2022an ume eta gazteentzat euskeraz argitaratutako 225 liburu Azokan

Bizkaie! 2023-12-08 13:29   Euskerea berbagai

Gidea plazaratu dau Mondragon Unibersidadeak.

Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeak igaz ume eta gazteentzat euskeraz argitaratutako 225 liburuak aztertu ditu. Azterketa horren emoitzea da 2022ko Ume eta gazte literatura irakur gidea. Argitalpenak hiru kategoriatan sailkatzea da gidearen helburua; hona hemen kategoriok: Liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Horretarako, hizkuntzearen erabilerea, literatura-kalidadea edo gaien tratamendua aztertzen dira, besteak beste.

Zortzi erakundetako 14 profesional (liburuzainak eta irakasle adituak) izan dira gidea egin dauen lan-taldean eta argitalpenak irakurri eta aztertzeko ardurea izan dabe. Ondokoak dira erakundeok: Aramaioko Udal Liburutegia, Bergarako Udal Liburutegia, Eskoriatzako Udal Liburutegia, Legazpiko Udal Liburutegia, Oñatiko Udal Liburutegia, Aretxabaletako Kurtzebarri Eskolea, Eskoriatzako Luis Eceiza Herri Eskolea eta Mondragon Unibersidadea. Gidea koordineteaz Mondragon Unibersidadeko Marikarmen Apraiz arduratu da eta edizino honetako azalaren diseinua Arizmendi Ikastolako Elene Magunazelaia ikaslearena izan da.

Ebaluazio-erispideak

Hauxe izan da taldearen lan-teknikea: Ume eta gazte-literaturan 2022. urtean euskeraz argitaratutakoa irakurtea, gure irakurketak alderatzea eta hizkuntzearen erabilerea, literatura-kalidadea, gaiari emoten jakon tratamendua eta bestelakoka baloretea azaldu dabe gidea ebaluau daben profesionalek. Liburu guztiak irakurri ondoren, lantaldeak hiru kategoriatan sailkatu ditu lanak: Liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Azken kategoria horretako liburuei aitamen bat egin jake.

Liburu bakotxari esleitu deutsen gitxi gorabeherako edadeari jagokonez, gidearen egileek adierazi nahi izan dabe zenbaki hori orientagarria dala; euren esanetan, erritmoak, umeen zaletasunak eta bestelakoak sailkaezinak dira. Gure eretxiz, umeek liburuak askatasunez aukeratzea oinarrizkoa da, baita irakurzaletasuna sortzeko be.

Nabarmendu behar da Ume eta gazte literatura irakur gidea ikusminez esperotako bildumea dala, izan be, urtero, gida hau deskargauenetako bat da Mondragon Unibersidadeak argitaratzen dituan argitalpenen artean.

Mondragon Unibersidadeko Humanidate eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko Ume Liburu Mintegia 1990an hasi zan ume eta gazteentzako liburuen gidak kaleratzen, udal-liburutegietako liburuzainen eta zenbait ikastetxetako irakasleen laguntzeagaz. 2001. urtetik aurrera argitaratutako zenbakiak sarean dagoz eskuragarri.

Konsultatu 2022ko gidea: Konsultatu bilduma osoa (PDF): Ume eta Gazte Literaturea Irakur Gida: 2001etik 2022ra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu