Aralarreko bista ederrak, Amezketatik igonda

Amaia Larruzea 2023-11-30 08:41   Ibilian-ibilian

Probintzia bien mugan, bestelako paisajeak dagoz.

Herri berezia da Amezketa; euskalduna, etxekoa, naturazalea, kirolzalea, luze deskribidu geinkena. Hasieran, txiki ikusten dan arren, lurrazal zabala da. Baserri eta auzo ugari dagoz sakabanauta, herriguneaz aldenduta.

Frontoirako jokerea eta eskupelotan afizino handia dagoz herrian, izan be, Altunatarrak bertokoak dira. Akaso, orain gitxi irabazitako txapelketak, zaletasuna indartu egin da herrian. Pelotaz gan, mendi inguruan bizi dira amezketarrak, beraz, naturearen aurreko atxikimendua eta pasinoa nabarmenak dira hareen izakeran. Gipuzkoako eta Nafarroako mendien gordeleku aparta da.

Oraingoan, Amezketara heldu, eta bertotik, Pernando Amezketarraren bidetik egin dogu aurrera eta geure ibilbideari hasierea emoteko, Arrondo auzoaren eta Mina bidearen artean dagozan aparkalekuetara igongo dogu. Hori bai, azken zatia, ez da bape aproposa autoentzako, izan be, beheko  golpe ederra hartzeko arriskua dago, beraz, kotxe bajua bada, hobe beheko aparkalekuan ixtea. Behin aparkauta, Buruntzunzingo iturritik pasauko gara eta Arritzagako erreka paretik egingo dogu aurrera, minetako eta meategietako bideetatik.

Aralarko aldetik ibilten ohituta gagozanez, alde eta zonalde hau ez genduan ezagutzen eta benetan dinotsuet, ikaragarri polita iruditu jatela. Egia da, gora-behera eta aldatz handiak dagozala, basoak eta mendiak eta Piriniotako toki askoren itxurazko pasajea. Ganera, meategien aztarnak oso adierazgarriak dira, izan be, seinalizau egin ditue eta, horrezaz gan, konserbazino lanak egin eta azalpenak jarri ditue, primerako erakusleiho bihurtuz.

Handik gora eginez, Txindoki mendiaren ikuspegi aparta dogu geure bizkar aldean eta eskumara begiratuta, Ganbo inguru guztia. Aurrean, barriz, Uragorri eta Artubi mendiak ikusten dira eta beherago Balerdi mendia eta Gaintza eta Nafarroa aldea. Aukera ederra da, ibilbide hau Balerdi mendiagaz lotzea.

A ze inguru polita! Ikuspegi ederrak eta Aralarreko parke naturalaren begirada zabalagaz. Gomendagarria bueltea emotea, eta horren ostean, Amezketan bazkari ederra egitea!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu