Abenduaren 2an, jokatuko da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala

Bizkaie! 2023-11-27 08:40   Bertsolaritzea

Nafarroako Bertsozale Elkarteak Iruñeko Udalaren babesa izan dau saioaren antolakuntzan.

Zortzi finalistak. | Ikusi handiago | Argazki originala



Abenduaren 2an, zapatuan, jokatuko da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, 17:00etan hasiko da, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Iruñeko Udalaren babesa izan dau saioaren antolakuntzan eta horixe eskertu nahi deutso.

Finalisten artean, bi dira lehen aldiz final batean parte hartuko dabenak, Saats Karasatorre eta Sarai Robles. Gainerakoak, finalean ibilitakoak dira: Julio Sotok hamaikagarren finala dau, Eneko Lazkozek zortzigarrena, hirugarrena Joanes eta Xabat Illarregik eta bigarrena Josu Sanjurjok eta Saioa Alkaizak.

Finalisten artean badira txapeldun izandakoak be: Saioa Alkaiza da egungo txapelduna, orain urte bi, Anaitasunan bertan, irabazita. Julio Sotok, barriz, bost txapel ditu irabazita (2010, 2011, 2015, 2017 eta 2019an). Finalak, beraz, bistan da, era guztietako ibilbideak eta kantaerak batuko ditu oholtza berean.

Atal bi izango ditu finalak. Lehen atala zortzi bertsolariek jokatuko dabe. Bigarren atalera, barriz, lehen atalean puntuazinorik altuena lortzen dabenak pasauko dira eta eurek jokatuko dabe buruz burukoa. Atal biak batuta puntuazinorik altuena lortzen dauen bertsolariak jantziko dau txapela. Hurrengo zortzi bertsolariak izango dira finalean: Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjuro Altzuri, Julio Soto Ezkurdia, Saats Karasatorre Martinez, Sarai Robles Vitas eta Xabat Illarregi Marzol.

Gai-jartzaileak

  •  Ainhoa Larretxea Agirre.
  •  Ander Aranburu Arriola.

Epaileak

  • Aimar Sagastibeltza Caballero.
  • Amaia Telletxea Larretxea.
  • Joseba Beltza Bengoetxea.
  • Mikel Beaumont Arizaleta.
  • Nerea Bruño Artazkoz.
  • Saioa Mitxelena Irazoki.

Kontuak kontu, helmugara heldu da urriaren 7an Iruritan hasitako txapelketea: Baztanen hasi eta handik Vianara, Uhartera, Leitzara, Altsasura, Agoitzera eta Lesakara abiatu ondotik, Iruñean da txapelketea, 17:00etan, Anaitasunan da finala. Azken geltokia izango da abenduaren 2koa.

Nafarroako eskualde uigari zeharkatu ditu txapelketeak, bertsogintzea hona eta hara zabalduz eta haregaz batera, euskerea bera eta euskerazko kultur sorkuntzea herrialdean zabalduz. Bide horretan, 1.700 lagun baino gehiagok egin dabe momentuz bat txapelketeagaz. Horreei gehitu beharko jakez finalerako espero ditugun entzuleak, 2.000 baino gehiago izango diranak.

Aurtengo zortzi finalistak bertsolaritzearen transmisinoan eten barik egindako lanaren emoitzea da, katea ez da eten.

Gure lurraldeko hainbat eskualde be ordezkatzen ditue zortzi bertsolariek. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta, oro har, bertsolaritzearen mobimentuak lan handia egin dau
azken hamarkadetan bertsolaritzea Nafarroan zabaltzeko.

Parekidetasunetik urrun bagagoz be, azpimarratzekoa da aurtengo finalean, ia hamarkada bi aurrerago, emakume bi izango dirala oholtza gainean. Hau izango da, dudarik gabe, hurrengo urteetako erronka nagusietako bat, txapelketako parte-hartzaileen arteko genero arrakalea bultzatzen daben arrazoiak identifikau eta horreei konponbidea emoteko.

Txapelkete auzolan eta lankidetzearen eredu izan da eta esangura horretan, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eskertu besterik ezin dau lan handia egin daben guztien laguntzea: Bertsolariak, epaileak, gai-jartzaileak, udal eta komunikabide laguntzaileak eta, saioz saio laguntzen izan diran hamarnaka bolondres.

Txapel jartzailea

Alaitz Rekondo Ferrero (Lesaka, 1980) izango da 2023ko txapeldunari txapela jarteaz arduratuko dana. Oraindino martxan dan ibilbide oparo bat egina dau Rekondok Nafarroako bertsolaritzearen mobimentuan. Aurten, hamabi urteren ondoren, Nafarroako Bertsozale Elkarteko buruak kargua itxi eta momentu hori erabili nahi izan dau alkarteak orain arteko ekarpenari omenaldia egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu