‘Aldatu Aurretik’, Bulego taldearen 2. diskoa plazan

Bizkaie! 2023-12-05 08:11   Musikea

Taldeak Pariseko Euskal Etxean joko dau 2024ko martiaren 2an.



Gazteako zerrendetan lehen postuan behin baino gehiagotan izan diran gipuzkoarrak euskerearen aurreko konpromisoagaitik eta eremu euskaldunetatik harago euren musikea zabaltzeko nahiagaitik nabarmentzen dira. Aitzindariak izan ziran itxialdiaren sasoitik Euskal Herrian aire zabaleko lehen kontzertua atondu eta eskaini ebenean. Euren estreinaldi pandemikotik berezitasunak lagun izan ditue.

Hiru urteko ibilbidean, talde beteranoen esperientziak bizi izan ditue, besteak beste, Japonian eta Finlandian emon ditue kontzertuak. 2023an, 15,000 ikusle baino gehiago liluratu zituen Saguesen, Donostian, euskal musikearen eszenan daben indarra erakutsita. Euren musika-estiloak belaunaldien arteko popa besarkatzen dau. Era berean, buztartze bereizgarri bat islatzen dabe, hainbat audientziatan oihartzuna izan dauena. Era honetara, musika-eszena garaikidean errekonozimendua lortu dabe eta euren musikeak hizkuntzearen trabak hausi ditu.

Aldatu Aurretik Euskal Herriko urteko diskoa izateko aukera handiak dituan lan kontzeptuala da. 10 abestiz osotuta dago, pop zuzena buztartzen dauena eta edukiz betea dagoana. Zea Mays, Oreka TX, Ede eta Ginestà artistakaz alkarlanean euskerea, katalana eta gaztelania batzen ditu azken lanak.

Diskoak aldakeeta ardatz dauen bidaia proponiduten dau eta kantuz kantu gai honen inguruan hausnartzera gonbidetan dau entzulea. Tom letragilearen inspirazino iturri nagusia aitatasuna izan da, baita aldaketa horrek bere barruan loratu dituan sentimendu guztiak be: “Diskoa bere bizitzan aldaketak bizi dituan edonorentzat idatzita dago, danak eten bariik aldatzen gagozalako”.

Maila musikalean, gipuzkoarrek aurreko lanetan baino soinu garbiagoa eta apaindura gitxiagokoa aurkezten dabe. Abestiak -melodiaz, letraz eta harmoniaz osotutakoak- benetako protagonistak dira. 10 abestien artean jantza-giroa iradokitzen daben kantuak dagoz, besteak beste, Ardi Beltzak eta Zurekin. Bestetik, barru-barrutik datozen kantuak be nabarmentzen dira: Ez nintzen Ni Izango, Esa No Sería Yo eta Nondik Hasi, besteak beste. Taldeak eremu barriak miatzeko ahalegina egin dau, 2020an hasi zenetik denpora labur baina bizian hartu dauen heldutasuna erakutsita.

Diseinua eta argazkia Andoni Beristainek egin ditu, BBK Live edo Veuve Cliquot lako markentzat lan egin dauen diseinatzaile eta argazkilari ospetsuak. Artista bisualak diskoaren muina azalean islatu dau. Oso elementu gitxigaz diskoaren eta kantuen sentimendu orokorra argazki bakarrean laburatu ditu.

Felix Davis soinu injineruak Londreseko Metropolis Studion masterizau dau (Dua Lipa, U2, Artic Monkeys, Ed Sheeran) eta Zestoako Gaztain estudioetan produzidu, nahastau eta grabau dabe Eñaut Gaztañagaren agindupean. Disko hau taldearen soinu eta ikusmen iruditerian oinarrizkoa izango dala iragarten da.

Aurkezpen Kontzertuak

02/29 - Bruselan.

03/02 - Pariseko Euskal Etxean.

03/10 - Donostian, Kussaal Jauregian.

03/14 - Lisboan.

03/15 - Santiagon.

03/21 - Baionan.

03/23 - Santanderren.

04/20 - Bartzelona.

04/26 - Iruñea.

04/27 - Gasteizen.

05/17 - Madrilen, Sound Isidro.

Erosi sarrerak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu