'Artetik: From the Art' ekimenaren online bersinoa estreinau dabe

Bizkaie! 2023-11-22 10:29   Kulturea

Guggenheim Bilbao Museoa eta Google Arts & Culture erakundeen alkarlanean.

Guggenheim Bilbao Museoak eta Google Arts & Culturek artearen eta emozinoen inguruko Artetik: From the Art instalazino digital arrakastatsuaren online bersinoa jarri dabe martxan. Iaz aurkeztu ebenetik, 230.000 persona baino gehiagok parte hartu dabe ekimenaren instalazino fisikoan. Esperientzia barriari esker, Artetik proiektuak eraikinaren muga fisikoak gaindituko ditu, publiko globalak munduko edozein lekutik izan deian Museoaren Bildumako artelanak arakatzeko aukerea bisitariek artelan horiei esleitutako emozinoen bitartez.

Artea eta emozinoak lotuko zituan esperientzia digital barritzaile bat eskaintzea helburu, honako proiektu aitzindari hau Google Arts & Culture etxeak sortu eban Guggenheim Bilbao Museoagaz lankidetzan, azken horren 25. urteurrena zala eta. Hala, lehenengo urte horretan Artetik instalazinoaren bersino presentziala erabili duten bisitariek egindako ekarpenak sentipenen grafiko kolektibo bat betez joan dira, eta hari esker jakin ahal izan dogu Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanek pizten dituen emozinoen artean ondoko hauek nagusitzen dirala: Lilura, jakin-mina, dibersinoa eta poza.

Ekimenaren abiapuntua Kaliforniako Unibersidadeko (Berkeley) zientzialariek egindako ikerketa bat da. Berton, artelanek denporaren joanean iradokitzen dituan emozinoak hartu ebezen aztergai. Ondoren, Google Arts & Culture eta Guggenheim Bilbao Museoa alkarlanean aritu ziran Museoaren Bilduman aplikatzeko. Barriro be, lankidetzaren bidez esperientzia hori online eremura zabaltzeak indartu egiten dau erakunde bien konpromisoa.

Sei urte lankidetzan

Publikoak interneten duen esperientzia aberasteko eta teknologiaren bidez audientzia handiagoarengana ailegatzeko helburuz, Guggenheim Bilbao Museoak eta Google Arts & Culturek lankidetzan jarduteko bideari ekin eutsen 2017. urtean.

Halanda ze, Google Arts & Culture plataformaren barruan, Museoak badu site bat bildumako artelanen hautaketa baten bereizmen handiko lanak, erreportaje digitalak eta ibilbide birtualak batzen dituana. Helburua da, munduko artezaleek eta erabiltzaileek klik bakar batez sartu ahal izatea bildumara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu