Zetak taldeak estasiari abesten deutso 'Deskontrola' abesti barrian

Bizkaie! 2023-12-01 11:16   Musikea

Deskontrola da Aaztiyen album barria publikau aurretik kaleratu dan hirugarren singlea.

Zetak-ek Deskontrola abestia kaleratu dau plataforma guztietan, Aaztiyen album barriko hirugarren aurrerapena. Pello Reparazek emozino barri bati atea edegi deutso: Estasia edo gainezkaldia: Arbizun izandako jazoera batzuei musikea zein berbak jarten deutsoz errealidadearen mugak non dagozan zalantzan jarten dituan bitartean.

Zetak-eko buruak, Pello Reparazek, autortu dau Aaztiyen albumeko abesti agresiboena da Deskontrola: Abestiak estasi emozinoari heltzen deutso, Aaztiyen album barriak izan leiken agresibidadearen espektroan Deskontrolak mugea jarten dau.

Bai Zu-n eta bai Aralarko Dama-n Aaztiyen izango danaren pistak emoten joan gara eta oraingoan iruditegi hori zabaldu egiten dogu ahots prozesatuari esker autortu dau musikariak. Deskontrola singlean Pelloren eta bere barruko ahots ilunen arteko alkarrizketea entzun daiteke: Oso faktore garrantzitsua da hau album osoan zehar.

Aro eta uniberso estetiko barria Zu singleagaz estreinatu zan urrian. Ondoren, Aralarko Damak emon eutson sonoridade barriari jarraipena euskal instrumentu tradizionalak proiektuan sartuz. Oraingoan, Pellok bere barruko ahots prozesaduakaz izaten dau bakarrizketea Aaztiyen unibersoaren imajinarioa zabalduz. Ez hori bakarrik, Deskontrola abestiaren bideoklipean fikzinoa eta errealidadea nahasten dira Aritz Kortabarria aktoreagaz. Espektro barri bat sortzen da sinbologia eta imajinarioari jagokonez eta Aaztiyen ulertzen laguntzen deusku.

Oso pozik nago abesti honegaz. Zetak gaur egun dana ondo ulertzeko ezinbestekoa da single barri hau. Abesti honek, zeozelan, bueltan ekarten dau Zetak sortu neban garaiko alde agresiboena eta indartsuena. Hiru single honeekaz argi itxi nahi dogu uniberso barria eta sonoridade barria sortzeaz gan helburu barri eta handiagotuak ditugula: Gurea dana ahalik eta urrunen eroatea, gure moduan, eta gure hizkuntzeari omen eginez, autortu dau Reparazek.

Durangoko Azokan, abenduaren 6an plazaratuko dan Aaztiyen album barrian sorpresak dagozala autortu dau Pellok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu