Kate motzean

Patxi Saez Beloki 2023-12-01 13:56   Euskerea berbagai

Kate motzean eta larre motzean nahi ditue euskerea eta euskaldunak.

Kate motzean eta larre motzean nahi ditue euskerea eta euskaldunak, batez be, Administrazino Publikoan. Hamabost baino gehiago dira, azken hiru urteotan, Espainiako epaitegietatik Administrazino Publikoan euskerearen zabalkundearen aurka plazaratutako sententziak. Gehienak udal-administrazinoaren aurkakoak izan dira, herritarrakandik gertuen dagozan herri erakundearen aurkakoak, herritarrei harrerea egiterakoan aurrez aurreko hartu-emonetan egin beharreko lehen hizkuntzea euskerea izatea ukatzeraino. Zer gatx egiten dau egun on batek?

Gizakiak bere gizakitasunetik maila bitako behar naturalak ditu: Alde batetik, norbanakoari jagokozan oinarri-oinarrizko beharrak ditu, behar fisiologikoak, bizirik irauteko nahitaezkoak (elikatu, jantzi, lo egin, librau bere burua garbitu, osasuna jagon...). Eta, beste alde batetik, gizarte mailako beharrak ditu, ganerako gizakiakaz dituan hartu-emon edo gizarte mailako alkarrekintzetatik sortutako beharrak (segurtasuna, familia sortu, lagunak izan, onarpena, estatus bat lortu, prestigioa, arrakastea, autoerrealizazinoa...). Hain zuzen be, hizkuntza bat (geurean euskerea) bere hiztunen beharrizanak asetzeko tresna baliogarria dan neurrian bihurtuko da ezinbesteko edo—baliorik ezean— hutsaren hurrengo. Eta hor Administrazino Publikoaren jarduna erabagigarria da, izan be, Administrazino Publikoa baita gizakiaren oinarrizko behar natural horreen guztien kudeatzaile nagusia.

Administrazio Publikoak gizakiak bizirik irauteko oinarrizkoenak dituan beharrak kudeatzen ditu, besteak beste, oinarrizko diru-sarrerak bermatzeko errentearen bidez, baita gizakiak bere behar fisiologikoak asetzeko janleku, loleku, garbileku, pixaleku, kakaleku, janzleku, pausaleku, egonleku, babesleku, bizileku eta beharleku dauen etxebizitza lortzeko programea eta prestazinoen bidez be. Eta zer esanik ez, etxebizitzeagaz lotutako notaritzea, jaubetza, erregistro, ogasuneko zergea, ur agentzia, estolderia, zaborrak batzeko zerbitzua eta bestelakoen kudeaketearen bidez be. Administrazino Publikoa dogu osasungintzea eta poliziaren bidez oinarrizko giza segurtasunaren eta osasun arreta unibersalaren kudeatzaile. Eta, era berean, hezkuntza-sistemea nahiz lanbide sustapenaren bidez, ogibidea, bizibidea, estatus soziala eta autoerrealizazinoa lortzeko bideak emoten deutso gizakiari. Halanda ze, Administrazino Publikoaren jarduna erabagigarria da gizakiak dituan funtsezko beharrizanak kudeatzeko eta euskerearen normalizazinoa lorbidean jarteko.

Administrazinoak gizarte atonketearen maila guztietan dauen eregina itzela da. Populazinoaren % 18k egiten dau lan Europar Batasuneko Administrazino Publikoan (Euskal Herrian kopuru bertsuetan gabiz) eta Administrazinoaren indar ekonomikoak (Barne Produktu Gordinaren % 20 Administrazinoaren kontratazinoari jagoke EAEn) traktore lana egin leiken arlo sozioekonomikoak euskerea bere ohiko jarduerearen komunikazino hizkuntza bihurtu deian, izan be, lana da gizarte atonketearen jarduerarik garrantzitsuena eta gizakion gaztaro eta heldu aroko bizi denporarik gehien eroaten deuskuna.

Administrazino Publikoa euskerearen arnasgune bihurtuko bageunke, euskeraz biziteko bidearen tarte handia egina egongo litzateke. Baina, ez daigun ahaztu, Euskerearen Herriko zazpi lurraldeetako zatirik handiena kudeatzen dauen Espainiako eta Frantziako administrazinoek ez dabe euskeraz egiterik modu ofizialean. Euskerea ez da ofiziala Euskal Herri kontinentaleko Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako lurraldeetan, ezta Euskal Herri peninsularreko Nafarroako lurraldearen zatirik handienean be, ezta Arabako lurraldearen barruan kokatutako Espainiako Gaztela eta Leongo Burgos probintziako administrazinoaren kudeaketapeko Trebiñu Konderriaren lurraldean be. Beraz, XXI. mendearen hasmentan, oraindino be, Frantziak eta Espainiak kate motzean eta larre motzean nahi dabe euskerea eta nahi gaitue euskaldunak, batez be Administrazino Publikoan.

 

Patxi Saez Beloki, soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzorkeko kidea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu