Gizartean onartuta dagozan egoera batzuk be indarkeria matxista dira

Bizkaie! 2023-11-24 09:40   Kulturea

2004tik gaur arte Bizkaian indarkeria matxistearen ondorioz 70 hilketa edo hilketa saiakera izan dira.

Teresa Laespada, Elixabete Etxanobe eta Sonia Pérez | Ikusi handiago | Argazki originala

2023ko lehen seihilekoan biktimizazinoen multzoa igazko aldi berean baino % 12,6 handiagoa izan da. Mueten arabera bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria % 12,8 igon da, familia barrukoa % 4,3 eta sexuala % 28,9. Aurkezpen ekitaldian Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko foru diputaduak, Teresa Laespadak eta Garraioak, Mobikortasuna eta Turismoa Sustatzeko foru diputaduak, Sonia Pérezek, parte hartu dabe.

Bizkaiko Foru Aldundiak zemendiaren 25erako, Emakumeakanako Indarkeriaren Kontrako Nazinoarteko Eguna, martxan jarri dauen kanpaiena aurkeztu dau. Kanpaina honetan, Hau be indarkeria matxistea da goiburuari eutsiz, itxuraz inportantzia gitxiago edo zigor sozial txikiagoa eragiten daben baina emakumeen kontrako erasoa diran egoerak zehaztu ditue.

Ahaldun nagusiak adierazo dauenez, emakume eta gizon guztiei, nerabeei eta umeei zuzendutako kanpainea da, jokabide jakin batzuk indarkeria matxistea be badirala esateko. Portaera horreetatik ezin da hartu-emon osasuntsurik eregi eta hori sano garrantzitsua da gazteenentzat eta gizarte hau parekoak diran eta bildurrik ez daben emakume eta gizonez osotuta egotea lortzeko, gaineratu dau Etxanobek.

Teresa Laespadak gogorarazo dauenez, kanpaina honen oinarria gizarte osoarentzat indarkeria matxistea egiturazkoa dala azpimarratzea da eta maila ekonomiko, kultural eta geografiko guztiei eragiten deutsela. Desbardintasunetik abiatuta, estereotipoak eta aurreretxiakk onartuz, iruzkin, irain edo jazarpenen bidez mailakatzen da, eraso psikologiko eta fisikoetara helduz eta, kasurik muturrekoenetan, hilketara. Ez dira berez jazoten diran gauzak eta ez dira garrantziarik bako gauzak. Indarkeria matxistea da eta holan salatzen dogu kanpaina honegaz, azpimarratu dau.

2004. urtetik gaur arte Bizkaian indarkeria matxistearen ondorioz 70 hilketa edo hilketa saiakera izan dira eta emakumeen kontrako maila ezbardineko ia 50.000 eraso erregistrau dira. Emakumeen askatasunaren edo eskubideen kontrako ekintzak izan dira, poliziek erregistrau dituenak. Biktimizazinoen izen teknikoa jasoten dabe.

Bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria-kasuetako biktimizazinoak 1.237 izan ziran iaz Bizkaian. Familia barruan 568 ekintza izan ziran. Eta sexu-indarkeria kasuetako biktimizazinoak 274 izan ziren.

Aitamen berezia merezidu dau sexu-indarkeriak. Igaz, sexu-indarkeriagaitiko biktimizazinoak 274 izan ziren eta 2012an, barriz, 100 baino ez. Urte honen amaierarako % 28 handitzeko bidean dagoz eta horrek esan nahi dau hamarkada batean sexu-indarkeriagaitiko biktimizazinoak hirukoiztu egingo dirala.

Datu horreek guztiak Bizkaiko Indarkeria Matxistearen Behatokiaren webgunean eta Bizkaiko Hilketen Mapan konsultau daitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu