Eneritz Gorritxategi: 'Kantu guztiak feminismoaren ikuspegia ardatz hartuta eginda dagoz'
2023-12-04 07:55 Barriketan2022ko hasieran sortutako talde berriztarra idartsu dabil, aurten Herri Urratsen jotekoak izan ziran arren, euriak hankaz gora jarri eban kontzertua eta 2024an ikusiko doguz Senperen. Halan da be, makinatxu bat kontzertu emon ostean, Haize Arrosa taldeak lehenengo diskoa dakar Ez dogu zor ezer eta seguru sarrerak agortuta dagozala kontzertu gogoangarria eskaini dabela Berrizeko Kultur Etxean.
Aitatu singleak elektro-triki-pop erritmoa dakar eta Doctor Deseo taldeko Francis Diezek ahotsa sartu dau; abestiak gizarteak edertasunaren inguruan sortutako kanonak kritiketea dau helburu, gorputz normatiboetatik harago bizitza zoragarriak dagozalako eta hori aldarrikatzea eta jagotea bizitza bera defendidutea dalako.
Abestiaren berbak Onintza Enbeitak idatzi ditu baina Francis Diez, Itziar Ituño, Juanjo Otero, Marina Ostolaza eta Uxue Santa Eufemiak bekolaborau dabe berriztarrakaz.
1.- Aurten, martian egin zenduen zuon lehenengo diskoaren aurkezpena baina hortik aurrera makinatxu bat kontzertu emon dozuez, baita Herri Urratsen be....
Aurten Herri Urrats eguna, euritsua izan zan eta ez genduan kontzerturik emon, bezperan abisau euskuen uriolak eta zirala Senperen eta bertan behera geratzen zala gure kontzertua; baina zaleek jakin deiela 2004ko Ipar Euskal Herriko ikastolen alde joko dogula eta gogotsu gagoz hitzordua noiz etorriko zain.
Ganerakoan, kontzertuak emoten ibili gara bai, pilo bat emon doguz eta igarri dogu jenteak ez zituala gure kantuak ezagutzen baina gustora egin doguz eta jentearen harrera eta sensazinoak ezagutzeko balio izan deuskue.
2.- Kontzertu gogoangarria abenduaren 2an emon dozue Berrrizeko Kultur Etxean, sarrera guztiak agortuta. Espero zenduen holakorik?
Ez. Sarrerak di-da agortu ziran eta zurtz eginda geratu ginan. Kontzertua berezia izan da, lehenengoa diskoa aurkezteko eta kolaborazino asko izan genduzan, besteak beste, Abarkas, Miren Amuriza, Igor Arzuaga, Iker Lopez Bergara eta La Pulga.
3.- Elektro pop feministea ei da zuok lantzen dozuena. Holan da ala zehaztasunen bat gehituko zeunke?
Bai holako musikea egiten dogu eta kantu guztiak feminismoaren ikuspegia ardatz hartuta eginda dagoz, holan sendiduten dogulako. Diskoari izena emoten deutson kantua, Unai Iturriagak idatzitakoa Ez dogu zor ezer horretan, besteak beste, Emakume polita zara aurpegiz, gorputz lodiegia... esaten da, gorputz normatiboetatik harago dagoan guztia goraipatzeko, genero bakotxari rolak ezartzen jakuz eta zergaitk onartu behar doguz holako baieztapenak, zergaitik ez doguz pausuak emoten jarrerak eta jokaerak aldatzeko, zergaitik ez gara ausartzen?
Erdu nire ondora be nabarmenduko neuke, Ene Bada taldearen bersinoa, izan be, asko gustetan jakun kantua da eta , Unai Iturriagari proponidu geuntsanean, baiezkoa emon euskun; gau zoro bat irudikatzen dauen abestia da.
4.- Tortolaraino izenburuko zuon lehen singleak feminismoaren aldarria dakar: Feminismoa uler dezaket, baina feminazi samar sumatu ohi zaitut...
Onintza Enbeitari ez geuntsan gairik emon eta muxikarrak bete-betean asmau dau guk gura genduana. Ezustea izan zan guretzako baina pozarren gagoz, ereserki izateko jaio da kantua.
5.- Ez dogu zor ezer kantua erabiliz bideoklipa be egin dozue, besteak beste, Ana goitia, Onintza Enbeita, Itziar Ituño, Andoni Ruiz, Inun, Julen Portillo, Markel Sainz eta Eleder Iglesias tarteko dirala. Erantzun bikaina izan dau kantuak...
Bai, oso ondo pasau genduan. Danok ezagutzen doguzanak egin dabe aktore lana eta guretzat ederra izan da, besteak beste, Francis Diez eta Itziar Ituñoren ahotsak entzutea.
Ganerakoan, diskoaren grabazinoa Aitor Ariñok egin dau eta bideoa Maria Redondoren ardurea izan da..
6.- Zeintzuk zarie taldekideak?
Bost taldekidetatik lau ibiliak gara Ene Bada taldean Edurtzeta Ania, abeslaria eta perkusinistea; David Vallejo bateria; Marcos Murillo gitarristea eta neu trikia eta abeslaria. Horreezaz gan, Berrizeko gure lagun bat, Peio Agirre bajistea be be badabi geugaz. Gure artean konplizidade handia dago, lagunak gara, urteetan alkarregaz ibilitakoak gara eta pozik gabiz.
7.- Produkzinoa eta diskoren grabazinoa be hurreko jenteagaz egitea aberasgarria izango zan...
Duda barik. Proiektuari ekin geuntsanean, gure planteamentua zan lagunartean gauza erraza baina aberatsa egitea eta, esangura horretan, Lorenzo Records eta Aitor Ariño beti egon dira prest gugaz lan egiteko eta eurekaz grabazinoa egitea plazer handia izan da.
Bideoari jagokonez, Maria Redondok zuzendu dau eta oso pozik gagoz emoitzeagaz.
8. Diskoaren azaleko logoa be deigarria da. Zuok egin dozue ala ikustratzaileren batek egina da?
Zortzi puntako izarra da, kolore deigarriak ditu eta Aritz Garciak egin deusku diseinua baina logoa Xabier Gorostiagak egin dau eta asko gustau jaku: Haize Arrosa tarteko gidoitxuagaz jarrita, brujulea edo itsasorratza da.
9.- Berrizen emon zenduan kontzertuaren ondoren, badozue kontzerturik berbatuta?
Bai. Abenduaren 9an, Durangoko Azokan, Ahotsenean izango gara arratsaldeko 15:30ean eta abenduaren 16an, Derioko Baserri Antzokian joko dogu.
Horrezaz gan, grabau bako kantu bat edo bi gordeta daukaguz eta leitekeana da udan bat eta neguan beste bat plazaratzea ez da idea txarra. Egon adi...
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!