2024ko EuskarAbenturan izena emoteko epea edegi dabe
2023-12-11 10:29 Euskerea berbagai125 gaztek garagarrilaren 1etik 31ra Euskal Herria zeharkatuko dabe.
EuskarAbentura Espedizinoa 2024 edizinoaren izen-emote epea abenduaren 1ean edegi da. Euskal Herriko eta diasporako 15-16-17 urteko gazte euskaldunek 2024ko martiaren 8ra arteko epea izango dabe hautagaitza aurkezteko. Horretarako, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko ditue alkarteak proposautako gai eta formatu bat aukeratuz.
Halanda ze, 2024an, urtero lez, 125 gaztek garagarrilaren 1etik 31ra Euskal Herria zeharkatuko dabe, oinez eta euskeraz.
Jasotako proiektuak, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazinoak ebaluatuko ditue eta apirilaren 24an 125 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda argitarauko da. Espedizino taldeko kideak hautatzeko kontuan izango dira, alde batetik, egin daben proiektuaren balorazinoa, baina baita gazteen jatorria, generoa eta aurkezpen bideoan adierazotako motibazinoa be.
Aurton, hautagaitza bidali nahi daben gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai ditue aukeran:
- 1) Euskera batua eta euskalkiak, Euskera batuak euskalkiak zapaltzen edota baztertzen dituala uste dozu? Edo alderantziz, euskalkiek prestigio gehiago dabela esango zenduan?
- 2) Emakumea eta kirola, egun, kirolaren esparruan parekotasunik ba al dago emakume eta gizonezkoen artean? Emakumeek mutilek adina kirol egiten dabela esango zenduan? Kasualidadea al da hori?
- 3) Utopia, nola irudikatzen dozu etorkizuna? Mundu horretako zein elementu dagoz gaur egun eta zeintzuk aldatu dira?
Era berean, lanak sei formatu posibletan aurkeztu ahal izango dira: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta sormen digitalekoak hain zuzen be.
EuskarAbenturaren zurrunbiloa hauspotzen
Izen-emote epearen edegieraz batera, Euskal Herriko ikastetxeak gogoz eta ilusinoz ezagutzen ari dirala adierazo dabe, bertara joan eta gazteei 2024ko espedizinoari buruzko informazino guztia helarazoten ari dira. Beraz, alkarteagaz harremanetan jartzeko deia luzatzen deutse Euskal Herriko hezkuntza zentro eta gazteei.
Euskerea ardatz
Espedizinoaren 7.edizinoan, EuskarAbentura Alkarteak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailaren laguntzinoagaz, aurrera daroan lau urteko ikerketearen azkeneko atala burutuko da. Ikerketearen helburua da neurtzea, espedizinoak daukan gaitasuna parte hartzen daben gazteen euskerearen erabileran eregiteko eta 2021etik jasotako datuen emaitzak 2025ean argitarauko ditu alkarteak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!