakye artistearen Abuztuko distira (An August Brightening, 2022) da; lan horri esker, Bildumea aberastu egingo da erretratuari eta pintura figuratiboari jagokonez eta artisteak berak be aniztasuna ekarriko deutsee Museoaren funtsei, Afrikar diasporeak Europan dauen ordezkaria izateaz gan emakume gaztea be badalako.

Beste bat Yayoi Kusamaren Infinituaren isla-gela – Gizakientzako zorion-guraria, unibertsoaz harainditik igorria (Infinity Mirrored Room – A Wish for Human Happiness Calling from Beyond the Universe, 2020) instalazinoa da; obra hori Bilduman orain arte oso nabarmena izan ez dan baliabide baten adibide esanguratsua da, instalazino-artearena, hain zuzen be, eta Bildumearen parametro geografikoak zabaltzen lagunduko dau, jatorri-aniztasunean sakontzen baitau. Pieza biek generoaren kontua mahaigaineratu eta azpimarratzen dabe emakume artistek arte garaikidearen bilakaeran izan daben papela.

Azkenik, Thomas Struth argazkilariaren, gerraostean eraginik handiena izan dauen europar argazkilarietako baten, Publikoa, Florentzia 2004 (2004) saileko lau obra be sartuko dira Bilduman, argazkilaritza-ondarea handitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu