Xuxen webgunearen bersino barria kaleratu dabe

Bizkaie! 2023-12-04 13:11   Euskerea berbagai

Horrezaz gan, hizkuntza baztertzaileari aurre egiteko kontsejuak emoten ditue.

Xuxen euskerazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikalaren webgunea barritu dabe; orain, diseinu erakargarriagoa eta erabilteko errazagoa da.

Bersino horrek hizkuntza-erispide barrienak ditu txertatuak, halanda ze, Euskaltzaindiaren Hiztegiko eta Elhuyar Hiztegiko azken aldaketak kontuan hartzen ditu, baita azken urteotan gehitu diran berba barriak, aldatutakoak eta onartuta ez dagozanak be.

Xuxen tresna ezaguna da, izan be, ia hogeita hamar urte joan dira zuzentzailea sortu ebenetik. Ordutik, Microsoft Officeko azken bersinoagaz bateragarria da, eta beste hainbat aplikazinotarako be erabilgarri dago:

  • MS Office: Word, Excel, PowerPoint eta Outlook.
  • LibreOffice, OpenOffice.
  • Firefox eta Chrome web-nabegatzaileak.

Beste hainbat aplikazinotan be erabili daiteke Xuxen barriena: Hunspell-en oinarritutako datuak deskargetako moduan dagoz webgunean eta formatu hori onartzen daben aplikazinoetan erabili daiteke Xuxen; esaterako, Adobe InDesign-en.

Bersino barria ordenagailuan instalauta nahiz online erabii daiteke: xuxen.eus webguneko kutxan berton sartu zuzendu beharreko testua eta sistemeari eskatu akatsak detektau eta zuzenketak proponiduteko.

Xuxen zuzentzaileak, webguneko onlineko bersinoan, pausu bat gehiago egin dau orain arteko bidean, izan be, zuzenketa ortografiko eta gramatikalak proponiduteaz gan, genero-ikuspegia be kontuan hartu dau eta hizkuntza baztertzailea ebitetako kontsejuak emoten ditu, hizkuntzearen erabilera sexistaz ohartarazoz.

Adibideak

  • Emakumeak gitxiesten dituen adjektibo peioratiboen erabileraz ohartarazoten dau: Panpoxa, txolina...
  • Gizonen ezaugarriak eta gaitasunak goresten eta emakumeenak beheititzen dituen esaerak ordezteko proposamenak egiten ditu: Gizon portau beharrean, behar bezela portau edo ederto portau.
  • Oraintsu arte gizonegaz soilik identifikau izan diran ogibideak eta jarduerak molde ez-sexista eta inklusibo batean emotea proponiduten dau: Legegizon beharrean, legelari.
  • Badira zenbait esaera gizonei jagokezanak, emakumeei be zabaldu jakezanak; erregeak beharrean, errege-erreginak; maisuak beharrean, maisu-maistrak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu