'Eskatu Eskaini Euskaraz' kanpainea, martxan
2023-12-04 12:39 Euskerea berbagaiMerkataritzan eta ostalaritzan euskerearen erabilerea sustatzea dau helburu.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak laugarren urtez jarraian martxan jarri dau Eskatu Eskaini Euskaraz kanpainea merkataritzan eta ostalaritzan euskerearen erabilerea sustatu eta erabiltzaileak sentsibilizetako. Helburua bikotxa da abenduan martxan jarten dan kanpaina horrek:
- Herritarrak eta konsumitzaileak aktibau euskerea erosketa eta konsumiduteko unean erabili deien.
- Jarduera ekonomikoa herrian daben merkatari eta ostalariak gonbidau euskeraz gerturatzen diran herritarrari euskeraz keinu egin deien.
Aurtongo kanpaineak bete betean bat egiten dau Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuagaz eta Euskerearen Erakunde Publikoagaz lankidetzan, bagilean martxan jarri eben marka barriagaz: Euskaraz Barra-Barra. Ikur barri horrek euskeraz berba egiteko guneak identifiketea dau helburu herritarrek gune horreetan estres linguistiko barik ibilteko. Barra-barra ikusgai dagozan establezimenduetan, gitxienez, ulermena bermatuta dago establezimendua edegita dagoanean. Horrezaz gan, euskeraz berba egiteko gonbidapena be izan nahi dau marka barriak. Holan ba, establezimendu askotan bat egingo dabe Euskaraz Barra-Barra markeak eta Eskatu Eskaini Euskaraz kanpaineak. Biek dabe euskerearen erabilerea sustatzea helburu.
Gasteizko Oihaneder Euskeraren Etxean aurkeztu dabe kanpainearen laugarren edizinoa eta aurreko urteetan lez, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru aldundiek, udalek (EUDEL eta UEMA) ezeze, mankomunidade ugari eta kuadrillak baita be bat egin dabe. Halanda ze, alkarlanean eta koordinazinoan, baita merkataritza eta ostalaritza alkarteakaz be, oinarritutako kanpainea da aurkeztutakoa. 2023ko ekimen horregaz guztira Arabako zazpi herrik, Bizkaiko zortzik eta Gipuzkoako bederatzik egin dabe bat ekimenagaz, baita UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeko EAEko 107 udalerrik be.
Aurkezpenean, Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek, Gasteizko euskera zinegotzi María Nanclaresek, Arabako Foru Aldundiko Bardintasun, Euskera eta Gobernantzako diputadu Jone Berriozabalek eta Aenkomer eta Gasteiz On merkataritza alkarteetako ordezkariek parte hartu dabe.
Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek adierazo dauenez, Eskatu, Eskaini Euskeraz kanpainea bere ibilbidea egiten dago azken lau urte honeetan udalek kanpainearen aurrean izan daben parte hartze onagaitik. Aurton, barrikuntza bategaz dator kanpainea, izan be, Euskaraz Barra-Barra markea izango daben establezimenduetan be euskera erabilteko gonbidapena egitera dator. Hizkuntza Politikako sailburuordeak azpimarratu dau Euskaraz Barra-Barra markaren garrantzia: Euskerazko hartu-emonak izateko aukerak ugaritzea da geure helburua, gune babestuak sortzea, hizkuntzea estres barik, hain zuzen be. Eta Euskaraz Barra-Barra ekimen barriak horretan lagunduko deusku.
Maria Nanclares zinegotzia erakundeen eta merkataritza alkarteen arteko lankidetzeak emondako ondorioak jorratu ditu: Hemen gagozen erakunde eta alkarte guztiok norabide berean egiten dogu arraun, helburu bategaz: bezeroak eta merkatariak konektetea, hartu-emonak euskeraz izan deiezan. Bai ostalaritzako edo merkataritzako negozio batean sartzen diran personek, bai arreta emoten dabenek, hasieratik euskeraz berba egiteko bildurra galtzea.
Arabako Foru Aldundiko Bardintasun, Euskera eta Gobernantzako diputadu Jone Berriozabalek nabarmendu dauenez, bidezkoa da sektoreak azken urteotan egindako ahalegina autortzea. Araba euskaldunago batean, bertako enpresak, gizarteak berak planteautako aldarrikapenak gogoan hartzen hasi ziran, eskaintzen eben produktu eta zerbitzuei euskerearen balioa erantsiz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!