Aisiola, Gaztetxo Eskolea eta Urtxintxa Eskola alkarteak saritu ditue

Bizkaie! 2023-12-01 13:43   Euskerea berbagai

Euskerearen Nazionarteko Egunaren harian.

Bilboko alkate Juan Mari Aburto Euskerearen Nazinoarteko Eguna dala eta, Udalak urtero atontzen dauen omenaldiaren buru izan da. Aurton, Bilboko Udalak aisialdiko begiraleentzako euskerazko trebakuntzan dagozan hiru alkarteren lana eta konpromisoa eskertu nahi izan dau: Aisiola Alkartea, Urtxintxa Eskolea eta Gaztetxo Eskolea hain zuzen be.

Ekitaldian, alkateagaz batera, Eider Inunciaga Euskerako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazinoarteko Gaietako zinegotzia eta udalbatzako beste kide batzuk izan dira. Saritutako alkarteen ibilbidearen hiru bideo labur proiektau ondoren, Darío Urzay artistearen grabatua emon deutsee alkarteotako ordezkariei. Bertoratuek Bilboko txistulari-taldeaz gozau dabe, txokolate bero bat hartu ondoreno.

Udalak bat egin dau Eusko Jaurlaritzeak proponidutako Euskerearen Egunaren Adierazpen Instituzionalagaz. Aurtongo goiburua da: Euskal hiztunon ahotea, euskerearen zabalbide. Euskal hiztuna, euskerearen zabalkunde digitalaren eragile nagusia.

Omendutako hiru alkarteetako zuzendariek, Josune Bañales, Mertxe Luengo eta Asier Bilbaok, berba egin dabe Udalaren autorpen sinboliko hori eskertzeko. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok adierazo dauenez: Aisialdi hezkidetzailea, indartua, parte-hartzailea, inklusiboa, plurala eta euskalduna. Ez da gitxi hiru alkarteok orain zenbait hamarkadatik eskaintzen dabena. Milaka personari ezeze, beste alkarte, enpresa eta erakunde publiko batzuei be emoten deutse prestakuntzea, beti balioetan oinarritutako aisialdi hezitzailea jomuga hartuta, begiraleak, zuzendariak eta gizarte, kulturea eta euskera-sustatzaileak euskeraz trebatzeko. Zorionak eta eskerrik asko.

Aisiola

Aisiola Euskadiko Ikastolen Federazinoaren aisialdiko trebatzaileen eskolea da. 2001ean sortu eben eta urtero 500 ikasle inguru ditu, 26 trebatzailez osotutako talde baten ardurapean. Alkarteak umeen eta gazteen aisialdi hezigarria sustatzeko egiten dau lan, euskerazko hezkuntza ez-formalaren bidez eta lan ekosozialean jarten dau arretea. Aisiolaren ustez, euskerea, gizartea eta ingurumenagazko errespetua oinarrizko balioak dira eta olgetea eta sormena ikaskuntza eta garapen-tresna espezifikoak. Ganera, kalidadeko prestakuntza euskalduna eskaintzeko egiten dau lan hezkuntzearen eremu ez-formalean eta informalean.

Gaztetxo Eskolea

Etenik barik ibili da lanean 1980-81 ikasturtetik eta bere jarduera nagusia hezkuntza-aisialdiko hezitzaileak trebatzea da. Halanda be, begirale, zuzendari eta gizarte eta kultura-sustatzaile izateko ikastaroak atontzen eta emoten ditu. Hiru ikastaro ofizial horreez gan, gazteria, hezkuntzea, hirugarren sektorea eta bestelako batzuentzat lotutako jarduerak, jardunaldiak, foroak, kongresuak eta bestelakoak be atontzen ditu.

Urtxintxa Eskolea

Urtxintxa Eskolan 4.000 persona baino gehiago trebatu dira aisialdiko begirale, zuzendari eta dinamizatzaile lez 1986an sortu ebenetik. Aisialdiko alkarte, enpresa eta erakunde publiko askok be prestakuntzea jaso dabe eskolearen bidez. Horrezaz gan, hezkuntza ez-formala lan-arlo nagusitzat hartuta, Urtxintxa Eskoleak ikastetxeei eta kultura-erakundeei laguntzen deutse feminismoari, euskereari, kulturartekotasunari, dibersidade funtzionalari, parte-hartzeari eta inklusinoari buruzko programen bidez.

Euskeraren eguneko 2023ko adierazpen instituzionala

Urtero lez, Udalak bat egin dau Eusko Jaurlaritzeak proposautako Euskerearen Egunaren Adierazpen Instituzionalagaz. Testuak jasoten dauen bezela, digitalizazino aurreratuaren garai honetan, adimen artifiziala eragile ezeze kultur, komunikazino eta gizarte garapenaren bektore nagusi bilakatzen dagoanean, erronka barri bat heldu da geure komunidadera. Euskerearen zabalkunderako aro digital barria hasi da, inplikazino personalaren bidez eta komunidade bezela jarduteko unea heldu da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu