'UPV/EHU inportantzia handiko eragilea da euskerearen aurrerapen sozial eta akademikoan'
2023-11-21 09:21 Euskerea berbagaiEuskal unibersidade publikoak 130.000 profesional trebatu ditu euskeraz.
Gradu guztiak euskeraz emoten ditu gaur egun, irakasleen heren bi elebidunak dira eta 1.000 argitalpen zientifiko baino gehiago kaleratu ditu hizkuntza horretan: Euskal Herriko Unibersidadea inportantzia handiko eragilea da euskerearen azken hamarkadetan izan dauen aurrerapen sozial eta akademikoan. UPV/EHU barik, ezin izango litzateke azaldu euskerearen garapena hizkuntza zientifiko bezela, ezta euskerearen zabalkundea ondoko eremuetan, besteak beste, hezkuntzea, osasuna, ekonomia, zuzenbidea eta kazetariteza. Horreek dira Euskal Herriko Unibersidadeko errektore Eva Ferreirak esan dituanak. Gure unibersidadeak euskerearen aurrean konpromiso sendoa hartu eban bere sorreratik –adierazo dau– eta konpromiso horrek emoitza onak ekarri ditu; orain ezagutzearen mugan dabil, hizkuntza teknologiaren sarea sendotuz, euskerearen presentzia areagotzeko eremu digitalean eta hizkuntzearen erabilerea ikertuz adimen artifiziala lako eremu barritzaileetan.
Prentsaurrekoa Euskerearen Nazinoarteko Egunaren hurrengo ospakizunaren barruan egin da eta errektoreagaz batera egon dira Euskera, Kultura eta Nazinoartekotzearen arloko errektoreorde Junkal Gutiérrez eta Itziar Laka, Euskerea Sustatzeko zuzendaria, euskal unibersidade publikoan euskereak izandako garapenari buruzko informazinoa emoteko, arreta berezia eskainiz azken urteotako aurrerapenei.
Aurkezpenak lau atal izan ditu, hau da, euskerearen bilakaera graduko eta graduondoko ikasketetan; unibersidadeko langileen euskalduntzea; argitalpenen eta material didaktikoaren produkzinoa; eta euskerearen erabilerearen sustapena unibersidateko bizitza sozialean.
Lehenengo atalean, Euskal Herriko Unibersidadeko arduradunek aurrerapen esanguratsuen barri emon dabe. Orain hamarkada bat, Boloniako prozesua martxan jarri zanean, ECTS kredituen % 75 emoten ziran euskeraz; gaur egun, % 95. Nabarmentzekoa da 2023/2024 ikasturtean graduko ikasleen % 54 matrikulau dirala euskeraz. Gaur egun, gradu amaierako lanen % 41 euskeraz egiten dira. Orain dala hamarkada bat % 34. Graduondoko ikasketei jagokenez, 2013. urtean kredituen % 18 emoten ziran euskeraz eta orain, 2023. urtean, % 25. Ikasleen % 23 matrikuletan dira euskeraz graduondoko ikasketetan eta orain dala hamar urte master amaierako lanen % 13 egiten baziran euskeraz, gaur egun % 29ra heldu gara. Egun, euskeraz egiten diran tesi guztien % 90 UPV/EHUn egiten dira eta, kontuan hartu ezkero Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diranak, zenbaki hori % 93ra igoten da. Gainera, nabarmentzekoa da Euskal Herriko Unibersidadean euskeraz egiten diran tesien erdiak baino gehiagok nazinoarteko aitamena dabela.
Langileen euskalduntzeari buruzko atalean be zenbakiak esanguratsuak dira: 2010. urtean irakasle eta ikertzaileen plazen % 45 ziran elebidunak eta 2023. urtean % 66 dira. Teknikarien eta kudeaketako eta administrazino eta zerbitzuetako langileen kasuan be aurrerapena handia izan da: 2010. urtean langileen % 29 ziran elebidunak eta 2022. urtean, barriz, % 42. Aurkezpenean, unibersidadeko arduradunek urte honeetan zehar erakundeko kolektiboentzat atondutako prestakuntza programen barri emon dabe.
Argitalpenen eta material didaktikoen produkzinoaren atalaren barruan, Euskal Herriko Unibersidadeak arlo horretan egin dauen ahalegin handiaren barri emon da. Ahalegin horrek, zifra absolutuez gan, gogoeta berezia merezidu dau, izan be, euskal unibersidade publikoak argitalpen zientifiko eta material didaktiko asko kaleratzen dau eta hori unibersidadean bertan erabilteaz gan, hezkuntzako beste maila batzuetan, beste unibersidade batzuetan eta erakunde akademikoetan be erabilten da. Euskal Herriko Unibersidadea da euskerazko argitalpen akademiko gehien egin eta argitaratzen dituan eragilea gaur egun. Esate baterako, 2022. urtean argitalpenak mila baino gehiago ziran (1.048).
Beste atal garrantzitsu bat artikulu zientifikoena da; gaur egun 2.203 dira euskeraz argitaratutako artikulu zientifikoak, Euskal Herriko Unibersidadean egindako ikerketen emoitza diranak. Euskerazko argitalpenen corpusa mueta askotako hiztegiakaz osotzen da, besteak beste, Egungo Euskerearen Hiztegia lako lan enblematikoak zein erizaintzeagaz, sexologiagaz edo zuzenbideagaz lotutako hiztegi tematikoak.
Azkenik, unibersidadeko bizitza sozialean euskerearen erabilerea sustatzeko atalaren barruan, Aktibatu eta antzeko programen garapenaren barri emon da, bai eta Unikoak edo Euskal Game Jam lako deialdiei lotutako ekintzen barri be, urtero egiten diranak euskerearen erabilerea bultzatzeko asmoz. Atal honetan beste ekintza garrantzitsu bat Bikain agiria da: Bikain ziurtagiriak euskerearen presentzia, erabilerea eta kudeaketea egiaztatzen ditu eta Euskalitek kudeatzen dau. Hasiera batean, enpresa munduari zuzenduta egoan baina 2015ean administrazino publikora zabaldu zan. Ordutik, UPV/EHUk urtero hartu dau parte deialdian eta gaur egun euskal unibersidade publikoko zortzi fakultade eta eskolek dabe egiaztagiri hori. Atal honetan aitatzekoak dira euskal hizkuntzeari eta kultureari lotutako unibersidade katedrak sortzea (Jose Migel Barandiaran eta Gabriel Aresti katedrak), baita Kultura Zientifikoko Katedrak egiten dauen dibulgazino lan handia be, 3.620 artikulu eta 238 bideo zientifiko euskeraz argitaratuta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!