G.A. Dick-en erakusketea ikusgai Enkarterri Museoan
2023-11-28 10:27 erakusketak2024ko zezeilera arte egongo da zabalik.
G.A. Dick injineru alemaniarrak ezustekoak emoten jarraitzen dau, baina kasu honetan, XIX. mendeko Euskal Herria ezeze, garai bereko Europa be ezagutzeko. Ingalaterratik ekarritako azken koadernuen azterketak Alemanian eta Suitzan marrazki ugari egin zituaka erakutsi dau eta, horreen artean, Getxoko Bizkaiko kostaldeko marrazki barriak agertu dira.
Ekarpen horreekaz 11 dira daborduko G.A. Dicken marrazki eta oharren koadernuak. Injineru alemaniarrak XIX. mendearen erdikaldean Bizkaiko Labe Garaiak bilakatuko ziranaren hazitzat hartu daiteken Nuestra Señora del Carmen-en egin eban behar. Dicken familiak oraintsu emondako koadernuek 1853tik 1868ra bitarteko denpora-tartea hartzen dabe, gitxi gorabehera, Euskal Herriari, Alemaniari, Suitzari, Herbehereei, Frantziari, Argentinari, Brasili, Estatu Batuei eta Birjina Ugarteei buruzko estanpak eta informazino barriak tarteko dirala.
Enkarterri Museoko teknikariek koadernu guztiak eskaneau eta atondu ditue eta daborduko ikertzaileek eta herritarrek webgunean konsultau leikiez.
Orain topautako marrazki asko paisajeak dira eta, euskal ingurumenagaz jazoten jakun lez, XIX. mendearen erdikaldeko Europako lekuen irudiak erakusten deuskuez, batzuk ezagutuezinak gaur egun. Euskadiri jagokonez, Bizkaiko kostaldeko marrazki barri bi topau dira, Getxokoak. Alemaniako urietako (Offenbach, Weisbaden, Rothenfels, Wertheim, Freudenberg) eta Suitzakoak (Berna, Zurich, Leman eta Konstanza lakuak, baita kantoi eta komuna ugari be) marrazkiak be nabarmentzen dira.
Irudien artean, herriak eta uriak, eleizak, torreak eta gazteluak dagoz baina, beharbada, informazino etnografiko gehien emoten dabenak dira interesgarrienak, horreen artean garai haretako Alemaniako ohiko etxola konikoen marrazkiak, haize-errotak, eguneroko bizitzako eszenak, XIX. mendeko industria-iraultzearen aurreko industria-inguruneak eta autoerretratuak dirala emoten dabenak.
Aldi baterako erakusketea
Enkarterri Museoak 2024ko zezeilera arte zabalik egongo dan George Alexander Dick. 1837-1903. Alemaniatik Barakaldora. Injineru alemaniar baten bidaia Euskal Herritik XIX. mendean erakusketea hartzen dau. Berton, injineru alemaniar gazteak, marrazkilari zaletuak, Euskal Herrian zehar egindako ibilaldietan bidaia-koadernu batean jasotako arkatzez egin zituan 29 marrazkiak nabarmentzen dira. Dicken familiak emon dauen aurkikuntzaren aparteko garrantzia, izan be, marrazki horreetan agertzen diran irudi eta eraikin gehienak ez ziran orain arte ezagutzen.
G.A. Dick injineru eta marrazkilaria izan zan eta Barakaldoko Nuestra Señora del Carmen lantegian egin eban lan 1862 eta 1866 artean. Aldi haretan, ikusten ebana bidaia-koadernutan irudikatu eban. Mende eta erdi geroago, Bilboko, Barakaldoko, Sestaoko, Portugaleteko, Santurtziko, Getxoko, Pasaiako, Tolosako, Hernaniko, Errenteriako eta Aiako txoko ezezagunak ikusten diran Euskal Herriko 29 irudi barri laga deutsoz bere familiak Enkarterri Museoari.
Erakusketa horretan erakusten dira marrazki horreek, Europan eta Amerikan egindako beste batzuez gan. Erakusketea, berak behar egin eban lantegiaren historiagaz osotzen da (Nuestra Señora del Carmen Barakaldon, Bizkaiko Labe Garaien jatorria), Bizkaiko lehen siderometalurgia fabrikea eta eskala handiko industrializazino-prozesuaren abiapuntutzat hartzen dana. Enkarterri Museoak, aldi berean, museoko bertako eta Industria Ondare eta Herri Laneko Alkarteko beharginek atondu daben izenburu bereko argitalpena argitaratu dau.
Marrazkien koadernuak Donibane Garazin bizi eta erakusketearen inaugurazinoan egon ziran Nicholas Brayk, G.A. Dicken birbilobeak eta Josette Acosta haren emazteak, emon zituen. Dicken beste birloba batengandik, Catherine Price-Moss-engandik, jaso zituan Brayk koadernuak, Ingalaterrako haren etxeko kamaran topau ostean, izan be, mende bat baino gehiago egon ziran ezkutuan.
Gaia sano garrantzitsua da, Dicken papeletan agertzen diran euskal irudiak ezezagunak ziralako. Gipuzkoan, Irun, Aia, Tolosa, Errenteria, Hernani eta Pasaiako bederatzi leku marraztu zituan. Eta Bizkaian, Dickek Itsasadarraren ertzak eta bokalea zelakoak ziran deskribiduten dau irudien bitartez, hogei bat marrazkiren bidez, agertoki honeek erakusten ditu:
- Deustuko etxebizitzea.
- Portugaleteko kaia.
- Eleiza, Portugaleteko uribildua eta Areeta haize-errotagaz.
- Santurtziko herria eta portua.
- Abandoko, Begoñako, Deustuko eta Bilboko ikuspegi orokorra.
- Barakaldoko erriberea.
- Itsasadarraren eta itsasoaren ikuspegia Pagasarritik.
- Areetako ikuspegia.
- Getxoko Andra Mari eleizea.
- Getxoko Andra Mari eleizako arkupea.
- Algorta eta Ereagako hondartzea.
- San Kristobal ugartea eta El Pontoneko errotea (Abusu).
- Arraiz gotorlekua (Abando).
- Islako San Jose komentua (Sestao).
- Nuestra Señora del Carmen lantegia (Barakaldo) eta Islako San Jose komentua (Sestao).
- Nuestra Señora del Carmen lantegia (Barakaldo).
- Islako San Jose komentuaren hegala (Sestao).
- Nuestra Señora del Carmen lantegiko sarrerea (Barakaldo).
- Islako San Jose komentua (Sestao) Erandiotik.
- Punta Begoña eta Abra.
Marrazki horreek guztiak argitarau bakoak dira eta batzuk ezagutu ez edo oso gitxi ezagutzen ziran irudiak erakusten ditue, Nuestra Señora del Carmen lantegia (Barakaldo) edo Galindo ibaiaren bokalea, Islako San Jose komentua edo Getxoko hainbat ikuspegi, adibidez Esazerrota lez ezagutzen dan haize-errotearen inguruan gaur egun ezagutzen dan marrazki bakarra.
Bizkaiko Industria
G.A. Dickek lan egin eban enpresetan ataratako ohar teknikoz be bete zituan koadernuak. Haren marrazkiek XIX. mendearen erdialdeko industriaren bilakaerea eta sasoi haretako Bizkaiko garapenean industriak izan eban eregina ulertzen laguntzen dabe. Hori dala eta, erakusketeak, Dicken kontakizun piktorikoaren bitartez Bizkaiko industrializazino prozesua lantzeko atal bat jasoten dau.
Erakusketearen beste atal bat alemaniar injineru gazte horren bizitzea aztertzen saiatzen da. Nuestra Señora del Carmen lantegitik (Barakaldo) burdina eta haltzairua produziduteko teknikak modernizetako laborategiko buru lez igaro ostean, Dick Ingalaterran finkatu eta bertan enpresa bi sortu zituan. Horreetako bategaz aberastu egin zan, mundu-mailan ospea emon eutsan eta aberastu eban materiala, Delta izenekoa, asmau ebalako. Bizkaian metal barri hori produziduteko lantegiak eregi ziran.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!