Eremu digitalean euskereak behar dauen indarra nabarmendu dabe
2023-12-04 07:45 Euskerea berbagaiGaituri esker munduan grabazino ordu gehien batu dituan 12. Hizkuntza izatea lortu dau euskereak.
Euskerearen Nazinoarteko Egunaren ekitaldiaren buru izan da Iñigo Urkullu Lehendakaria. Donostian, Tabakaleran egindko ekitaldian Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Josu Erkoreka Lehenengo Lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun Sailburua, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Nerea Melgosa Bardintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Eneko Goia Donostiako alkatea be izan dira beste agintari eta euskalgintzako eta euskal gizarteko ordezkariakaz batera.
Aurtengo ekitaldiaren ardatz Kultura eta Hizkuntza Politika sailak martxan dauen gaitu.eus kanpainea izan da. GAITU-Hizkuntza-teknologien ekintza-plana 2021-2024-k jasoten dauenez, hizkuntza-teknologietan aurrera egiteko eta euskera garapen teknologiko handiko Europako hizkuntzen artean jarteko beharrezkoa da eremu digitalean be euskerearen presentzia areagotzea. Helburu hori dau Gaitu-Common Voice kanpaineak be: Audio-grabazinoen datu bilduma librea sortzea ahots-teknologiak garatzen dituan edozein enpresak edo ereakundek hori erabilita, produktuak euskeraz garatu ahal izateko: Batu daiguzan gure ahotsak goiburupan, euskal hiztunei gaitu.eus atarian sartzeko eskatzen jake beren ahotsa grabau eta holan, euskal hizkuntza eta kulturearen garapenari ekarpena egiteko. Zenbat eta ahots eta grabazino gehiago, orduan eta zabalagoa izango da teknologia barriek lantzeko izango daben datu eta materiala.
Gaur egun Common Voice proiektuan 205 hizkuntza dagoz, horreetatik 131 martxan, grabazinoak egiten, hain zuzen be, tartean euskerea, eta beste 74 hizkuntza prestaketa lanetan. Urrian Gaitu kanpainea martxan jarri zanetik euskerea mundu mailan grabazino ordu gehien pilatzen dituen hizkuntzen artean hamabigarrena da (131 hizkuntzako zerrendan) italierea eta japonierea lako hizkuntzak gaindituz. Danetara, 171.149 esaldi lokalizau eta atondu dira eta ondoren plataformara igon dira. 8.232 hiztunek parte hartu dabe grabazinoetan. Guztira, 518 ordu grabetea lortu da (grabautako ordu kopurua hirukoiztu egin da hile bitan).
Erronkak
Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu dauenez, Hezkuntza sistemea izan da euskerea bizibarritzeko izan dogun biderik eraginkorrena, oparoena. Aurrerantzean be holan izango da. Lehendakariak gaineratu dauenez, herritar trebatuak nahi ditugu, ezagutzen ez dogun etorkizunari aurre egiteko tresna eta baliabide egokiak izango dituen erispideak dituenak; eta argi dago hizkuntzak tresna garrantzitsuak izango dirala, etxeko eta lagunarteko hartu-emonetarako.
Erronken artean eremu digitalean be euskereak izan behar dauen presentzia azpimarratu dau Iñigo Urkullu Lehendakariak: Mundu barria dator eta gure Herriak bere lekua topau nahi dau mundu barri horretan. Koldo Mitxelenak esan eban bezela, euskereak be bere lekua behar dau, nahikoa leku, beste hizkuntzen artean, bizi daiten eta aurrera egin daian. Aurtengo Euskerearen Nazinoarteko Egunak mundu barri horri begira jarri gaitu, mundu digitalari begira. Erronka barria da, bizi dogun garaiari jagokona. Horretan gabiz eta erronka barri horretan be aurrera goaz.
Euskararen Eguneko Adierazpen Instituzionala
Egunaren harian adierazpen instituzionala be kalean da: Euskal hiztunon ahotsa, euskerearen zabalbide. Euskal hiztuna, euskerearen zabalkunde digitalaren eragile nagusia izenburupean mundu digitalean euskerearen presentzia indartzeko beharra azpimarratzen da: Euskeraren zabalkunderako aro digital barria hasi da, inplikazino personalaren bidez eta komunidade gisa jarduteko momentua heldu da. Hartu daigun geure esku adimen artifizialaren bidetik jatozkuzan lanabesak euskeraz funtzionetako bidean gogor jarteko ardurea, erakutsi deiotsagun euskeraz lan egiten geure eguneroko jardueran ezinbesteko lankide dogun tresneria digitalari.
Euskararen Eguneko adierazpen instituzionalak jasoten dauenez, euskal hiztunen komunidadeak bere buruari zor deutso ahalduntzeko bide honetan urrats erabagigarriak egitea, digitalizazinoak sortutako beharrak asetzea. Adierazpenean gaineratzen danez, ahalegin hori euskerara hurreratzen dabizan herritar guztiei be zabaldu behar jake euskal herritarren komunidade eleaniztunak alkartasunez, harrotasunez eta kontzientzia betean bizi deien euskerearen aurrerabide digitala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!