Berrobiko eta Lezoko Udalek UEMAko kide izatea erabagi dabe
2023-11-30 09:45 Euskerea berbagai106 udalerri izango dira UEMAko kide abenduaren 16tik aurrera.
Pasa dan astean Hondarribiak eta aste honetan Lezok eta Berrobik erabagi dabe UEMAko kide izatea.
Berrobi
UEMAko kide izatea erabagi dau Berrobiko Udalak, zemendian egin dauen udal osoko bilkuran. Abenduaren 16an dau UEMAk batzar nagusia, eta batzarkideek orduan aztertuko ditue herri barrien eskaerak. Berrobi gehituta, halanda ze, Tolosaldeko 28 udaletatik 23 dira UEMAko kide. Berrobi Bizi herri plataformako 5 ordezkarien aldeko botoekaz eta PSE-EEren zinegotziaren aurkako botoagaz hartu dabe erabagia.
Datu soziolinguistikoei jagokonez, euskaldunen indizea %87,5 da Berrobin, baina beheranzkoa da joerea. Euskerea lehen hizkuntza duten herritarren ehunekoak hamar puntu egin dau behera azken 20 urteotan: %62 da gaur egun. Berrobi Gipuzkoako udalerria da. Tolosaldean dago kokatuta, eta 581 biztanle ditu.
Nagore Segurola Berrobiko Euskera zinegotzia gustura agertu da herriak hartutako erabagiagaz. Udal osoko bilkura amaitu ondoren adierazo dauanez, orain heldu deutse UEMAko kide izateko aukerari: "Izan be, bagilean hartu genduan Udalaren gidaritza. Harrigarria iruditzen jakun Berrobi UEMAko kide ez izatea. Egia esan, erronka personal modura hartu dot, oso garbi ikusten bainuen bertan egon behar genduala. Taldekideen babesagaz baiezkoa emon dogu".
Lezo
Lezoko Udalak, zemendiko Udal osoko bilkuran hartu dabe erabagia, EH Bilduren (5) eta EAJren (4) aldeko botoegaz. PSE-EEk (1) aurkako botoa emon dau. Lezo gehituta, 106 udalerri batuko ditu UEMAk abenduaren 16tik aurrera. Guztien artean 332.000 biztanleko lurgune euskalduna lortu dabe.
Lezo Gipuzkoako ipar-ekialdeko udalerria da. Jaizkibel mendiaren eta Pasaiako badiaren artean dago kokatuta, Oarsoaldea eskualdean, Errenteria, Pasaia eta Oiartzun herriez batera. 6.011 biztanle ditu.
Datu soziolinguistikoei jagokonez, udalerri euskalduna izentautzeko ezinbestekoa dan %70eko euskaldunen indizera (euskaldunak + ia euskaldunak/2) lehen aldiz heldu da aurton.
UEMAk abenduaren 16an egingo dau urte amaierako batzar nagusia, Orion, eta orduan aztertuko ditu UEMAko kide izateko Zeanurik, Mendexak, Hondarribiak, Berrobik eta Lezok egindako eskaerak. Eskaerak onartuz gero, 106 udal izango dira UEMAko kide abenduaren 16tik aurrera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!