Kapitanena baserriaren proiektu barria aurkeztu dabe
2023-11-28 08:24 Pil-pileanDurangoko Udalaren egoera ekonomikora hobeto egokituta.
Durangoko gobernu taldeak Kapitanena baserriaren proiektua ez geldiarazoteko eta blokeetako asmoa nabarmendu dau. Kontua da egungo egoerea aztertzea San Faustoko bizilagunakaz batera, planteamendu barri bategaz, espazio moldakorragoa eta irisgarriagoa izateko, inbersino eta mantentze-gastu txikiagoakaz, Udalaren egungo egoera ekonomikora egokituz.
Jesica Ruiz alkateordeak adierazo dauenez, Gobernu talde honek hartu-emon estuak eta komunikazino erraza izan nahi dau auzo-alkarte guztiakaz eta San Fausto Alkartearen kasuan, aldi biakaz batu gara. Lehenengoa garagarrilaren 20an eta bigarrena zemendiaren 8an, eta zemendiaren 30ean beste bilera bat egitea aurreikusita dago.
Bilera horreetan adierazo eutsien une horretan ez dala aurreikusten epe laburrean Kapitanenako Gizarte Etxearen proiektua gauzatzea, planteau zan bezela, eta planteamendu barri bat bilatzeko alkarregaz lan egitea proponidu eutsien. Zehatz adierazo genduan zeintzuk ziran erabagiaren arrazoiak. Horreetako bat da udalaren egoera ekonomikoa sano gatxa dala gaur egun. 2019ko bagilaren 30ean gerakinari buruzko datu zehatzik ez dogun arren, badakigu 5,7M € (2018ko likidazinoa) eta 8,4M € (2019ko likidazinoa) artekoa zala. 2023an topau dogun errealidade ekonomikoa guztiz ezbardina da, izan be, bagilaren 30ean 404.391,07 €-ko soberakina egoan eta horrek geure erabagietan oso zuhurrak izatera behartzen gaitu. Horrezaz gan, heldu bezain pronto, 229.132,67 euroko kreditu-aldaketea onartu behar izan genduan Santa Maria eleizpeko obrak amaitu ahal izateko, aurreikusi bako patologia barriak topau baitziran adierazo dau Jesica Ruizek.
Halanda be, diseinautako proiektuak inbersino handia eskatzen dau sortuko dan espazio erabilgarrirako (177 m2 erabilgarri/1 miloe euro = 5.649 €/ m2) eta mantentze-gastu handiak, batez be, altuera biko eraikina danez igogailua behar dauelako personen irisgarritasuna bermatzeko, matxuraren bat dagoan bakotxean horrek dakarren arazoakaz, ganera, beharrezkotzat joten dogu aurreko taldeak auzo guztietan gizarte-etxeak gaitzeko planteamendua arretaz aztertzea, bideragarritasun-azterketarik eta kudeaketa-planik egin barik martxan jartea erabagi baitzen. Momentuz, Otamotzena edegi da pilotu gisa eta zelan funzionetan dauen ikusiko da. Halanda ze, lehen arazoak identifiketan dabiz, izan be, alkarteak adierazo dau lokala txikia dala eta tabernea ahalik eta arinen lizitau behar dabela, erantzukizun handia baita lokala egunero edegitea, arretea emotea eta zarratzea.
Egoera horren aurrean, gobernu-taldeak nabarmendu dau beharrezkoa dala Kapitanenako gizarte-etxearen proiektua birplanteau eta barriro planifiketea, izan be, preminazkoagotzat joten ditu Durangon interes orokorreko beste jarduera batzuk, udal-inbersino handiak behar dituenak, besteak beste:
- Edadekoentzako zentroa.
- Alokairuko etxebizitza babestuak eskura jartea.
- Tabirako aldagela barriak.
- Kaleak eta espaloiak berrurbanizetea eta hobetzea, besteak beste, Antso Estegiz, Zirarmendieta, Tabirabide eta Iurretatik Durangorako sarbideak.
- Trenbide-trazadurea berreskuratzea.
- Umeentzako parkeak estaltzea.
- Inbersinoak egin behar dira udal eraikinetan, esaterako, kiroldegian, San Agustinen, Merkatu plazan eta Garai jauregian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!