Julio Soto da 2023ko Nafarroako txapelduna

Bizkaie! 2023-12-04 08:16   Bertsolaritzea

Gorritiarrak seigarren txapela irabazi dau.

Julio Soto (Bertsoa.eus). | Ikusi handiago | Argazki originala

2.350 lagun alkartu dira Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala zuzenean jarraitzeko. 15:00etan edegi ditue aretoko ateak, eta behin pistako eta harmailetako aulkiak beteta, 17:00etan urten dabe oholtzara bertsolariak, inoizko finalik jentetsuenari hasierea emoteko. Zozketeak erabagitako ordenean ibili dira kantari bertsolariak: Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Altzuri, Saioa Alkaiza Guallar, Xabat Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez, Saats Karasatorre Martinez, Sarai Robles Vitas eta Julio Soto Ezkurdia. Ainhoa Larretxea Agirrek egin ditu aurkezle lanak eta Ander Aranburu Arriola ibili da gaiak emoten.

Ekitaldiaren lehen zatian, bost ariketetan ibili dira zortzi bertsolariak: binaka zortziko handian, binaka zortziko txikian, banaka puntu erantzunean, binaka hamarreko txikian, eta banaka bakarkako lanean. Ariketa horreetan Eneko Lazkozek eta Julio Sotok batu ditue puntu gehien eta horrenbestez, buruz burukora pasau dira. Atal horretan, puntuka eta seiko motzean ibili dira hasierean eta ganbarako lanagaz amaitu dabe eguneko saio puntuagarria.

Horren ostean adierazo dabe txapeldunaren izena. Hain zuzen be, Julio Sotok, Nafarroako Bertsolari, Txapelketako bere hamaikagarren finalean eta 1048,5 puntugaz, irabazi dau txapela, bere ibilbidean seigarrena. Holan gelditu da finaleko sailkapena:

  • Julio Soto: 1048'5.
  • Eneko Lazkoz: 1045'5.
  • Xabat Illarregi: 635'5.
  • Joanes Illarregi: 601.
  • Saioa Alkaiza: 594.
  • Josu Sanjurjo: 569'5.
  • Saats Karasatorre: 556.
  • Sarai Robles: 550'5.

Sei epaile izan dira epaimahaian bertsolarien lana epaitzeaz arduratu diranak: Aimar Sagastibeltza Caballero, Amaia Telletxea Larretxea, Joseba Beltza Bengoetxea, Mikel Beaumont Arizaleta, Nerea Bruño Artazkoz eta Saioa Mitxelena Irazoki.

Alaitz Rekondo Ferrerok jantzi deutso txapela aurtengo irabazleari, eguneko unerik hunkigarrienetako batean. Modu horretan, bertsolari, gai-jartzaile eta azken hamabi urteetan Nafarroako Bertsozale Alkarteko buru bezela egindako ekarpena eskertu nahi izan deutso alkarteak. Euskal Herriko Bertsozale Alkartearen izenean, Ainhoa Markinezek emon deutso Oaia Peruarena sortzaile beratarrak egindako artelana txapeldunari. Gainontzeko sariak Nafarroako bost kultur alkarteko ordezkariek emon ditue: Atarrabiako Etxe Beltza eta Karrikaluze, Etxarri Aranazko Karrikestu, Irurtzungo Pikuxar eta Txantreako Euskaldunon Biltoki.



Bide baten azken geltokia

Urriaren 7an hasi zan txapelketea, Iruritan. Baztango bailaratik igaro, eta Viana, Uharte, Leitza, Altsasu, Agoitz eta Lesaka pasa ostean, Iruñean bukatu da ibilbidea.

Beraz, Nafarroako eskualde ugari zeharkatu ditu Nafarroako 46. Bertsolari Txapelketeak, bidean bertsogintzea zabalduz, eta horregaz, euskerea eta euskerazko kultur sorkuntzea lurraldean zabalduz. Bidean, 4.000 lagun inguruk egin dabe bat txapelketeagaz, eta Nafarroako bertsolaritzea sendo, osasuntsu eta ahots anitzez agertu da jentaurrean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu