XXXVI. Rafael Mikoleta euskerazko ipuin lehiaketean parte hartzeko epea edegita

Bizkaie! 2023-12-04 07:40   Kulturea

Lanak, urtarrilaren 26ko 14:00ak arte aurkeztu ahal izango dira.

Bilboko Udalak Rafael Mikoleta euskerazko ipuinen lehiaketearen XXXVI. edizinoan parte hartzeko izena emoteko epea edegi dau. Lehenengo euskal gramatikearen egilearen omenez egiten dan lehiaketearen helburua da 8 eta 16 urte bitarteko Bilboko ikasleen artean euskeraz irakurtzeko eta idazteko zaletasuna biztea.

Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lau mailetako ikasleek urtarrilaren 26ra arteko epea dabe ipuinak aurkezteko.

Bilboko Udalak 1988az geroztik atontzen dau lehiaketea, euskeraz irakurtzeko eta idazteko zaletasuna zabaltzeko eta euskal literaturea sustatzeko, istorioak irudikatzeko, sortzeko eta hitzez adierazoteko aukerea emonez. Guztira, 1.004 ipuin aurkeztu ziran lehiaketeara aurreko edizinoan.

Gai librekoak, hori bai, baldintza ugari bete beharko ditue, besteak beste, euskeraz idatzita egotea eta marrazkiak izatea; lanak urtarrilaren 26ko 14:00ak arte aurkeztu ahal izango dira Bilboko Udaleko Euskerako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazinoarteko Gaietako Saileko Euskerako Zuzendaritzan (Venezuela plaza 2, 7. solairua, 48001, Bilbo).

Horrezaz gan, epaimahaia, literaturearen munduari lotutako personek osotuko dabe: Eneko Zuloaga, Galder Urzaa, Goizalde Landabaso, Igone Etxebarria, Irune Urrizelki, Juan Ramon Madariaga, Lutxo Egia eta Txani Rodriguez hain zuzen be. Maiatzean emongo dabe erabagia.

Kategoriak eta sariak

- 14 sari banatuko dira, lau kategoriatan (A, B, C eta D):

  • Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak, A kategorian
  • Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak, B kategorian.
  • DBHko 1. eta 2. mailak, C kategorian.
  • DBHko 3. eta 4. mailak, D kategorian.

- Kategoria horreetako bakotxean hiru sari banatuko dira:

  • 1. saria: 200 euroko balioa daben opariak.
  • 2. saria: 160 euroko balioa daben opariak.
  • 3. saria: 120 euroko balioa daben opariak.

Bilbo Balioan Uria Saria

Bilbo Balioen Uria saria emongo da baita be, Bilboko Balioen Agirian jasotako balioetakoren bati erreferentzia egiten deutsen ipuinen artean sari bi emonez. Horreetako bakotxak, 170 euroko balioa du, eta DBHko ikasleentzat dira biak.

Lehiaketearen oinarriak udal webgunean eta Bilbo Euskeraz orrian dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu