Seynabou Male Cissé-k Ignacio Ellacuría saria jaso dau

Bizkaie! 2023-11-30 09:03   Kulturea

Euskal lankidetzari emondako laguntzinoa eta bakea bilatzeko emakumeen papela autortuz.

Iñigo Urkullu, Seynabou Male Cissé eta Nerea Melgosa. | Ikusi handiago | Argazki originala

Iñigo Urkullu Lehendakariak 2023ko garapenerako lankidetzako Ignacio Ellacuria Saria emon deutso Seynabou Male Cisséri. Senegal Hegoaldeko Casamanceko gatazkan bakea eta emakumeen eskubideak sustatzen ditu. Hautagaitza, Mundubat GGKEk proposau eban.

Lehendakariaz batera, Bardintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Nerea Melgosa, eta eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak, Paul Ortega, egon dira.

Epaimahaiak defendatzaile afrikarraren lana autortu dau gizarte bidezkoagoa eta bardintasunezkoagoa sortzeko konpromisoagaitik, eta gatazketan alkarrizketea eta bakea eregiteagatik. Emakumeen eskubideen aurrean errespetua eta bardintasuna defendiduta, horreen parte-hartze aktiboa sustatzeagaitik. Horrezaz gan, sari horrek euskal gizartea Afrikan ahaztutako krisi eta gatazkak ikusarazoten eta horreei buruz kontzientzietan lagunduko dau.

Lehendakariak autortu dauenez, aurtongo Ignacio Ellacuría Saria Casamance eta Euskadiren arteko topagunea da, Senegalgo eskualdearen historia hurbilak Euskadikoegaz dauen antzekotasunari erreferentzia eginez. Historia mingarria, indarkeriaz eta sufrimenduz betea, zauriz eta bakearen eta bizikidetzaren aldeko borroka etengabeaz betea. Urkulluk ganeratu dau, Madame Cisséri emondako Ellacuria saria bakearen eraikuntzan emakumeek duten paperaren aldarrikapena be dala.

Bukatzeko, Lehendakariak eskerrak emon deutso Seynabou Male Cissé aktibistari euskal lankidetzaren bidelagun izateagatik, eta Ignacio Ellacuriaren giza konpromisoaren eta justizia sozialaren legatuari jarraipena emoteagaz.

Emakumeak Afrikako bake prozesuetan

Seynabou Male Cissek Casamanceko Bakearen aldeko Emakumeen Alkartasunerako Eskualde Batzordeko USOFORALeko ordezkari bezela egin dau berba. Eskualdeak intensidade txikiko gerra zibila bizi dau 1982tik, eta 5.000 hildako eta 30.000 eta 60.000 arteko desplazatu inguru eregi ditu.

Erakunde hori eLankidetzak babesten dau, Mundubat euskal GGKEaren bitartez. Madame Cissék sortu eban 1999an, beste emakume batzuekaz eta bakearen eta garapen ekonomikoaren aldeko emakume ekintzaileen alkarteetako kideekaz batera.

Ekitaldian, saria eskertu dau, eta Casamanceko emakumeak zein mundu osoan giza eskubideen urraketak pairatzen dituen personak gogoratuz, haien borrokak eta erresilientzia inspirazino iturri amaigabeak dira.

Seynabou Male Cissé

Seynabou Male Cissé emakumeen eskubideen aldeko ekintzaile senegaldarra da eta bakearen aldeko aktibista nagusienetakoa Casamance eskualdean. Defendatzailea, 1952an jaio zan Gandiayen, Kaolack eskualdean. Geografian lizentziaduna eta masterra lortu ondoren, 25 urtez, Ziguinchor uriko Djignabo Bigarren Hezkuntzako irakaslea izan zan. Gaztetatik gizarte mobimenduetan eta bardintasunaren aldeko borrukun ibili da.

2010ean, Cissé Plateforme des Femmes pour la Paix en Casamance (PFPC) koalizinoaren sustatzailea izan zan. Koalizino horrek batu zituan gizarte zibileko 210 tokiko erakunde eta eskualdean bakearen eta justiziaren alde lan egiten daben 40.000 emakume baino gehiagoren alde. 2013an, Women´s World Summit Foundation (WWSF) erakundearen Women´s Creativity in Rural Life saria jaso eban.

Lankidetzarako eta alkartasunerako saria

Ignacio Ellacuría sariak El Salvadorren, 1989an, militarrek eraildako euskal filosofo eta teologoaren izena eroaten dau. Sariaren helburua da, Euskadiko nahiz beste herrialderen bateko erakunde, kolektibo edo norbanakoek herrien arteko bardintasun, justiziaren alde eta pobrezia garaitzeko egindako lana autortea. Eusko Jaurlaritzak emoten dau eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu