Bizkaiak aurrerapausuak emoten jarraitzen dau kirolean euskerearen erabilerea normalizetako

Bizkaie! 2023-11-22 10:43   Euskerea berbagai

BFAk besokoen bidezko identifikazino-sistema barritzailea sortu dau.

Denporaldi honetan, lehenengo esperientzia egingo da kirol-modalidade honeetan: Saskibaloian, eskubaloian, futbolean, arku-tiroan, pelotan, herri kiroletan, surfean eta errugbian. Esangura horretan, 30.000 neska-mutikori (Eskola Kirolean izena emondako pertsonen % 81) aukerea emongo jake arbitroei be euskeraz berba egiteko.

Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko kirol-arloan euskerearen erabilera sustatzen jarraitzen dau eta BIKEE (Bizkaian Kirola Be Euskeraz) programearen barruko ekimen bat aurkeztu dau, kirolariek arbitroakaz euskeraz berba egiteko aukerea izan deien.

Lurraldeko kirol-sisteman euskerearen presentzia handitzeko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiak euskeraz berba egiten daben eta euskerea ulertzen daben arbitroak identifiketako sistema bat ezarri dau eta borondatezkoa izango da.

Kontuak kontu, Foru Erakundeak mueta biko besokoak zabalduko ditu ekimenari atxiki jakozan federazinoetan. Besoko gorria euskera ulertzeko eta euskeraz erantzuteko kapaz diranentzat da. Bestalde, euskerea ulertzen daben baina euskeraz erantzuteko zailtasunak dituen arbitroek besoko berdea eroan ahal izango dabe. Holan, kirolariek euskeraz berba egin ahal izango deutsee eta arbitroek euskeraz edo gaztelaniaz erantzun ahal izango deutsee.

Ekimen aitzindari honek Bizkaiko Foru Aldundiak kirolaren alderdi guztietan euskerea txertatzeko konpromisoa islatzen dau eta euskerazko komunikazino zuzena eta eraginkorra sustatzen dau kirolarien eta arbitroen artean.

BIKEE (Kirolean euskerea bultzatuz)

BIKEE programearen asmoa da euskerearen erabilera soziala sustatzea txikitatik eta praktika hori kirolaren prestakuntza-etapa guztietara zabaltzea. Urrats honek indartu egiten dau BIKEE-k kirol-arloko eragile guztiak (federazinoak zein arbitroak) euskararen erabilerearen normalizazinoan inpliketako dauen konpromisoa.

BIKEE 2017ko martian hasi zan eta Bizkaiko Foru Aldundiak, ASFEDEBI-k eta kirol-federazinoek alkarregaz egindako ahaleginaren ondorioz sortu zan, lurraldeko kirol-modalidade guztietan euskerearen erabilerea normalizetako.

Lehenengo fasean, proiektua Bizkaiko kirol federazinoetan euskerearen erabilerea sustatzeko bideratu zan. Aldundiak, ASFEDEBIgaz eta Bizkaiko kirol-federazinoakaz batera, diagnostiko zehatza egin eban hainbat kirol-modalidadetan euskerearen presentzia aztertzeko eta, horri esker, kirol bakotxari egokitutako sustapen-neurriak adostu ziran.

Bigarren fasean, BIKEE-k Bizkaiko kirolean dabizen gainerako eragileak inpliketea eta bere eragin-eremua Bizkaia osora zabaltzea proponidu eban, federazinoetatik harago. Fase horretan barruan besoko identifikatzaileak erabilteko proposamena dago.

Programea sortu zanetik, Foru Erakundea lankidetzan dabil proiektu honegaz borondatez bat egin nahi izan daben Bizkaiko federazino guztiakaz. Gaur egun, Bizkaiko 39 kirol-federazinok (Bizkaian dagozan 44 federazinoetatik) parte hartzen dabe BIKEE proiektuaren ekimenetako batean eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera lan egiten dute.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu